75. Musika Hamabostaldia

Kursaalean egindako kontzertuetan auditoriumaren %90 beteta egon da

Sarreren salmentan 900.000 euro bildu dira aurtengo ekitaldian, iaz baino 30.000 gehiago

La bohème operaren emanaldietan ez zen aulki hutsik izan. GORKA RUBIO / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Publikoaren harrera da Donostiako Musika Hamabostaldiaren indar nagusietako bat, eta aurtengo ekitaldian ere argi geratu da hori, antolatzaileen iritziz. Atzo zabaldu zituzten datuen arabera, Kursaal auditoriuma guztiz beteta egon da jaialdiko sei emanalditan, eta, areto horretan egindako emanaldi guztiak kontuan hartuta, aulkien %90 bete dira. Orotara, sarreren salmentatik 900.000 euro gordinetik gora jaso dituzte jaialdiaren antolatzaileek, iazko ekitaldian baino 30.000 euro gehiago.

La bohème operaren bi taularatzeez gain (abuztuaren 15 eta 17an), hauexek izan dira auditoriuma guztiz bete dutenak: English Baroque Soloists eta Monteverdi abesbatzaren emanaldia (abuztuaren 5ean), Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoaren biak (Donostiako Orfeoiarekin batera abuztuaren 26an, Emanuel Ax pianistarekin biharamunean), eta Victor Ullate Ballet konpainiarena (abuztuaren 29an). Budapest Festival Orchestraren atzo eta gaurko emanaldietarako sarrerak ere agortzear zeuden datuak eman zituztenean.

Kursaaleko auditoriumekoak ez ezik, beste ziklo batzuek ere harrera beroa izan dute. Antzinako musikari eskainitako zikloko hiru emanalditan Santa Teresa komenturako sarrerak agortu egin ziren: La Colombinarena (abuztuaren 4an), Hondore abesbatzarena (abuztuaren 7an) eta Garnati Ensemblerena (abuztuaren 8an). Orotara, gunearen okupazio maila, ziklo osoan, %90ekoa izan da, eta salmenten etekinak Erroak elkartera bideratu dira.

Interprete gazteei eskainitako zikloan ere bost emanalditan bete da guztiz Miramar jauregiko aretoa. Musika Aitzaki zikloko emanaldietan ere ez da jenderik falta izan; ezta organoari eskainitakoan ere.

Musika garaikideari eskainitako zikloak iaz baino jende gutxiago bildu du. Baina ziklo hori «plataforma ezin hobea» da «sorkuntza berritzaileentzat», antolatzaileen iritziz. «Proposamen apurtzaileenekin txunditu gaitu zikloak beste behin ere, eta estreinaldi zenbaitek leku nabarmena izan dute: Alberto Etxeberria, Gabriel Erkoreka eta Zuriñe Gerenabarrenarenak».

Hurrengo urtean, Verdi

Hamabostaldiaren hurrengo urteko ekitaldian berriz ere San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoa ariko dela aurreratu dute, Iuri Temirkanovek zuzenduta; azkenekoz 2012an aritu ziren Hamabostaldian, arrakasta handiko bi emanaldi eskainiz. Operari dagokionez, Giuseppe Verdiren lan batek hartuko du 2015ean Giacomo Pucciniren La bohème-ren lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.