Jauzika, historian sartu da

Jonah Lomuren errekorra berdinduta, Munduko Kopako entsegugile onenen historian sartu da Bryan Habana hegoafrikarra; gaur atzean utz dezake Lomu.

Bryan Habana, Hegoafrikako jokalaria, jokoan den Munduko Kopan entsegu bat sartzear, Samoaren aurkako partidan. DAVID JONES / EFE.
Eneritz Zabaleta.
2015eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Hegoafrika eta AEB-en arteko partidan gertatu zen. 61. minutuan. Bryan Habana aitzinekoen tartean sartu zen, dortokarena egiten ari zirenean. Baloia bertatik atera, eta Hegoafrikako hegalekoak entsegua sartu beste lanik ez zuen izan. Bi selekzioen arteko borroka horretan beste entsegu bat bakarrik izan zen. Hegoafrikak sekulako astindua eman zion AEBetako selekzioari (64-0) eta ordurako partida erabakita zegoen. Baina, entsegu horrek Bryan Habana Munduko Koparen eta errugbiaren historian sartu zuen.

Benonin sortutako hegalekoa Munduko Kopako entsegugile onena da ordutik, Jonah Lomu Zeelanda Berriko jokalari puskarekin berdinduta. Bi jokalariek 15na entsegu sartu dituzte haien ibilbidean. Datu esanguratsua da hori, orain arte Habana egiten ari den Munduko Kopa bikainaren adierazle. AEBen aurka sartutako hirurekin, bost entsegu sartu ditu, dagoeneko, aurtengo edizioan. Hura da aurtengo entsegugile onena, Julian Savea Zeelanda Berrikoarekin berdinduta. Gaur Galesen aurka ariko da Hegoafrika, eta Lomu gibelean uzteko parada izanen du Habanak.

Springboks-en jokalariarentzat sari ederra izan da Lomuren marka berdintzea. Munduko Koparen hasieran aitortu zuen marka hori «buruan» zuela, baina umil mintzatu da behin errugbiko ikurraren mailara iritsi denean: «Sekulakoa da Lomu berdintzea. Kirol hau goitik behera aldatu zuen. Beste dimentsio batera igo zuen errugbia. Niretzat ametsa da haren ondoan egotea».

Lomu baino apalago ikusten du bere burua: «Zenbakietan berdinduta gaude, baina Lomu historiako errugbilari onena izango da betirako. Ezin da egin alderaketarik». Zenbakiak aintzat hartuta, egia da ez zela makala izan Lomuk lortu zuena. Habanak hiru edizio behar izan ditu hamabost entsegu sartzeko. Lomuk, berriz, bi Munduko Kopa jokatuta lortu zuen marka hori. 1995ean, zortzi sartu zituen, eta 1999an beste zazpi.

Tartean, askoren gogoan iltzatuta gelditu diren batzuk: 1995ean Mike Catt ingelesaren gainetik pasa zenekoa; edo 1999an Frantziako talde erdia atzean utzi zuenekoa. Habanaren kasuan, Lomuren marketako bat berdindu zuen 2007an, zortzi entsegu sartuta; 2011an bi entsegu sartu zituen; eta jokoan den Munduko Kopan bosgarrena sartu zuen AEBen aurka.

Baina, ez litzateke bidezkoa Habanak errugbiari eskaini diona marka horretara mugatzea. Hegoafrikarra da gaur egungo izar nagusia, Richie Mc Caw eta Daniel Carterrekin batera. 32 urterekin, 113 aldiz jantzi du Springboks-en elastikoa. Victor Matfield bigarren lerroaren atzetik, hura da Hegoafrikaren historian selekzioarekin partida gehien jokatu duen jokalaria. Entseguei dagokienez, 61 sartu ditu; Hegoafrikako entsegugile onena da. Atzetik dauka Joost Van der Westhuizen uztartze erdi ohia, 38 entsegurekin.

Selekzioaren buru argia

Munduko Kopa honetan Habanaren talentua izanen da hegoafrikarren helduleku nagusia. Hala baieztatu du Heyneke Meyer hautatzaileak: «Selekzioaren buru naizenetik, partida onak jokatu izan ditu beti. Partida handietan, gainera, bere maila igotzeko gaitasuna dauka. Ezinbestekoa izanen da bere laguntza munduko txapeldun izan nahi badugu». Bide horri heldu nahiko diote, gaur ere, Galesen aurka. Japoniaren aurkako porrota gibelean utzita, aitzina begira jarri nahi dute hegoafrikarrek, hegaleko izarrari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.