Irakurle interbentzionista bat

Literaturari buruzko hausnarketak eta burutazioak bildu ditu Iban Zalduak '(Euskal) literaturaren alde (eta kontra)' liburuan. Literatur saiakeren alde zein aurka mintzatu da lanaren aurkezpenean, ironiaz

Euskal zein beste literatura batzuetako ertz eta gai ezberdinak landu ditu Zalduak bere liburuan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Donostia
2016ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Iban Zalduarentzat (Donostia, 1966) «mesfidantzaz hartzeko moduko liburuak dira», oro har, literaturari buruzko saioak. «Are gehiago saio horiek manifestu, dekalogo eta testutxo askotarikoen bilduma badira». Eta halere, hain justu, literaturari buruzko manifestu, dekalogo eta testu askotarikoen bilduma egin berri du. Atzo aurkeztu zuen Donostian (Euskal) literaturaren alde (eta kontra) saiakera (Elkar); azken hamar urteetan batik bat euskal literaturari buruz—baina baita beste literatura batzuei buruz— idatzitakoak bildu ditu. «Mesfidantzaz hartzeko moduko» liburu horietako bat, haren hitzetan.

Kontraesana izan zitekeen, baina gehiago du egoerak ironia eta jolasetik. Edo, agian, barne gatazka baten ondorio da liburua, literatur saiakeren aurkako eta aldeko argudioen arteko talkaren emaitza. Atzoko aurkezpenera propio osatutako manifestua eraman zuen idazleak, mesfidantza sortzen dioten liburu horietako bat zergatik egin duen azaldu nahian-edo.

(Auto)egurrik ez da falta agirian. Bere buruari eginiko galderak daude —«nork irakurtzen ditu saio literarioak?»—, bere buruari emandako erantzunekin bat—«ia inork ez». Literatur saiakerak «autoerreferentzialegiak» eta «kasik onanistak» direla ere badio, eta liburu horietako gehienek aurretik argitaratutako «testu birziklatuz osatuta» daudela uste du, eta, beraz, «liburu berri batek beharko lukeen lehenengo baldintzari», hots, berritasunari, uko egiten diotela. Gainera, zalantza agertzen du Zalduak, ez ote diren halako lanak «egilearen ahalegin hutsak merkatuan bere presentzia nabarmentzeko», edo, ez ote diren, agian, «orri zuriaren sindromeari ihes egiteko ahalegin patetikoak». Bide beretik, literatur saioz osatutako lanek «anakronismoan erortzeko» arrisku dutela uste du idazleak, han jasotzen diren artikuluak, egoera eta garai ezberdinetan idatziak izanda, indarra gal dezaketelako aurrerantzean.

Sarean aurrez argitaratu dena liburu formatura eramatea ere jartzen du ezbaian, ez baitu ongi ulertzen helburua, ez bada «irakurlea kaxatik pasaraztea» edota «planetaren zauri ekologikoa» sakontzea. Eta, bukatzeko, zalantza agertzen du Zalduak, zeren eta, baldin eta lehenago argitaratutako testuek norbait «mintzeko arriskua bazegoen, zertarako berritu zauria?». Eta gehitzen du, ironiaz lepo: «Ez al da alferrikako sufrimendua eragitea, armak eta abar isildu diren garai itxaropentsu hauetan?».

Erantzuna, bistan da, ezezkoa da. Libururik ez legoke bestela; literatur saiakeren kontrako manifestua zena aldeko ere bihurtu du Zalduak, eta puntuz puntu erantzun die hark berak egindako kritikei. Izan ere, liburua inork ez duela irakurriko argudio indartsua balitz, dioenez, «ez litzateke ia ezer argitaratu behar euskaraz, salbu eta Haur eta Gazte Literatura». Horregatik eman dio buelta arrazoiketari: «Zergatik ez argitaratu, ia edozein euskal liburuk bezainbesteko zabalkuntza (urria) izango badu?».

Gainera, bai, onartzen du«ariketa masturbatorioa» izan ahal dela halako liburu bat egitea, baina uste du izan daitekeela ere «euskal literaturarekiko sinesmena mantentzeko beste simulakro bat», Durangoko Azoka edo gehien saldutako liburuen zerrendak diren bezala. Ez dio arazorik ikusten lehenagoko testuen birziklapenari, «literaturaren aldarri nagusia», dioenez, «berrirakurketa» baita. Anakronismoa «bekatu larria» denik ere ez du uste, eta, gainera, bilduma egiteak lehenago egindako testuak eguneratzeko aukera eman diola dio. Irmo defendatzen du liburuak paperean argitaratzeko hautua, «zanga digitala uste duguna baino sakonagoa» delako batetik, sarearen argindar gastuak ere naturan eragiten duelako bestetik, eta batez ere, zibilizazioa desagertzekotan, «bizirauteko aukera gehiago» ikusten dizkiolako liburuari, bit bati bainoago.

Bestalde, ez du uste zauriak berriz ireki ditzakeenik, ez baitu uste inoiz itxi direnik: «Idazle batek ez du sekula ezer ahazten (laudorioak izan ezik, noski)». Eta beraz: «Kaltea eginda dago jada. Eta, gauzak horrela, zer demontre, hobe aurretik joatea, azpildurarik gabe, ezta?».

Irakurle baten liburua

Manifestuaren jolasak, bilduma egitearen arrazoiak eta kalteak azaltzeaz gain, balio dezake liburuan goitik behera agertzen den tonu ironiko, kritiko eta zirikatzailea irudikatzeko. 36 testu labur jaso ditu idazleak obran, saio itxurakoak batzuk, manifestu eta dekalogo tankerakoak asko.

Ez da gai berria Zalduaren ibilbidean. Are, haren ustez, bere azken saioen —Obabatiko tranbia (Alberdania, 2002), Animalia disekatuak (Utriusque Vasconiae, 2005) eta Ese idioma raro y poderoso (Lengua de Trapo, 2012)— «segida naturala» da oraingoa. Eusten dio idazleak lehenagoko «ohitura zaharruno» hari, eta defendatzen du: «Idazlea bere garaiko literatur munduan interbenitzea ez dago gaizki».

Edonola, idazlea bainoago, irakurletzat du Zalduak bere burua, eta horregatik dio berea irakurle baten liburua dela. «Irakurle eskertu batena, baina baita noizean behin irakurle sumindu eta erretxindu batena» ere. Eta baita «ikusten duenarekin dibertituta dagoen irakurle batena» ere. Izan ere, «interesgarria» egiten zaio egungo euskal literaturan gertatzen dena; «Ez beti onerako, baina interesgarria bada».

Volgako Batelariak garai bateko literatur aldizkari elektronikoko kideei eskaini die liburua Zalduak, dioenez, talde hartan izandako eztabaidetatik edaten dutelako haren iritziek ere. Eta atzoko aurkezpenean, taldeko «florero» titulua duen Uxue Apaolazak hartu zuen hitza, sarrera gisa. Harenak dira Zalduari buruzko hitzak: «Zerbait egiten badaki, bere buruaz barre egitea da, eta euskal literatura bere parte da». Bere buruaren alde eta kontra egin du, beraz. Barrezka batzuetan, baita suminduta ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.