Zaila bezain erakargarria

Anaitasunak gaur ekingo dio EHF kopako ligaxkari, Suediako Lugi HF taldearen kontra. Erik Balentziaga erdikoak aurkariaren ahalmen fisikoa nabarmendu du.

Erik Balentziaga Anaitasunako erdikoa, osteguneko entrenamendua hasi baino lehen. IÑIGO URIZ / ARGAKZI PRESS.
ainara arratibel gascon
2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Badakigu egokitu zaigun multzoa aurreko sasoikoa baino gogorragoa dela, eta dezente zailagoa izango dela sailkatzea. Baina ilusioz gaude. Konforme egongo ginateke etxean jokatu behar ditugun hiru partidetatik bi irabaztearekin eta kanpoko partidetan lehiakor izatearekin». Anaitasunako jokalari Erik Balentziagak (Zarautz, Gipuzkoa, 1993) halaxe laburbildu du EHF kopako ligaxkan duten helburua. Gaur abiatuko dute. Baina, aldi berean, ez dio ezeri uko egiten, eta argi du sei partida oso erakargarri dituztela aurrean: «Arerio hain gogorren aurka jokatzea ederra da. Multzoko bi talde indartsuenetako batek huts eginez gero [Fuchse Berlin eta Saint Raphael], hor egon nahi dugu. Aurreko sasoian ere ematen zuen zaila genuela sailkatzea, eta lortu genuen».

Horretarako, gaur, «ezinbestean» irabazi beharreko norgehiagoka bat dute, ustez multzoko talderik ahulena hartuko baitute etxean: Lugi (19:00). «Aukerak izan nahi baditugu, ezin dugu huts egin. Gainera, ligaxka batean beti da garrantzitsua ondo hastea». Garaipena lortzea, era berean, ligan izaten ari diren emaitza bolada txarra gainditzeko mugarri izan daitekeela uste du.

Lugi laugarren dago Suediako ligan. Anaitasunak bezala, gol baten aldeaz galdu zuen azken jardunaldian: 23-24, Malmoren kontra. Multzoko talderik ahulena izan arren, Balentziaga ez da fio: «Ondo jokatzen duen talde bat da, gaztea, eta oso jokalari garaiak ditu. Europa iparraldeko jokamoldea dute: fisikoa eta zuzena. Aukera txikiena dutenean, urrutitik jaurtitzen dute. Haien jokoa ez da Asobaleko taldeek egin dezakeguna bezain taktikoa. Europan, gainera, edozein aurkari da zaila». Hori jakinda, argi du nola jokatu beharko duten beraiek: «Ezin dugu partida fisiko bat jokatu. Hori egiten badugu, erraz galduko dugu. Baloia azkar berreskuratu eta lehen kontraerasoa baliatu behar dugu, mina egiteko. Defentsan, berriz, haien joko zuzen hori oztopatu behar dugu, eta ez daitezela eroso senti. Oso sistematizatua dute erasoko joko hori, eta zalantzak sortu behar dizkiegu: nahas daitezela». Zaindu beharreko jokalarien artean, hauek aipatu ditu: Lucas Peias eta eta Hampus Jildenback hegalekoak, eta Alfred Jonson erdikoa. Jildenback Suediako ligako golegilerik onena da.

Beste bi arerioak ere aztertu ditu: San Raphael eta Fusche Berlin. «Txapeldunen Ligan jokatzeko maila duten taldeak dira: fisikoki oso indartsuak, eta teknikoki oso finak. Multzoan aurrera egiteko faboritoak izateaz gain, nik esango nuke EHF kopa irabazteko hautagai nagusien artean daudela. Aurreko sasoian jada erakutsi zuten hori». Orduan, bi taldeak multzo berean egon ziren, eta biek egin zuten aurrera. Fuchse sailkatu zen lehen postuan, eta Saint Raphael bigarrengoan. Lauko finalean neurtu zituzten berriro indarrak, eta hor ere alemanak izan ziren nagusi. Erraz menderatu zuten Saint Raphael: 24-35. Finalean galdu egin zuen Fuschek.

Oraingoan ere Alemaniako taldea indartsuagoa duela uste du Balentziagak. Baina asteazkenean jokatu zuten elkarren aurka, eta frantziarrek ezustea eman zuten: 21-26 nagusitu ziren Alemanian.

Bolada txarra eten beharra

Balentziagaren irudiko, bihar irabaztea ez da garrantzitsua soilik EHF koparako, baizik baita ligan daramaten bolada txarra eteteko ere. Lehen zortzi partidak jarraian irabazi eta gero, hurrengo zortzietan lau puntu baino ez dituzte batu. «Erregulartasuna falta zaigu. Partidetan gorabehera gehiegi izaten ditugu, eta batez ere lehen zatian hobeto hasi behar dugu, biziago. Izan ere, aurkariek berehala hartzen digute aldea, eta, gero, ahalegin handia egin behar izaten dugu partida iraultzeko, bai fisikoa, baita psikologikoa ere. Denboraldia aurrera joan ahala, hori nabaritu egiten da. Are gehiago bi txapelketa jokatzen ari garela kontuan hartuta. Europako lehiarako kontrario zuzenekin, gainera, puntu dezente galdu ditugu, eta horrek zaildu egin dezake gure helburua».

Asobal ligako etenak iraun duen bitartean egin duten prestaketa «oso ona» izan dela nabarmendu du erdikoak: «Uste dut pare bat garaipen erreskadan kateatzen baditugu taldeak berriro ere gora egingo duela, eta gai izango dela berriro ere Europako postuetarako sailkatzeko lehian egoteko».

Balentziagak bi sasoi daramatza Anaitasunan, eta uste du aurrerapauso bat izan direla bere kirol ibilbidean:«Goiko postuetan lehian dagoen talde bat izanda, asko ikasten ari naiz». Pistan«lasaiago» ari dela azaldu du. «Orain konfiantza gehiago dut neure buruan, eta horrek erabakiak lasaiago eta hobeto hartzen laguntzen dit».

Horra iristeko gogor borrokatu behar izan du. Izan ere, 1,68 metro neurtzen du, eta Asobal ligako jokalaririk txikiena da. Egungo eskubaloian, ordea, fisikoak gero eta indar handiagoa du. «Fisikoki, beste jokalariek baino gehiago sufritzen dut, batez ere kolpeak hartzen ditudanean. Baina txikia izatea indargune baten gisan hartzen dut. Erasoan, nire abiadura baliatzen saiatzen naiz, eta, defentsan, aurkaria urrutiagotik zaintzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.