'Negociador' filmarekin hasiko da Bartzelonako euskal zinemaldia, bihar

Hamabi film bildu dituzte Sail Ofizialean, tartean, 'Lasa eta Zabala', 'Loreak', 'A escondidas' eta 'Señales de vida'.Hamargarren urtez egingo dute zinema jaialdia, Euskal Etxeak antolaturik

Itziar Ituño aktorea, Loreak filmaren une batean. BERRIA / BERRIA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2015eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Bartzelonako Euskal Etxearen bilakaerak bereizgarririk badu, urtetik urterako iraunkortasuna da. Euskal kultura Kataluniako agendan sartzearen alde egin duen apustuak nahi bezain urruti iristeko aukera eman dio, eta halaxe egiaztatzen du urtean antolatzen dituen 150 ekitaldien bilakaerak.

2014a musikaren sonak agurtu bazuen, 2015a pantaila handian estreinatuko dute, euskal zinemaren jaialdiarekin. Zinemaldiko Sail Ofizialaren baitan, guztira, 12 pelikula ikusi ahal izango dira Girona zinemetan, eta berrikuntza gisa, bi sailetan banatu dute egitaraua: fikzioa eta dokumentala.

Fikzioaren sailean, Borja Kobeagaren Negociador, Mikel Ruedaren A escondidas, Ricardo Ramon eta Beñat Beitiaren Dixie eta matxinada zonbia, Roberto Castonen Los tontos y los estupidos, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak, eta Pablo Maloren Lasa eta Zabala filmak izango dira ikusgai. Dokumentalen sailean, berriz, Raul de la Fuenteren I am Haiti, Rafa Moles eta Pepe Andreuren 5 Days to Dance, Ander Iriarteren Echevarriatik Etxeberriara, Gorka Gamarraren Lantanda, Gentzane Martinez de Osaba eta Alexander Garcia de Bikuñaren Señales de vida eta Juanmi Gutierrezen Ateak zabalduz erakutsiko dituzte.

Berrikuntzarik garrantzitsuena, hala ere, ohiko Urrezko Txapelaz aparte, sail bakoitzeko lan hoberenak jasoko duen ordainsaria izango da. Sail bakoitzeko lanik hoberenak 1.500 euro jasoko ditu, eta Euskal Etxeak Azkue Fundazioarekin eginiko elkarlanari esker, euskarazko film hoberenak 1.200 euro eskuratuko ditu.

Epaimahaia, aurten ere, zinema katalaneko pertsona ezagunek osatzen dute: Judith Colell zuzendari eta ekoizlea, Nuria Vidal zinema kritikaria, Marc Martinez aktorea, ESCAC zinema eskolako Aritz Lekuona eta Hammudi Al-Rahmouek zinemagilea izango dira bertan, bertzeak bertze.

Iraunkortasunaren aldarria

Urtetik urtera Bartzelonako euskal zinema jaialdiak ekarri dituen berrikuntzei esker, hamargarren aldian lortu du antolatzaileen erronka nagusietako bat: orain arteko urratsak egonkortu eta Bartzelonako kulturaren agendan sartzea. 2005ean antolatu zuten lehen aldiz Euskal Etxeko aretoa zortzi urtez hartu duen euskal zinemaren erakusketa; urtetik urtera behar berrietara ezin hobeki egokitu da; Euskal Etxeko mugak hautsi, eta Bartzelonako zinema aretoetara egin zuen iaz.

Aurten, horregatik, azken urteotako egitaraurik osatuena dakar. Sail ofizialetik at, haur eta familientzako proposamenek, Kataluniako zinema ezagutzeko ibilbide bereziak eta Euskal Etxean egingo duten AlterZinemaldiak borobiltzen dute egitaraua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.