Albistea entzun

Franco hil ostekoen barrea

Bihar estreinatuko dute 'Adarretatik zintzilik' komedia Galder Perezek eta Ane Zabalak, Beran
Galder Perez eta Ane Zabala, Gilkitxaro taldeko kide eta <em>Adarretatik zintzilik</em> antzezlanaren sortzaileak.
Galder Perez eta Ane Zabala, Gilkitxaro taldeko kide eta Adarretatik zintzilik antzezlanaren sortzaileak. GILKITXARO

Iñigo Astiz -

2015eko azaroak 12

«Euskal komedia nostalgikoa». Antzezlanaren izenburuaren osteko azpitituluak argi dakar zein den Galder Perez eta Ane Zabalak sortu duten antzezlanaren nondik norakoa. Aurten 40 urte bete, eta beren bizitzari begira jartzea erabaki dute Gilkitxaro taldeko kideek. Komedia izateaz gainera, eta nostalgikoa izateaz gainera, horregatik, biografikoa ere bada Adarretatik zintzilik izendatu duten pieza. «Zenbaki borobilak betetzen direnean, beti da errazago hausnarketara jotzea», onartu du Perezek, «eta, 40 betetzean, zeure buruari esan behar diozu baietz, oraingoan benetan bukatu dela gaztaroa». Eta zergatik zintzilik? «Konturatu gara 40 urte hauetan oso konplikatua dela planeta honetan bizitzea, eta are gehiago bizitza formalari ekiten ez badiozu. Lan formala, bikotea, hipoteka... Eta hortik dator zintzilik egotearen ideia hori». Bihar estreinatuko dute antzezlana Berako Bidaxka ostatuan.

«1975ekoak gara. Gu jaio, eta Franco hil egin zen». Zabalak egin du kokapen historikoa. «Gure belaunaldikooi sinetsarazi ziguten dena diferentea izango zela, eta antzezlanean ikus daitekeena da dena ez dela izan hain diferentea: ziria sartu digute igual-igual, gure gurasoen belaunaldikoei moduan. Sentsazioa hori da». Beren buruez egin nahi izan dute irri lehen-lehenik, baina garai oso batekin ere egingo du topo ikusleak. Garai hartako kantak, irakurgaiak, 70eko hamarkada bukaerako ikastoletako giroa... Eta politika ere topatu dute atzera begira egindako ariketa horretan. Perezek dioenez, inoiz baino askeago aritu dira alor horretan ere. «Musika eta politika. Herri honetan elkarren eskutik joan dira beti bi gai horiek. Jaia eta politika. Egurra banatzen dugu etengabe: pentsatu eta bota. Hala idatzi genuen, eta entseguetan gauza batzuk gehitu ditugu. Aurreko lanetan, igual, iradoki egiten genuen egurra, baina orain eman egiten dugu, txu-txu treneko sorginak bezala erratzarekin».

Aspalditik zuten buruan bueltaka ideia. Umetatik dira lagunak Perez eta Zabala, eta antzezlan sorta bat eginak dira elkarrekin: 8 begi; Honolulu, leku bat; Mirande Kabareta; eta Urak ttiki dire, tartean. Elkarrekin maiz egon, eta maiz hasten dira elkarrekin egindako gauzez hizketan, eta hala sortu zen ideia. «Gure bizitzako puntu batzuk nahiko komikoak dira. Guk, behintzat, nahiago dugu gure bizitza komedia modura ikusi, eta, horretarako, geuretik jarri behar izan dugu pilo bat. Baina, noski, sormenaren tranpa ere hor dago: ikusleak ez daki noraino den egia kontatzen duguna. Gure inguruko lagunei ere lapurtu dizkiegu istorio batzuk». Erabat benetakoak dira, halere, antzezlanean erabiltzen dituzten elementuak. Erabat eurenak. Eta jarri du adibidea Perezek: jaunartzeko argazkiak. Etxeko argazki bildumatik hartu, eta oholtzara eraman dituzte orain. «Inoiz baino hobeto pasatu dugu lan hau prestatzen», aitortu du Zabalak.

