Ur nahasiak, bide onerantz

Jorge Oteizaren eskubideak talka iturri izan dira luzaroan haren oinordekoaren eta Oteiza fundazio museoaren artean. Hitzarmen batek, behin-behinean, orain arteko desadostasunak lurperatu ditu.

Ander Perez Argote
2015eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoaz eta haren erakundeez «nazkatuta», Nafarroari eskaini zion ondarea Jorge Oteizak 1992ko otsaileko egun batean. Juan Cruz Alli orduko Nafarroako presidentearekin hitzarmena sinatu zuenean, gutxik aurreikus zezakeen erabakiak urteetan ekarriko zuen soka luzea. Ondarearen kudeaketa gauzatzeko, patronatu bat izendatu zuen Oteizak berak 1996an, eta hango kideen esku utzi zuen bere obra oparoaren eskubide materialen ustiapena. 2003an, ordea, artista hil eta gutxira agertutako testamentu pertsonalak haren izeba Pilar Oteiza San Joseri egozten zizkion obra artistikoaren gaineko eskubide intelektualak. Ordutik, etengabeak izan dira bi aldeen arteko talka eta desadostasunak.

Joan den irailaren 29an iritsi zen gatazkari lehen konponbidea jar diezaiokeen berria: Altzuzako Oteiza fundazio museoak Pilar Oteizarekin sinatutako hitzarmenaren berri eman zuen hedabideei igorritako oharrean. Akordioaren arabera, «Pilar Oteiza San Josek Jorge Oteiza fundazio museoari bermatzen dio Jorge Oteizaren obren gaineko jabetza intelektualaren eskubideen ustiapena, fundazioaren xedeak behar bezala betetzeko beharrezkoa den guztietan». Era berean, fundazioaren kudeaketan Pilar Oteizak parte har dezan «irudi egokiena» zein den aztertzeko konpromisoa hartu du patronatuak. Gainera, Pilar Oteiza partaide izango duen Batzorde Tekniko bat eratuko da akordioaren ondorioz, besteak beste, «Oteizaren obraren egiazkotasuna bermatzea» xede izango duena.

Hitzarmenak aro berri bat zabaldu dezake Oteizaren izena daraman fundazioaren eta museoaren jardunean. Izan ere, sorrera beretik, nahasita jaitsi dira urak Altzuzako horma arrosazko eraikinetik. Oteizak berak patronatua izendatu zuenetik datoz, kasik, fundazio barruko talkak. Zortzi laguneko organoa diseinatu zuen artistak; Juan Huarte mezenas jarri zuen presidente, eta, harekin batera, Javier Saenz de Oiza Altzuzako museoaren arkitektoa, Nafarroako Gobernuko bi kide —UPNkoak, garai hartan— eta euskal kulturako lau, lagunak bide batez, eseri zituen patronatuan: Jaione Apalategi, Xabier Morras, Juan Antonio Urbeltz eta Jose Angel Irigarai.

2000ko hamarkadako lehen urteetan, etengabeak izan ziren lau kide horien eta patronatuko beste lauren arteko talkak. Bai Oteizak Carlos Catalan bere konfiantzako gizona patronatuan sartu nahi izan zuenean, eta kide ofizialistek hori baimendu ez zutenean. Bai lau kide oteizazaleak Javier Manzanos fundazioko presidente izendatzearen aurka azaldu zirenean. Eta baita gobernutik gertuagoko kideek Catalan salatu zutenean ere, Oteizaren obren ustezko faltsutzeagatik. Behin eta berriro, Oteizak fundazioari egotzi zizkion xedeak ez bete izana egotzi diote euskal kulturako ordezkariek patronatuko beste kideei. Eta hala uste du oraindik ere Apalategik: «Helburu horiek ez dira aurrera eraman ez delako egon gobernua ordezkatu duen alderdiaren [UPN] borondaterik, arrazoi politikoengatik, Oteizaren obrak eta pentsamenduak ordezkatzen duena ez zitzaielako politikoki interesatzen».

Edonola ere, garai horietako talkak eta ika-mikak betirako lurperatzearen alde mintzo da Apalategi. «Hona ezkero, Oteizaren ondareari zerbait zor badiogu, halako zipriztin eta xelebrekeriak alde batera utzi eta haren espirituari eta handitasunari heltzea da hori». Eta gehitu du: «Interes handiagoa egon da zalaparta horietan Oteizaren ondareak gizartearen elikagai kultural amaigabe gisa sor dezakeenean baino».

Eskubide banaketa

Pilar Oteizaren eta fundazioaren arteko talkak, ordea, beste bide batetik doaz. Eskubideen banaketak —materialak fundazioarentzat, intelektualak ilobarentzat— ika-mika iturri izan dira hasieratik. Eskubideen mugak lausoak izan dira, eta sarri nahastu dira, bi aldeen arteko gatazkak sortzeraino. «Interpretagarriak izaten dira lege kontu hauek», dio Apalategik, «eta interpretagarritasun hori modu batera eraman genuen aurrera bakoitzak».

Beste era batera esanda: Pilar Oteizak fundazioaren aurka salaketa jarri zuen 2011n, horrek webgune batean paratu zituelako eskultorearen ia 9.000 idatzi, liburu eta beste. Madrilgo epaitegi batek, 2012an, bertan behera utzi zuen oinordekoaren salaketa, baina helegitea jarri zuen Pilar Oteizak, eta aurrera jarraitu zuen prozedurak. Aurtengo ekainean eman zuen epaia Madrilgo Probintzia Auzitegiak: Pilar Oteizari arrazoia eman eta Oteizaren obraren eskubide intelektualen jabetza berretsi zion, eta Altzuzako museoa zigortu zuen, artistaren lanak zabaltzeagatik.

Edonola ere, hitzarmenaren ondorioz, zigor horrek «atzera» egingo duela uste du , «dudarik gabe» Apalategik. Are gehiago, fundazioak epaiari helegiterik ez diola jarri baieztatu dio BERRIAri, hitzarmenaren mesedetan: «Ez dugu helegiterik jarri, hitzarmena denaren gainetik lortu nahi genuelako, justu hitzarmenak itzal zezakeelako su hori».

Rafael Moneo arkitektoak iazko martxoan fundazioaren presidentetza hartu zuenetik, ugariak izan dira erakundearen eta Pilar Oteizaren arteko hartu-emanak, museoaren jarduerari traba egiten zion gatazka konpondu nahian. Bilera horietan elikatu da orain aurkeztutako hitzarmena. Berehala ikusgai izango dira lehen fruituak: hilabetea amaitu aurretik aurkeztuko da Txomin Badiolak egindako Oteizaren katalogo arrazoitua, 2007an hasia, eta, besteak beste, eskubide intelektualen gatazka dela medio gelditua. Katalogo hori Oteizaren beste literatura obrekin osatzea aurreikusten du hitzarmenak.

Bide batez, fundazioaren osaketa aldatu da, aldatu direlako Nafarroako Gobernuko ordezkariak, herrialdean izandako aldaketa politikoarengatik. Aro berri bat ireki da, beraz, eta baikor mintzo da Apalategi, horri dagokionez: «Ireki behar den aroa da sekula itxita egon behar izan ez lukeena, alegia, estatutuek diotena betetzea». Edo, beste modu batera esanda, Oteizaren «espiritua» berreskuratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.