Ikerlari batek lapurtutako 2.000 eskutitz historiko berreskuratu dituzte

Hego Euskal Herrian egindako espoliazio kasurik handiena azaldu du Ertzaintzak, EHUk antolaturiko Udako Ikastaroetan, Donostian

Ertzaintzak berreskuraturiko gutun zaharretako bat, 1604koa. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2017ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Ikerketa lanak 2011n hasi zituzten. Bergarako udal artxiboko (Gipuzkoa) arduradunak, Arantzazu Oregik, eman zuen lehen pista, jabetu baitzen 200dik gora dokumentu historiko falta zirela. Salaketa jarri zuen herriko Ertzaintzaren polizia etxean, eta, ikerketen ondorioz, pertsona bat atxilotu zuten lapurreten erantzule gisa. «Dokumentu prefilatelikoetan aditua eta bildumagilea zen. Sarbidea zuen artxibo publiko eta pribatuetan, eta edozein deskuidu baliatzen zuen lapurreta egiteko», adierazi zuen Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak, atzo, Donostiako Miramar jauregian egindako agerraldi publikoan.

EHUk antolaturiko Udako Ikastaroak —Euskal Autonomia Erkidegoko kultur ondarearen babes erregimenetik ondorioztatutako arazoak izenekoa, zehazki— baliatu zituen Eusko Jaurlaritzak dokumentu ondare horren lapurretaren ikerketaren berri emateko. Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria eta Elena Lete Bergarako alkatea ere han izan ziren. Clemente Garai eta Koldo Olabarrieta Ertzaintzaren buruek eman zituzten ikerketaren xehetasunak. Atxilotuaren nortasuna ez zuten jakinarazi, baina bai azaldu zuten euskal herritarra dela, eta, ebasketa delitua egotzi ziotenez, urtebete eta hiru urte arteko zigorra ezarri ziotela.

650 inguru berreskuratzeke

Hego Euskal Herrian ez ezik, Kataluniako eta Espainiako artxiboetan ere dokumentuak lapurtu zituen. Ikerketen ondorioz, 2.000 dokumentu inguru berreskuratu ahal izan dituzte, atzo azaldu zutenez. Euskal Herriko artxiboetatik ostutakoak 808 dokumentu izan dira, eta horietatik 157 berreskuratu ditu Ertzaintzak: «Oraindik ere beste 651 eskutitz daude berreskuratzeko, hortaz. Horretan ari gara lanean. Lehenago edo geroago azalduko dira».

Dokumentu gehienak eskutitzak ziren: «oraindik zigilurik ez zegoen garaiko gutunak», hain zuzen ere. «Gutun azalik gabeko eskutitzak izaten ziren, tolestuta bidaltzen ziren paper sortak». Behin lapurtu eta gero, dokumentu horien jomuga ohikoena bildumazaleen merkatua izaten zen, eta, bestela, lapurreten egileak berak gordetzen zituen. «Ostutako dokumentuetako batzuek 400 euro balio zezaketen merkatuan, baina dokumentu horiena ez da horrenbeste balio ekonomikoa, baizik eta ondare balioa», Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak adierazi zuenez.

Bergarako udal artxibotik (237 dokumentu), Urretxukotik (7), Zabala sendiaren artxibotik (9), Loiolako santutegitik (1) eta Irargi Euskadiko artxibategitik (554) ostu zituen dokumentuak bildumazale adituak. Lapurturiko gutunen jatorrizko zenbait erakutsi zituzten Ertzaintzako buruek atzo egindako agerraldian. Horien artean ziren Felipe III.a Espainiako erregeak 1604an idatzitako gutun bat, eta Felipe IV.ak 1625ean idatzitako beste bat. «Bakanak eta errepikaezinak dira gutun horiek, balio horixe dute».

Gaur egun halako lapurreta bat egitea zailagoa dela jakinarazi zuten Ertzaintzako arduradunek, «gutunak digitalizaturik baitaude orain, eta interesa duenari edo adituari ez baitzaio uzten jatorrizko dokumentua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.