Albistea entzun

Politikatik arteari begira

UEUk eta Jakinek Baionan antolatu duten ikastaldian, Hedoi Etxarte idazleak adierazi du politikari zentraltasuna eman behar zaiola arteak garrantzia izan dezan
Hogei bat pertsona batu ziren Baionako Zizpa gaztetxean Hedoi Etxarte entzuteko.
Hogei bat pertsona batu ziren Baionako Zizpa gaztetxean Hedoi Etxarte entzuteko. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2016ko uztailak 7

Eta euskal kultura autodeterminatuko balitz? Galdera hori egin dute UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Jakin aldizkariak Baionan elkarlanean antolatu duten ikastaroan. Atzo eta gaur, Euskal Herri osoko kulturgintzako adituak eta eragileak arituko dira, kultur politika beregaina egitearen beharraz gogoetatzeko. Hala egin zuen atzo goizean Hedoi Etxarte idazleak. Kultura politikaren aurretik jarriko bagenu? deitzekoa zen bere hitzaldia, baina, azkenean, nahiago izan zuen Bi gogoeta politikatik arteari buruz izendatu. Bi ideia nagusi jorratu zituen: politikak zentraltasuna hartzen duenean artearen inguruan eztabaidak egiteko espazioak ireki daitezkeela eta artearen eta politikaren artekoa aspaldiko bataila dela.

Karl Schlogel historialari alemanak 1937an Moskun izandako gertakizunekin osatu liburua hartu zuen oinarri Etxartek. Urte horren hasieran, jazza estatu eztabaida bat bilakatu zen Sobietar Batasunean. Artikulu andana argitaratu zen, jendeak bere iritzia emanez: kulturako funtzionarioek, alderdiko kideek, Stalinek... Eta funtsezko galdera zen: posible da jazz proletario bat, ala genero burges dekadente bat da? Etxarteren arabera, gaur egun Euskal Herrian ezin liteke imajina eztabaida analogorik eragile artistiko, instituzioetako kultura funtzionario eta alderdietako kideekin. «Hemen kulturaz hitz egiten dugunean, ekonomiaz hitz egiten dugu. Hitz egiten dugu musikaren eta poemen lizentziez, hitz egiten dugu kultur proiektuen aurrekontuez. Edo, asko jota, zeri buruz hitz egiten duten —modu burgesenean, gainera—, baina ez dugu arteari buruz hitz egiten».

Kapitalismo erreala eta sozialismo erreala kontrajarri zituen: «Kapitalismoak ekonomia jartzen du zentroan, eta horren gainean antolatzen du mundua; sozialismoak politika jartzen du zentroan, eta horren bidez erabakitzen du mundua nola antolatuko den». Etxarteren arabera, Sobietar Batasunean arteari zinezko garrantzia eman zioten. «Sobietarrek estatu oso bat jarri zuten martxan, kanalak eraikitzeko, eskolak eraikitzeko,Alexandr Puxkin poetaren heriotzaren mendeurrena ospatzeko eta abar. Tsarren garaitik SESBera, herrialde analfabeto izatetik herrialde kultua izatera pasatu zen Errusia». Etxarteren arabera, politikaren zentraltasunak arteari buruzko eztabaida irekitzea permititzen du, artea gauza inportante bilakatzen du, eta aukera ematen dio arteari arteari buruz hitz egiteko.

Boris Groysen Stalin, erabateko arte obra liburua aipatuz jarraitu zuen. 1920ko hamarkadan abangoardia artistikoa SESBn lekua galduz joan zela aztertzen du, eta ordura arte boltxebikeekin etsaikorrak ziren zenbait zirkulu intelektual harreman hobeak izaten hasi zirela: «Garai hartan, ekonomia politiko berria jarri zen, merkatua zabaldu zen, eta merkatu horrek are gehiago ahuldu zituen abangoardia artistikoaren hipotesiak. Ekonomia politiko berria bukatu zen, eta estatuak hartu zuen artea zer zen eta arteari zer eskatu behar zitzaion erabakitzeko eskumena eta iniziatiba». Etxartek gogoratu zuen Vladimir Maiakovskik zera erraten zuela bere poemetan: nahi zuela gobernuak eztabaida zitzan bere poemak, langileen produkzioa eztabaidatzen zuen termino berekin, eta nahi zuela pareka zezatela luma eta baioneta. Baina artearen plan horiek ez zituzten artistek kudeatu, zuzenean Estatutik eta alderditik kudeatu ziren. «Bi konklusio nagusi daude: artisten umekeria, kezkatuagoak egon zirelako haien arteko fratrizidioan pentsatu beharrean zer zen benetan gizarte berri horrek behar zuena. Bestalde, artearen eta politikaren artean egon zen bataila horrek erakusten du, azkenean, artistek eta politikariek botere eremu berean lan egiten zutela».