Nola jarraitu

Ezinbestean, Ane eta Galder dira, beraz, antzezlaneko pertsonaiak, baina ez du horrek esan nahi istorio bat kontatzen ez denik. «Bi pertsonaia hauek herrira iritsi, eta bidaia bat egin nahi dute. Ezbehar bat gertatu, ordea, eta ezingo dute bidaia hori egin. Lasai asko geratuko dira, horregatik, antzezlana egingo den herrian publikoarekin ardo bat hartzen, eta hor etorriko dira hausnarketa eta oroitzapenak. Eta hala joango dira pertsonaiak konturatuz beren bizitzan izan diren gezur eta iruzurrez».

Bi formatutan prestatu dute emanaldia. Txikian egingo dute orain estreinaldia, eta hala eskainiko dute antzezlana lehen emanaldietan, baina antzokietarako ere moldatu dute pieza, eta udaberritik aurrera hasiko dira formatu horretako emanaldiekin. «Istorioak leku txiki batean egiteko balio du, baita antzoki batean egiteko ere», azaldu du Perezek. Musika gehiago izango da antzokian, argiak gehiago zainduko dira, baina funtsean berdina izango da istorioa.

Barrearekin batera hausnarketa ere piztu nahi dutela dio Perezek. «Tamalez ezin dugunez espaziontzirik hartu, eta hemen jarraitu behar dugunez, pentsatu behar dugu nola jarraitu behar dugun. Eta horregatik kontatzen dugu gure bizitza». Eta baietz Zabalak ere, baduela gazitik ere komediak, amaiera aldera, nagusiki. Izan ere, beren heriotza egunaz ere mintzo dira pertsonaiak oholtzan. «Heriotzaren gaia ere hor dago bukaeran. Komedia puntu batekin lantzen dugu, baina geure heriotzari buruz ari gara oholtzan. Gaia gazi-gozoa da».

HURRENGO EMANALDIAK

Bera. Bihar, Bidaxka ostatuan, 22:00etan.

Ugao. Azaroaren 20an.

Gasteiz. Azaroaren 24an, Oihaneder gunean.

Lesaka. Abenduaren 4an.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sare sozialetan zabldutako irudia. Zauritutako gizon bat dago lurrean, –Salman Rushdie omen da–. ©BERRIA

Salman Rushdie idazleari eraso egin diote New Yorken, labanaz

Andoni Imaz - Uxue Rey Gorraiz

Ospitaleratua da, larri; ebakuntza egin diote eta intubatuta daukate. Ustezko erasotzailea atxilotua da: 24 urte ditu, eta New Jerseykoa da. Idazlea heriotza mehatxupean izan da azken 33 urteetan, 'Satanic Verses' (Bertset satanikoak) idatzi zuenez geroztik.

 ©JUAN DE DIEGO

«Jazzaren iturburura bueltatu nahi nuen, eta soinu hori jaso»

Aitor Biain

Pianoa, kontrabaxua, bateria eta tronpeta lagun, lauko formatuan ondu du 'Grebalariak' diskoa. 1919ko La Canadencaren greba oroitu nahi izan du lanarekin. Plentziako Agorri Jazz jaialdian aurkeztuko du lana, gaur.

Lehen uda etxetik kanpo

Paule Ixiar Loizaga Legarra.

(Sopela, Bizkaia, 1997). Algortako bertso eskolan (Bizkaia) hasi zen bertsotan gaztetxotan, eta hainbat gazte sariketatan eta plazatan kantatu izan du urteetan. 2016. urteaz geroztik parte hartu du Bizkaiko Bertsolari Txapelketan.
Norman Foster, 2019ko abenduan, proiektua jendaurrean aurkeztu zuenean. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Urbelan, Altuna y Uria eta Campezo enpresek handituko dute Arte Ederren eraikina

Mikel P. Ansa

41,1 milioi euroko kostua izango du obrak guztira —hasiera-hasierako proiektuan espero zutena baino ia hemeretzi milioi euro gehiago—, eta 2024ko abuztuan bukatu beharko lukete.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...