Saguaren etxean elefantea

Lehen diskoaren proposamena harantzago eraman du Neighbor bikoak 'Hau' bigarrenarekin
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe

2016ko irailak 15
Agerpen ezusteko bezain aberasgarria izan zen Neighbor bikoteak Ura patrikan (Gaztelupeko Hotsak, 2013) estreinako lanarekin egin zuena. Laudorioak saldoka. Eta ez doakoak. Euskarazko kantagintza estiloz eta edukiz aberastera zetorren egitasmo hura; bide horretan urrats sendo bat da argitaratu berri duten Hau; eta hau ere Gaztelupeko Hotsarekin argitaratua.

Lehen lan hartan marrazten hasitako unibertso propioa zabaldu dute bigarren honekin, eta zenbait koordenatu nagusi errepikatzen diren arren, badira elementu berriak, bai prozesuan eta baita emaitzetan ere. «Lehen diskoko kantuak ahotsetik sortu ziren, eta bigarren honetakoak musika tresnetatik sortuak izan dira gehiago. Ni gitarra eta ukelelea jotzen edo iraintzen (sic) hasi naiz, eta Joshek [Cheatham] duen poliinstrumentaziorako gaitasuna batu zaio horri». Maite Larburu Neighbor taldeko kantari, hitzen egile eta orain musikari ere badenak egin du azalpena, Donostiako Garoa liburu dendan egindako aurkezpenean. Disko berriko Gizon bat kantua jo du han, pianola txiki bat eta erresonantzia kaxaren funtzioa egiten dion «ukelele zahar» bat lagun hartuta.

Larburuk berak eta Josh Cheathamek osatzen dute Neighbor. Antzinako musikan espezializaturiko musikariak dira biak: biolin jotzailea Larburu eta kontrabaxu eta viola da gamba jotzailea Cheatham; Hernanikoa (Gipuzkoa) bata eta Seattlegoa (AEB) bestea. Amsterdamen bizi zirela elkar ezagutu eta, «antzinako musikari ateak itxi gabe, beste ate bat irekitzea» erabaki zuten elkarrekin, pop kantagintzarena, hain zuzen ere, kontzeptua zentzurik zabalenean ulertuta.

Instrumentazio zabala

Musika tresna asko ageri da Hau lanean. Asko. Cheathamek gitarra elektrikoa eta klasikoa, viola da gamba, shakuhachia, arraultza, ipada eta melodika erabili ditu, kanturen batean ez bada bestean; Larburuk, aldiz, perkusioa, biolina, pianola eta sansula ere jo ditu aipatutako gitarra klasikoaz eta ukeleleaz gain. Gainera, Carlos Taroncherrek klarinete baxua ere sartu du kanturen batean. «Hainbesteko instrumentazioak, eta musika tresna xume batzuk, adibidez ukelelea, gitarra elektrikoarekin nahasteak ekarri ditu zailtasun batzuk. Saguaren etxean elefantea sartu dugu. Musika tresna hauen elkarbizitza ez da beti erraza izan, baina emaitza exotikoa eta ederra izan liteke».

Lehen diskoko proposamena zabaldu eta muturrera eraman dute, eta 11 kantu berri sortu dituzte hotsen, ahotsen eta letren konbinaketa jolastia ardatz izanik. Larburuk berak idatziak dira hitzak, euskaraz gehienak, baina inglesezko bi (Musika eta Overtones) eta gaztelaniazko bat (Olas) ere sortu ditu. Aurrerago plazaratuko duen biniloan inglesezko bi kantu horien euskarazko bertsioak sartuko ditu gainera. «Biniloa desberdina izango da, zortzi kantu bilduko ditu, inglesezko bi horien euskarazko bertsioak barne. Baina biniloarekin batera CDa ere banatuko dugu», egilearen zehaztapena.

Larbururen hitzak jolastiak dira, sarri begirada xalo, bihurri eta sentsual bat uztartzen dutenak. Mr B kantuak dio: «Nire gelako leihotik/ besterik gabe zu zelatatzea/ zenbat maite dudan ez dizut esango;/ ez zait axolako/ sei aldiz hil zaren,/ minutu baterako den». Eta honela Marnie Lock-ek: «Lapurra dabilkit pitxi gose; / txulo miaka,/ zein ondo biluzten nauen!/ Nola dakien egoki lapurtzen,/ Kulpak, viktoriak,/ eskamak kentzen;/ ez du esanik ahazten,/ aukerik galtzen». Hitzak idazterakoan zeri erreparatzen dion galdetuta, erantzuna: «Artista ezezagunek, eguneroko bizimoduan inguruan ditugun horiek guztiek sortzen didate inspirazioa, edo niri gertatzen zaizkidan gauzek».

Neighborren kantuek badute patroi nagusi bat; itxuraz (soilik itxuraz) kantu soilak dira, Cheathamen gitarra sotila eta Larbururen ahots dohaitsua (batzuetan leun, besteetan indartsuago) gidari direla, baina badira lan berrian bestelako egituretara hurbiltzen diren piezak ere, zirku giroa gogora dakarren Garajian erreboltaria, Sehaska kanta berritzaile bat, edo rock lengoaiara hurbiltzen den Overtones, esaterako. Iturri askotako emariak laztanduak izan dira kantuok. Europako herri musiketatik hasi, euskal kantagintzatik igaro, eta jazz edo folketik pop eta rockeraino arteko eraginak jaso dituzte.

Diskoa kalean da dagoeneko CD formatuan, eta etorkizunean bideoklip bat ere plazaratuko dute Asier Altunak zuzendutakoa: «Ilusioa egiten dit lan horrek, oso polita gera daitekeela uste dute eta». Neighbor zuzenean entzun eta ikusi nahi duenak hurrengo astean izango du aukera, lau kontzertu eskainiko baititu bikoteak. Ondoren, abendura arte, etenaldia egingo baitute. Astelehenean, irailaren 19an, Ziburuko (Lapurdi) Atalaia tabernan ariko dira (21:00); asteartean, Iruñeko Katakrak aretoan (19:00); asteazkenean, Bilboko Kafe Antzokian (21:00) eta ostegunean, Donostiako Doka aretoan (21:00).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna