Pott egindakoen arrakastak

Pott Banda sortu zuten garaiari buruz aritu dira hizketan Bernardo Atxaga, Jimu Iturralde eta Ruper Ordorika Bilbon. Frankismoan eta haren ostean bizitako sasoi estuak izan dituzte gogoan, baina horren guztiaren gainetik sorkuntza gosez zen gazte talde baten erretratua eskaini dute.

Bernardo Atxaga, Jimu Iturralde eta Ruper Ordorika, atzo, Pott Bandari buruz Bilbon eskainitako solasaldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Akats moduko bat identifikatu du Bernardo Atxagak orain 40 urte idatzitako bere bertsoetariko batean. Eta Bertso berriak izeneko bertso sortako bigarren bertsoaldiko lehen bi bertso lerroetan dago akatsa, hain zuzen ere. Zehazki hauxe dioen partean: «Uztaila hontan beteko ditut/ nik nahi baino urte gehio». Ezer arrarorik ez dute itxuraz lerro horiek, baina zehaztasun falta nabarmena ezkutatzen dute, Atxagaren esanetan, eta Bilbao Poesia jaialdiak atzo Bidebarrieta liburutegian Pott Bandaren omenez antolatutako solasaldian azaldu zuen zergatik. «'Gaur beteko ditut nik nahi baino gehiago', esaten du bertsoak, baina nik nituen 22 urte orduan». Eta, hain justu ere, lerro haiek sortu zituen garaiaren estutasunaren froga da akats moduko hori idazlearentzat. Pott Bandan kide izan zituen Jimu Iturralderekin eta Ruper Ordorikarekin batera aritu zen giro hartaz Atxaga atzokoan, eta, nahiz eta diktadura, zentsura eta kalabozoak behin baino gehiagotan aipatu, sorkuntza egarriak jotako gazte talde baten erretratua ere eskaini zuten.

«Lagunarteko solasaldi bat izango da». Jon Kortazar literatura katedraduna aritu zen moderatzaile lanetan, eta hasieratik aurreratu zuen saioak izango zuen tonua. Ordorikak, esaterako, hasieratik izan zuen gitarra eskuetan eta, hain justu, Atxagari Ziutateaz liburutik hartu eta Hautsi da anphora diskoan kaleratu zituen Bertso berriak abesten hasi zuen saioa. Ordorikaren azalpena lehenik, gitarraren akordeak atzealdean lagungarri, eta kantua gero: «Bertso berriak jartzera noa/ euskara garbi batian/ hitz politen bila ez etorri/ hortaz gelditu atian». Bitartean, Iturralde alboan abesti guztia ezpainekin hitzez hitz jarraitzen, eta amaitzerakoan, Atxagak aitormena: «Hunkigarria da niretzat hainbeste urteren ondoren kanta hau hemen, leku honetan, entzutea».

Elektrizitate gisako batek hartutako giroa deskribatu zuen Iturraldek: «Garai haiek ilunak ziren, bai, eta nire sentipena zen zerbait berria hastera zihoala, leiho asko zabalduko zirela. Gazte ginen, eta energia bat eta giro bat nabaritzen zen. Jendeak gauza pila bat egin nahi zituen. Garai hartan zegoen letra zopa partidu politikoekin, soziologia aldetik ere bai, jakin-min eta egarri bat zinemarako, literaturarako... Ni gogoratzen naiz Bilbora etorri nintzenean, laburtuko banu garai hartakoa, nire kasuan, hitz batekin esango nuke esperantza izan zela».

Joseba Sarrionandia idazle eta Pott Bandan kide izan zuenaren hitzak izan zituen gogoan Ordorikak, talde hura beretzat zer izan zen azaltzerakoan. «Sarrik esaten duen berba izaten da 'berrasmatu', eta egiazki ondo idazteko behar dela hizkuntza berrasmatu neurri batean, eta nire ustez Etiopia liburuan-eta ikusi nuen hor bazela materiale bat neuk ontzeko modukoa. Banintz zurgina, ba, halako egurra behar nuen neure puska egiteko; elastizitate hori zuen hizkuntza bat behar nuen, nonbait, eta nik bezala beste batzuek ere bai».

Desertuko pospoloa

Sorkuntzak lortzen zuen ikusgarritasuna nabarmendu zuen Atxagak. «Sasoi haiek zuten desertuak oihanaren aldean daukan abantaila: desertuan zernahi nabarmentzen da, eta oihanean ez da ezer nabarmentzen, eta hau zen desertu bat. Pospolo bat pizten zenuen, eta jende guztiak ikusten zuen». Eta garai hartan egiten zituzten ekitaldi literarioek harrotzen zituzten hautsak aipatu ditu horren adibidetzat. «Egiten zenuen happening bat, eta hura zen eskandalu bat!».

Ez zuten dena eginda topatu, ordea, eta aipatu zituen Atxagak tentsio une batzuk ere atzoko saioan. «Beti dago lehia bat», aitortu zuen Atxagak, esaterako. «Gu hona etorri ginenean eta euskaraz hasi ginenean, alde batetik, atzean ez geneukan ezer, euskararen zirkunstantziengatik eta, eta gero zegoen erdararen mundua gu arbuiatzen gintuena; batzuek ozenki, eta beste batzuek isilka, baina goitik behera begiratzen ziguten. Orduan, oso erasokor izan ginen, eta egin genituen halako happeningak, eta gero Henry Bengoa Inventarium eta halakoak, eta ez dut esango Bilbo konkistatu genuela, baina hemen jarri genuen guk halako lege bat». Irribarre Ordorikak, eta irribarre Iturraldek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.