Politikarekin talka

Artearen eta politikaren arteko talka aspaldikoa zela baieztatu zuen Etxartek, Hannah Arendten bi testu aipatuz. Kulturaren eta kapitalismo parlamentarioaren artean oposizio bat gertatzen dela dio Arendtek. «Bere arabera, demokrazia kulturaren kontra dago, demokraziak —ezagutzen dugun forma horretan— artea banalizatzen du; beraz, kultura bakarrik da posible aristokratikoki funtzionatzen duen gizarte batean», esplikatu zuen Etxartek.

«Kulturak momentu horretan bizi duen ezinegona, historikoki nahiko berria dela dio, eta zerikusia duela denbora guztian sozializatzen ari garen gizarte batekin. Arendten arabera, artista exijentzia politikoekiko ezjakina da, eta, politikaren eta kulturaren artean gertatzen den gatazka horretan, beti kulturaren alde posizionatuko da. Politikaria, ordea, ekoizpen kulturalen beharren ezjakina da, eta politikaren alde egingo du, edo, bestela errateko, kultur politiken alde egingo du».

Arendten arabera, politikatik zuzenean kultura kudeatzean kultura suntsitzen dela esplikatu zuen Etxartek. «Erromatarrek oso modu irmoan konpondu zuten, politikaren alde. Kultura Greziatik inportatutako kontu bezala ikusten zuten. Ekilibristaren eta bufoiaren maila berean zeuzkaten abeslaria eta poeta». Kultura hitzaren jatorri erromatarra ere aipatu zuen: lurra landu, eta ez ekoiztu edo sortu.

Baina Etxartek uste du «partziala» izan zela politikak kulturarekiko lortutako garaipena, ez politikan, ez filosofian ez zelako gaitasunik egon artearekin zerikusia zuten baliabideak erabiltzeko.

«Hipotesi hauek baliagarriak ote dira gaur egun? Groysek dio arteak bere funtzioa galdu duela, lehen zerbitzu sozial bat zelako azken mendeetan ezagutu dugun munduan. Historialariek ezin zuten errege baten inguruko mitoa mantendu, horretarako behar ziren koadroak eta abar. Gaur egun, hedabideak existitzen dira, eta gu geu gara gure hedabideak; beraz, ez dugu beharrik artistikoki garatzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ikusleak distantzia gorde gabe eta maskara jantzita, Love of Lesbian taldeak martxoan Bartzelonan eman zuen kontzertuan. ©ALEJANDRO GARCIA / EFE

Makroari neurria hartzen

Aitor Biain

Izurriak kolpetik eten zituen ekitaldi jendetsuak, batez ere musikaren alorrean. Horregatik, Love of Lesbian taldeak Bartzelonan eginiko kontzertuari arretaz begiratu dio sektoreak, osasun protokoloetan aldaketarik eragin dezakeelakoan. Erakundeei malgutasuna eta elkarlan estuagoa eskatu diete eragileek.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Kulturaren sektoreko profesionalak lanean jarri nahi ditugu berriz»

A. Biain

Kultura Bizia egitasmoa gaur jarriko da martxan, Gasteizko Iradier Arenan. Urrira arte, 600 lagunentzako kontzertuak eta kultur ekitaldiak izango dira. Kulturaren «gurpila martxan jartzea» da antolatzaileen helburua.
 ©LACOSA STUDIO

«Herrixkan kantuan eta dantzan gabiltzanean, gizartea eraldatzen ari gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Galiziako eta Asturiasko herri kantuak lehengaitzat hartu, eta haien berrinterpretazioa eginez osatu du musika ibilbidea, espiritu kabareteroz eta hurbil duenarekiko miresmenez eta aitortzaz. Gaur aurkeztuko du 'Trópico de Covadonga' ikuskizuna, Gasteizko Principal antzokian.
Goia (ezkerrean) eta Iglesias (erdian), gaurko aurkezpen ekitaldian. ©Javier Etxezarreta / Efe

Ireki dute Santa Klarako 'Hondalea' ikusteko izen ematea

Andoni Imaz

Ekainean hasiko dira bisitak egiten Donostiako uharteko itsasargira, Cristina Enea fundazioak antolatuta. Arte instalazioari buruzko ekitaldi batzuk egingo dituzte hileko lehen astean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna