«Abentura hutsa izan balitz, 'Jon eta Mirka' zaharkitua geratuko zen»

Gregorio Murok eta Daniel Redondok 1984an kaleratutako komikia berrargitaratu du Harrietek

Daniel Redondo eta Gregorio Muro, Jon eta Mirka-ren egileak, atzo Komikigunean, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARP.
mikel lizarralde
Donostia
2016ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Euskal komiki mitiko bat». Dani Fano gidoilari eta komikigilearen hitzek ematen dute Jon eta Mirka lanak duen garrantziaren neurria. Gregorio Murok idatzi eta Daniel Redondok ilustratutako zientzia fikzioko istorioa 1980ko hamarkadan argitaratu zuten bi ataletan, eta, orduz geroztik, klasiko bihurtua da gazte eta ez hain gazteen artean. Fano: «Niretzat, Jon eta Mirka abentura da. Nerabe nintzela irakurri nuen, eta hori zen, hain zuzen ere, irakurri nahi nuena». Lehendabiziko aldiz argitaratu zutenetik hiru hamarkada pasatxo igaro direnean, Gregorio Murok berak kudeatzen duen Harriet argitaletxeak liburu bakarrean berrargitaratu ditu Jon eta Mirka osatzen duten bi albumak.

Duela urtebete Justin Hiriart argitaratu zuen Harriet argitaletxeak —Ereinekin elkarlanean—, Murok eta Francisco Fructuosok 80ko hamarkadan abiatu zuten abentura historikoa. Eta Jon eta Mirka-rekin beste pauso bat eman du bere obra berreskuratzeko prozesuan. «Hau izan zen idatzi nuen lehenengo obra». Abenturaz beteriko istorio bat egitea. Batik bat gaztetxoek eta nerabeek irakurtzeko eta haiek gogobetetzeko lan bat osatzea. Hori izan zuen buruan Murok Jon eta Mirka idazten hasi zenean. Eta zientzia fikzioaren jantziak eman zizkion istorioari. Protagonista Jon da, umezurtz etxe bakartu batean sartu duten gaztetxoa. Jonek ez du inor; ez familiarik, ez lagunik. Gainera, konformagaitza da, eta horrek eramango du eskolako zuzendariarekin eta ikaskide harroputzekin gatazkak izatera. Gau batean, ordea, Mirkak gidatutako espaziontzi bat agertuko zaio Joni. Mirka estralurtarra da, eta haren misioa da duela mende asko Lurretik gertu desagertu zen espedizio bateko kideak aurkitzea. Jonek ez du umezurztegitik ihes egiteko aukera galtzen utzi nahiko...

Orain, idatzi zuenetik 35 urte inguru igaro direnean, istorioa ez dela zahartu pentsatzen du Murok. Zientzia fikzioko elementuak izanik, gerta zitekeena. «Beldur horrekin hasi nintzen berrirakurtzen, baina uste dut ondo jasan duela pasatu den denbora». Aurkitu du istorioan «anakronikoa» izan daitekeen elementu bakanen bat —«adibidez, pertsonaia batek galdetzen du non aurki daitekeen objektu bati buruzko informazioa, eta beste batek erantzuten dio: 'Liburutegi eta museoetan'. Jakina, garai hartan ez zegoen Internetik!»—, baina zegoen bezala utzi du eta albo ohar bat gehitu dio. Baina, oro har, Jon eta Mirka-n jorratzen diren gaiak gaur-gaurkoak izan daitezkeela uste du Murok. «Komikia idatzi nuenean Lemoizko gatazka puri-purian zegoen, eta nik banuen nolabaiteko obsesioa horrekin, ekologiarekin. Istorioan hondakin nuklearrez hitz egin nuen, eta gaur egun ere badira ekologiarentzat arriskutsuak diren materia ugari».

Abenturaz beteriko lana izan arren, abentura horien atzean gizakiari lotutako arazoak ezkutatzen dira, gai unibertsalak finean. Eta horiek ematen diote sakontasuna eta, batik bat, gaurkotasuna istorioari, Murok berak dioenez: «Abentura hutsa izan balitz, ziur aski zaharkitua geratuko zen».

Istorioa idatzi zuen garai berean ezagutu zuen Murok Daniel Redondo, eta haren obra ikusita, Jon eta Mirka ilustratzeko egokiena hura zela pentsatu zuen: «Gero, baina, nire aurreikuspen guztiak gainditu zituen!».

Redondok Frantziako merkatuarentzat egin du lan batik bat —Barbe-Rouge pertsonaiaren hainbat istorio egin zituen, besteak beste—, baina ondo gogoan du Jon eta Mirka egin zuenekoa ere, eta komikia bi lagunen artean egiten denean lan egiten den moduaren eredutzat du. «Marrazkilariaren helburua izan behar du gidoian idatzita dagoena irudiaren bitartez transmititzea. Besterik ez da». Jon eta Mirkaren kasuan, gidoian irakurritakoa «buruan ikusten» zuen, eta hori irakurleari erakutsi behar zion. «Eta hortik aurrera, lan eta lan aritzea».

Lusitania transatlantikoa

Jon eta Mirka-rekin batera, S.O.S. Lusitania, Patrice Ordasek, Patrick Cothiasek eta Jack Mani nik idatzi eta Maninik berak marraztutako komikia argitaratu du Harriet argitaletxeak. 2013an argitaratu zuten aurreneko aldiz Frantzian, eta, orain, saileko hiru liburuak bilduma bakarrean jaso ditu Harriet argitaletxeak Joanes Urkixok euskaratuta.

Abiapuntua: 1915. urtea.I. Mundu Gerra piztua da Europan, Alemaniak gerra eremu izendatu ditu Ipar itsasoa eta Mantxako kanala, eta New Yorketik Lusitania ontzi erraldoia atera da Liverpoolerako bidean. Han doaz, beste bidaiari batzuen artean, Elbert Hubbard filosofoa, Franck Tower espioia eta Mickael Morrison marinela. Benetako gertaeretan oinarritutako istorioa da, nahiz eta egileek fikzioa erabili duten «thriller baten itxura» duen istorioa garatzeko. «Kontakizunak gertaera historiko haien atzean egon zitezkeen arrazoiak ekartzen ditu lehen planora».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.