Izan ez zen auziaren aztarnak

'Francoren bilobari gutuna' antzezlanak herri jazarriaren beldur eta zauriak azaleratuko ditu, oraindik sendatu gabeak, zintzotasunez eta umorez, aldi berean. Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia konpainiek elkarlanean sortu duten hirugarren antzezlana da.
Pertsonaia ugari azaltzen dira antzezlanean, eta aktore batzuek rol bat baino gehiago jokatzen dute.
Pertsonaia ugari azaltzen dira antzezlanean, eta aktore batzuek rol bat baino gehiago jokatzen dute. ISABELLE MIQUELESTORENA

Bidatz Villanueva Etxague -

2016ko urriak 26
Ospitale bateko egun aztoratu bat da. Gaixoak pasilloetan dabiltza, nork artatuko zain. Medikuak batera eta bestera, lanez gainezka, edota haien arteko maitasun istorioaz kezkaturik. Haur eri bat galduta dago, eta buruan zerbait sartua duen beste batek ez du topatzen zazpigarren solairua. Eskale bat dirudien gizon isil bat sartu da. Egoera arruntak dirudite, baina hamaika pertsonaia horiek asko dute kontatzeko. Larridura eszena batean daudela igo da Ximun Fusch zuzendaria, eta gelditzeko eskatu die. Oholtza gaineko tentsio eta emozioak desagertu dira bat-batean, eta baretu egin dira antzezleak. Bazkalostean jarraituko dute.

«Zertan gara gure ametsekin Euskal Herrian? Non dira gure ametsak? Zer nahi diegu transmititu gure haurrei?». Antzerkiaren bidez galderak pausatzen dituztela uste du Ximun Fusch antzerkilariak, eta halakoak azaleratu nahi izan ditu zuzendu duen azken antzezlanean: Francoren bilobari gutuna. Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Theatre de Pain konpainiek elkarlanean egin duten hirugarrena da, eta urriaren 31n estreinatuko dute, Luhusoko Herri Xuri aretoan. Gero, bira bat eginen dute Euskal Herria osoan, 2017ko maiatz arte iraunen duena.

Hiru gai ditu ardatz antzezlanak: gizartearen osasuna, izugarrikerien transmisioa, eta frankismoaren oroimena eta herentzia. Zergatik gutun bat bidali Francoren bilobari? Gunter Anders Alemaniako filosofo judu bat izan zen. Adolf Eichmann, juduen deportatzailea II. Mundu Gerran. Andersek Gu Eichmannen seme-alabak idatzi zuen, Eichmannen semeari idatziriko gutun moduan, bere aitak egin zuen hartatik aldentzeko eskatuz, eta nazismoaren aurkako borrokara batu zedin. Nazismoak auziak izan zituen Jerusalemen eta Nurenbergen. Frankismoak, ordea, ez; eta halako gutunik ezin izan dute idatzi. Ideia horri jarraitu diote antzerkiaren haria osatzeko, eta herriak jasandako «traumak» —Fuschen hitzetan— azaleratzeko. Haren ustez, kulturak tresnak izan behar ditu trauma horiek sendatzeko.

Andersez ez ezik, beste filosofo eta idazle batzuez ere baliatu dira hausnarketak egiteko, Nathalie Zajde etno-psikiatraz tartean. Familia, historia eta kultura ikertu zituen izuaz idazteko. Besteak beste, ondorioztatu zuen genozidio bat jasan duten gizarteetako ondorengo belaunaldiek amets, beldur eta sindrome berak izaten dituztela.

«Herri memoria» landu dute antzezlanean, Fuschen arabera: «Nola transmititzen den familian eta etnian, nola lantzen den memoria, hori zaigu interesatzen, horretaz hitz egiten baitu denbora guztian antzerkiak:, auzoa, ni, familia, etnia. Galderak pausatzen ditu. Ulertu behar du gizarteak nola baitaratu duen gertatutakoa eta nola daraman bakoitzak hori barnean».

«Garzonen teoria baldin bada dena ETA dela, guk hartu dugun ideia da dena Franco dela». Auzirik eta konponketarik egon ez delako azaleratuko dituzte pertsonaiek «amets gaiztoak» eta «mamuak». Baina umorerik ez da falta: «Bizi garelako baita umorea. Badakigu gauza gordinez irri egiten. Horrek ez dio kentzen indarra edo krudeltasuna. Ez da barre egitea barre egiteagatik besterik gabe».

Patricia Urrutia da antzezlarietako bat, hainbat pertsonaiaren azalean jartzen dena. Antzerkia, eta antzezlana sortzeko prozesua bera, aberasgarriak izan dira, haren ustez. Bakoitzak historia eraikitzen du haren bizipen pertsonalen bidez, edo haren familiako historian oinarrituta. Hala uste du berak. Antzezlanean haien «mamuak» deitu dituzte, eta «lan zintzoa» egin dutela uste du: «Gai delikatua da ,eta sentsibilitate horrekin ibili gara».

Iritzi bertsukoa da Ander Lipus oholtzakidea.«Herri honek ez ditu gauza asko erresolbitu. Herriak ezin du ahantzi Francok eginikoa, eta zauriak ixten ez badira, belaunaldiz belaunaldi igaroko dira».

Sortzea, elkarlanean

Unai Iturriagak eta Igor Elorzak idatzi dute testua, baina antzezlana elkarlanean sortu dute. Lehendabizi, inprobisazio batzuk erakutsi zizkieten, eta horren gainean hasi ziren idazten. Etengabeko joan-etorriak egin dituzte idazkeraren eta oholtzaren arteko lanean, Fuschek azaldu duenez.

Urrutiaren hitzetan, antzerkiaren prozesua «interesgarria» izan da, denen artean proposatu baitituzte obra osatzeko ideiak. «Etengabeko bidaia bat da denbora guztian». Antzezlana hamaika pertsonaiak osatzea «lan prozesuaren isla» dela gaineratu du. «Inprobisazioak egiterakoan, ez duzu helburu bat buruan, ez duzu buruan pertsonaia bat izan behar duzula. Truke elkarlan horretan, batzuk geratzen dira, eta beste batzuk joaten».

Gogoz dago estreinaldirako, nahiz eta beste mamu batzuk nahasten zaizkion; urduritasuna eta beldur apur bat, alegia: «Momentu batean, sentitzen duzu oholtzara igo nahi duzula jada, eta ikusi zer pentsatzen duen jendeak».

Estreinaldia, hilaren 31n izanen da, astelehenarekin, Luhusoko Harri Xurin, 20:30ean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna