Euskal Herri osotik Maulera

Udalbiltzak bultzaturik, haurrentzako udalekua antolatu dute lehen aldiz Uda Lekuk eta Ikastolen Elkarteak, Mauleko Agerria etxean. Euskara du ardatz.

Udalekuan parte hartu duten haurrak, atzo, musika jotzen Mauleko plazan. SYLVAIN SENCRISTO.
Joanes Etxebarria.
Maule
2014ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Agerria apezetxe ohitik behera Mauleko plazara jaitsi dira. Etxe horretan astebeteko udalekuan diren 103 haur dira. Bizkaitarrak, zuberotarrak, nafarrak… Euskalkiak eta koloreak jalgi dituzte plazara, Zuberoako ikastolen sortzaileak kantuz eta dantzaz omentzeko. Olatz Zugastik idatzitako kantu bat eskaini diete bertaratu diren zuberotarrei. Euskara izan da, sei egunean, haur guztien lokarria; eta euskararen irakaskuntza sustatu zutenen omenaldia izan da egonaldi bukaerako ikuskizuna.

Uda Lekuk eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatu duten topaketa horrek «bere fruitua eman du aurtengoan», dio Jurek Ziemkiewicz hezitzaileak. Badira arrakastaren hainbat faktore, eta horietarik bat, garrantzitsuenetakoa, haurren arteko ezagutza sustatzea izan da. Gernikatik (Bizkaia) bezala Zarauztik (Gipuzkoa) talde handiak bildu badira ere, hainbat jatorritako haurrak elkarrekin ikus zitezkeen atzo Agerrian. Herrialde guztietako euskalki eta doinuek elkarren arteko ulermena doi bat trabatu dutela aitortu zuten batzuek, Jone Argus-Karrere lekuindarrak (Lapurdi), adibidez: «Zaila da haien ulertzea, baina haiek ere ez gaituzte ontsa ulertzen».

Lehen egunetik euskalki desberdinei ohitzen ikasi behar izan zuten, beraz, eta oztopo hori nola edo hala gainditu behar zen. Aratz Fernandez del Pinedo gasteiztarrak, adibidez, ez zuen arazo handirik sentitu lagunekin: «Azkenean zuk ez baduzu beste baten hitz bat ulertzen, galdetzen diozu esanahia, eta azkenean ulertzen dugu elkar.

Gaztelerara eta frantsesera, berriz, gutxi lerratzen dira haurrak egonaldian, mugaz bi aldeetakoak biltzearekin euskara bilakatzen baita haien arteko lokarri bakarra. Nagore Amondarain Ikastolen Elkarteko langileak honela baieztatu du: «Euskara entzuten da %95ean. Egia da bakoitzak badituela bere esamoldeak, baina, oro har, harreman guztiak euskaraz izaten ari dira».

Zuberoa ezagutzen

Udalbiltzak Mauleko Herriko Etxearekin duen tratuagatik egin da Euskal Herri osoko haurren arteko topaketa Agerria apezetxe ohian, Zuberoako hiriburuan. «Saiatu gara ahal bezainbat hemengo eragileak ekartzen, hemen izanik, hemengo ingurumena ezagutzeko», zioen AnaizOltzomendik, topaketetako hezitzaile eta Uda Lekuko langileak. Haurrei ikusten zutena ulertzeko giltzak eman zaizkie, beraz.

Joan den igandean, adibidez, Petti buhame pastorala ikusi aitzin, Mixel Etxekoparrek eman zizkien antzerkiko kodeak ulertzeko gakoak. Mauleko gazteluko bisita, Allande Etxartekin egin zuten, eta Gartxot filma ikusi ondotik, Asisko Urmenetak hitzaldi bat eskaini zien.

Jurek Ziemkiewiczen ustez, Zuberoa «leku benetan berezia» da horrelako zerbait aurrera eramateko. «Egunero gabiltza bai autobusez, eta baita oinez ere, inguruak ezagutzen». Iruñeko neska talde batek «aldapa asko» daudela bazion ere, gehienen gustukoak izan dira bazterrak. Hasi Santa Graziko Kakuetatik eta Mauleko igerilekuraino.

Topaketen antolaketa, aldiz, ez da ohikoa izan, ez Uda Lekurentzat, ezta Ikastolen Elkartearentzat ere. Mugaz gaindiko lehen elkarlana izanik, Frantziako eta Espainiako legedien arteko desberdintasunei behar izan diete aurre egin. «Adibide bat da logelak banatuak egon behar dutela, neska eta mutil. Guk Hegoaldean hori aspaldi gaindituta daukagun kontu bat da, eta, gainera, horretan ari gara lanean». Beste adibide bat da, diru laguntzen baldintzak hala finkaturik, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako haurrentzat atzo bukatu zirela jardunaldiak, eta besteentzat, berriz, gaur bukatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.