Iritsi, eta atepera

Moya gaur goizean entrenatuko da lehen aldiz Realarekin, Sevillan, eta, hala ere, oso litekeena da gauean hasieratik jokatzea Betisen aurka
Miguel Angel Moya, taldekide berriak agurtzen, atzo.
Miguel Angel Moya, taldekide berriak agurtzen, atzo. BERRIA

Jon Eskudero -

2018ko martxoak 1
Hautsak harrotuta dabiltza aspaldian Realean. Azkeneko hilabeteetako gainbeherak etenik ez, eta denboraldi honetan ganorazko zerbait egiteko itxaropen eta ilusio osoa galdua dute jarraitzaileek. Pizgarri baten beharrean dago taldea. Bada, pizgarri hori Miguel Angel Moya azken orduan fitxaturiko jokalariak eman diezaioke gaur, Betisi bisita egiteko.

Moya atzo egitekoa zen lehen entrenamendua taldekideekin, baina, elurra zela eta, bertan behera geratu zen hura Madrildik Hondarribira eraman behar zuen hegaldia. Elurragatik ere ez zen entrenatu Reala atzo, eta arratsaldean joan zen Sevillara (Espainia). Hain zuzen, han egin zuen bat atezainak taldekide berriekin. Gaur, berriz, saio arin bat egingo du taldeak, eta bertan ariko da lehen aldiz Moya. Hala ere, oso litekeena da hasieratik jokatzea. Ustekabea litzateke, Valentzian (Herrialde Katalanak) egindako partida eskasaren ondotik, Toño berriro atepean egotea.

Egoera iraultzen hasteko guztiaren premia izango dute txuri-urdinek. «Oraingo honetan, bai; ezin dugu hutsik egin. Garaia da partida on bat jokatu eta hiru puntuak lortzeko», esan zuen atzo Eusebio Sacristanek.

Oraintxe bertan ateperako jokalaririk egokiena fitxatu duela nabarmendu zuen Realeko entrenatzaileak: «Esperientzia eta maila handiko atezaina da. Taldearentzat onena zen erabakia hartu dugu. Asko emango digu». Haren ustez, Moyak ez du igarriko aspaldian hain gutxi jokatu izana, Jan Oblaken itzalpean egotea tokatu baitzaio. «Ziur nago daukan onena emango duela». Hortaz, Rulli eta Toñorekin etorkizunean zer egin erabaki beharko du klubak. Kudeaketan huts egin du, Toñok sasoi honetan bertan luzatu baitu lan hitzarmena. «Biekin gustura nengoen, atezain onak baitira, baina egoerak erabaki hau hartzera behartu gaitu. Haiek ere kontuan izango ditugu sasoia amaitu arte, eta gero ikusiko da».

Orainari begiratu beharrean dago Reala, denboraldiari motibazio apur bat bilatzeko Betisi irabazi behar baitio. Europarako sailkapena eman dezakeen zazpigarren postuaren bila jo behar dutela nabarmendu zuen entrenatzaile espainiarrak, baina, jokoak ez ezik, matematikek ere ez dute baikortasun mezu handirik zabaltzen. 1997-98ko denboraldian garaipenak hiru puntuz kontatzen hasi zirenetik, batez beste zazpigarren postua 57 puntutan egon izan da, eta horrek esan nahi du Realak beste 28 batu behar dituela azken hamahiru jardunaldietan. Orain arteko bidea ikusita, ezinezkoa dirudi. Hamahiru partida horietatik bederatzi irabazi behar lituzke taldeak. «Onena da gure esku dagoela».

Joaneko launakoa gogoan

Halako susperraldia iristeko zeruak eta lurrak bat egin behar lukete; gainera, aintzat hartu behar da egutegi zaila dutela txuri-urdinek, batez ere etxetik at. Gaur, esaterako, partida biribila jokatu beharko dute irabazi ahal izateko. Eusebiok gogoan du oraindik lehen itzulian Anoetan jokaturiko lehia. «Launa berdindu genuen, eta joan-etorrian ibili ginen etengabe. Betisek era guztietako jokoa egiten daki, eta guk gure estiloari eutsi behar diogu. Jokoa kontrolatzea gakoa izango da».

BETIS-REALA

Betis. Adan; Barragan, Bartra, Mandi, Durmisi; Javi Garcia; Joaquin, Budebuz, Fabian; Sergio Leon eta Loren.

Reala. Moya; Odriozola, Elustondo, Llorente, Kevin; Illarramendi, Zubeldia, Zurutuza; Januzaj, Bautista eta Oiartzabal.

Epailea. Gonzalez Gonzalez.

Lekua. Benito Villamarin (60.721 ikusle).

Ordua. 19:30ean (BeIN La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna