Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura Norbera ez denaren azalean

Publizitatea

Kultura

Norbera ez denaren azalean

Bera izateari utzi, eta desagertu egin da Lutxo Egia idazlea. Bestelako nortasun eta egoerak bere egin, eta 'Haren da Nire' performancea egiten ari da egunotan.
<em>Transitoak II: Haren da Nire</em> performancea abiatu du Lutxo Egia idazleak. Irudian, egitasmorako egiaztatzaileak aukeratzeko hautaproba.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARP

2017-07-15 / Ainhoa Larrabe Arnaiz

Desagertuta dago Lutxo Egia idazle eta performance egilea. Haren telefonora deituta, Oxtul izeneko batek hartzen du deia. Egiaren berririk ez du Oxtulek. «Telefonoa nik dut, baina Lutxo ez dago». Bera izateari utzi dio idazleak. «Ez naizen hau bihurtuko naiz», aitortu zion BERRIA egunkariari duela hilabete. Bide orri bat zehazteko enkargua egin dio sortzaile bati, eta pertsonaiak, profilak nahiz ekintzak zehazteko askatasun osoa ere eman dio. Abade edo eskale. Jator edo basati. Oxtul orain. Jarraibideak edozein nortasun eta egoeratan jar dezake Egia, eta prozesua baieztatzeko egiaztatzaileak ere izango ditu haren ondoan. Gogoeta batetik abiatutako praxia da Haren da Nire performancea. «Gero eta gehiago desiratzen dugu ez garen hori izatea». Ez dago. Egia ez da Egia izango datozen egunetan, eta, performancea bukatu ondoren, testu batean bilduko ditu hausnarketak. Hilaren 24an emango du gertatutakoen berri.

Idazlea ez da hutsetik abiatu. Transitoak izeneko egitasmoaren bigarren performancea da Haren da Nire. Bi urte dira Bi-lingual: transitoak performancea egin zuela: 31 egunez, uko egin zion hizkuntza hegemonikoa erabiltzeari. Hau da, hilabete igaro zuen gaztelaniaz hitz bakar bat ere egin gabe, gaztelania nagusi den Bilbon. «Nortasunaren gaia asko interesatzen zait; bereziki, transitatzearen ideia. Hizkuntzaren kasuan, argia da: euskalduna kondenatuta dago hizkuntza ohituretan transitatzera, eta erdalduna, aldiz, ez».

Zeharkatzearen ideiarekin ala «trans ekintzarekin» lotu du Transitoak II: Haren da Nire performancea ere, baina oraingoak ez du zerikusirik hizkuntzaren auziarekin. «Gizarte transmodernoan, publizitatearen, telebistaren, sare sozialen eta inguruan dugun informazioaren eraginagatik, areagotu egin da ez garen hori desiratzeko joera. Patologien kopuruak ere gora egin du azken urteetan: ameskeria, despertsonalizazioa, desrealizazioa... horrek guztiak identitatearekin zer-nolako harremana duen aztertzea interesatzen zait, eta horregatik bihurtuko naiz ez naizen hau».

Desagertuta dago Egia, eta bestelako nortasunak hartuko ditu hainbat egunez. Ez ditu berak pentsatu, ordea. Izan ere, gorpuztu beharreko egoerak, pertsonaiak, ogibideak edo eginbeharrak definitzeko lanak beste pertsona bati agindu dizkio. «Enkarguz eskatu diot lana, eta askatasun osoa eman diot pertsonaia baten ezaugarriak sortzeko edo ekintzak zehazteko». Ez du testua nork idatzi dion argitu oraindik, eta, adierazi duenez, performancearen bukaeran emango du haren izen-abizenen berri.

Egiaztatzaile bila

Bide orriaz gain, egiaztatzaile bila ere ibili da Egia performancea abiatu aurretik. «Nik ahalik eta fidelen beteko dut idatzi didatena, baina prozesua baieztatuko duen norbait behar dut». Hautaproba ere egin zuen idazleak duela hilabete, Bilboko Biba aretoan, eta galdera bera egin zien aurkeztu ziren lau hautagaiei: «Prest zaude ezagutzen ez duzun performance batean parte hartzeko?». Proposamenak ere egin zizkioten hautagaiek Egiari. «Hasiera batean, egiaztatzaile bakarra izan behar zuen. Baina casting-ean bertan hautagaiek proposatu zidaten interesgarria litzatekeela bat baino gehiago izatea, eta gustatu zitzaidan ideia». Kopurua ez mugatzea erabaki zuen idazleak horregatik.

Lutxo ez den horren ondoan egingo dituzte egiaztatzaileek datozen egunak. Gaur Oxtulekin izango dira, akaso. «Ez diet esango zertan nabilen edo zer bihurtu naizen. Hortaz, bihurtu naizen hori behatzean ondorioztatu beharko dute zertan ari naizen». Prestasun osoa izan behar dute boluntarioek horregatik, eta sortzen zaizkien gastuak Egiak hartuko ditu bere gain.

Performancea guztiz zehaztu gabe duela bihurtu da Egia Oxtul. Suertatutako egoeren arabera egokituko da errealitate berrira. «Duela bi urteko Bi-lingual: Transitoak performancea egitean ere amildu egin nintzen. Ez nekien euskalgintzak nola erreakzionatuko zuen, edo gerora zer ekarriko zuen nire jardunak. Antzera abiatu dut oraingoa ere». Performancearen bukaera ere ez du guztiz zehaztua, baina testu bat idazteko asmoa duela aurreratu du. «Prozesuan sortutako gogoetak bilduko ditut, eta fikzioarekin elkartuko dut».

Bukaerako proiektua

Performancea bukatu orduko, hainbat material izango du esku artean Egiak: egitasmoaren oinarrian izango den eta nortasun eta egoerak zehaztuko dizkion testua, batetik, egiaztatzaileek jasotakoa, bestetik, eta bere bizipen propioak, azkenik. Horregatik, hasieran baino, bukaeran izango du Transitoak II: Haren da Nire performanceak zabalpen eta oihartzun handiagoa. Hilabetearen bukaeran emango du bizi izandako guztiaren berri.

Desagertuta dago jada. Norbaitek Egia ikusten badu, Egia ez den horrekin egingo du topo. «Oxtul naiz». Auskalo bihar non dagoen eta zein nortasun duen. Edonola ere, ikusleak asmatu beharko du hori, Lutxo ez den horrek ez duelako, momentuan behintzat, ezer aitortuko. Transitoak egitasmoaren bigarren performancea da Haren da Nire, baina, iragarri duenez, ez da azkena izango. Identitateen ertzei buruz gogoetatuko du Egiak datozen egitasmoetan ere.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak