Politikaren mirariz eta mistikaz

'Ikuspenak. Mistika eta politika Euskal Herrian' erakusketa zabalik dago Gasteizen ekainaren 3ra arte. Bi egoitza hartu ditu Ander Gondra eta Gorka Lopez de Munain ikerlarien proposamenak

Ezkioko (Gipuzkoa) eta Bachicaboko (Araba) ustezko agerraldiak dira erakusketako ardatzetako bi. VITAL FUNDAZIOA.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Ama Birjina hamaika aldiz agertu da, Eliza katolikoaren arabera. Zergatik dauka santutegia toki batzuetan, baina beste batzuetan ez? Zergatik, batzuetan, gutxi batzuk dira lekukoak, eta, besteetan, dozenaka? Agerpen ustekoek ez dute gizartearen erantzun bera izan, eta Euskal Herrian jazotakoak aztertu dituzte Ander Gondrak eta Gorka Lopez de Munainek. Hortik jaio da Ikuspenak. Mistika eta politika Euskal Herrian erakusketa.

Proposamenak bi egoitza ditu: batetik, argazki gehienak eta edukien atal bat Araba Aretoan ikus daitezke; bestetik, dokumentu eta bibliografia hautaketa zabala bildu dute Antso Jakituna fundazioaren egoitzan. Bisualki antolatu dute erakusketa, hamar gunetan. Antzinako argazkiak, egunkariak, irarlanak eta bestelako bitartekoak erabili dituzte. Betiere, testu batez lagunduta. Kartoizko panelak lagun, ibilbide bat proposatzen zaio bisitariari, puntuz puntu erakusketa ikusten joan dadin. Erakusketa zabalik egongo da ekainaren 3ra arte.

Erakusketaren arduradunek luze ikertu dute gaia. Antso Jakituna fundazioaren artxiboa ikuskatuta lortu dute gertakariei buruzko informazioa. Ondorioa garbia izan da, Lopez de Munainen arabera: «Hasiera batean, agerpen bat da soilik. Argi bat, esaterako. Gero, baina, interes politiko eta ekonomikoak azaltzen dira, eta garaian garaiko edo momentuko interesei erantzuteko istorio bat sortzen dute».

Agerralditzat jo izan diren makina bat kasu aztertu dituzte Gondrak eta Lopez de Munainek. Erakusketan, dena den, ez dute kasu bakoitza azaldu. Arantzazuko ustezko agerpena (Gipuzkoa), Ezkiokoa (Gipuzkoa), Bachicabokoa (Araba) eta, azkenik, Arabako beste batzuk hautatu dituzte. Garrantzi berezia dute erakusketan, baina, Ezkiokoak eta Bachicabokoak.

Ezkioko fenomenoa

«Ezkioko fenomenoa Espainiako II. Errepublika aldarrikatu eta berehala sortu zen», azaldu du Gondrak. Nabarmendu duenez, alderdi edo ideologia bakoitzak bere «interesen arabera» erantzun zion fenomenoari, testuinguruaren konplexutasunak eraginda.

Gune bat baino gehiago eskaini dizkiote Ezkiokoari. Gertaera ulertzeko hainbat ikuspuntu proposatu dituzte, guneka banatuta. Lehenengoan, datu orokorrekin hasi dira. Hainbat argazki ere bildu dituzte: Ezkioraino joandako jende saldoak, Ama Birjina ikusi omen zuten tokia eta ikusi zutela zioten bi haurren argazkiak daude ikusgai.

Bigarren gunean, kasuaren testuingurua azaldu dute. Egunkarietako albisteak batu dituzte. «Garrantzi handia» izan baitzuen garaiko prentsak, Gondraren esanetan. Publikazio propioak zeuzkan joera politiko edo ideologiko bakoitzak, eta ideologia bakoitzak bere uberara bideratu nahi izan zuen fenomenoa. «Araban, karlistak ziren nagusi, eta agerpenaren alde egin zuten. Gipuzkoan, berriz, errepublikarren presentzia handiagoa zegoen, Donostian batez ere, eta beste era batera landu zuten gaia; askotan, kritikoki», erantsi du.

Garai hartako eragile politikoen jarrerak aurrez aztertu arren, gune propio bat eskaini diote aktore bakar bati: Mateo Mujikari, Gasteizko apezpiku atzerriratuari. «Ezkion sortu zen mugimendua gelditzen saiatu zen hura Frantziatik», Gondraren hitzetan. Elizak, izan ere, babestu egin zuen agerraldiaren tesia hasieran, baina, 1931ko urte amaierarako, debekatuak zituen gertariarekin lotutako ekintza guztiak. «Egoeraren kontrola galtzen hasia zen Eliza», zehaztu du Lopez de Munainek.

Ezkioko ustezko agerpenari emandako trataera ez da aztertu duten bakarra, dena den. Agerraldiaren lekuko izan omen zirenen irudien bilakaera ere azaldu dute. Ezkioko argazkiak ere bildu dituzte.

Bachicaboko «kutsatzea»

Ezkioko agerraldiaren albistea hedatu eta gutxira zabaldu zen hamalau urteko artzain batek Ama Birjina ikusi omen zuela Bachicabon. Kasu horrek ere badauka bere garrantzia Ikuspenak. Mistika eta politika Euskal Herrian erakusketan. Gune bat eskaini diote. Bachicabokoa Ezkiokoak «kutsatuta» gertatu zen, Gondraren iritziz. Arabakoak, ordea, ez zuen Gipuzkoakoak beste iraun:«Historiak dio Angostoko santutegiak moztu zuela. Eremuaren kontrola zeukatenez, ez zitzaien interesatuko beste otoitz gune bat sortzea». Eta halaxe hasi zen kasu haren bukaera.

Ezkioko eta Bachicaboko ustezko agerraldiek garrantzi berezia hartu arren erakusketan, beren testuinguruagatik, Arantzazuko eta Arabako agerpenek ere badute gune bana. Gipuzkoako santutegiaeuskal historian izan duen garrantziagatik aukeratu ei dute. «Agerpenei buruz hitz eginez gero, guztioi burura lehenengo Arantzazu etortzen zaigu», azaldu du Gondrak.

Arabakoak, berriz, gertutasunagatik aukeratu omen dituzte. Zehazki, Angosto, Oro eta Artziniegako kasuak azaldu dituzte, Araban izandako entzutetsuenak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.