XX. mendeko handietako bat

Gabriel Arestiren kultur ekarpena nabarmendu dute Arantxa Urretabizkaiak eta Bernardo Atxagak Euskaltzaindian, eta jasan zituen arbuioak ere gogoratu dituzte.

Arantxa Urretabizkaia eta Bernardo Atxaga idazleak, Miren Rubio moderatzailearekin, atzo, Bilbon egindako mahai inguruan. MARISOL RAMIREZ/ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Arestik egiten zuena ez zen mundu guztiaren gustuko, eta hori oso bistakoa zen, baina XX. mendean baldin badaude bi edo hiru pertsona nabarmen, haietako bat Aresti izan zen. Hura gabe ez geundeke hemen». Gabriel Arestiren omenez, egun beteko jardunaldiak antolatu zituen atzo Bilboko bere egoitzan Euskaltzaindiak, eta Arantxa Urretabizkaiaren eta Bernardo Atxagaren solasaldiak eman zion amaiera saioari. Aurreko mendeko figura garrantzitsuenen artean kokatu zuen Urretabizkaiak Bilboko idazlea, eta Atxagak ere lehen lerrokotzat jo zuen haren ekarpena. «Purismoaren zama kendu zuen gainetik, eta erakutsi zigun mundu bat berria». Aurrez, Andoni Egaña, Jon Kortazar, Xabier Kintana, Susana Jodra, Mikel Martinez eta Oskorri ere izan ziren jardunaldietan, eta Agustin Ibarrola margolariari omenaldia ere egin zitzaion.

Joseba Sarrionandia idazleak ekitaldirako propio grabatutakohitz batzuk ere jarri zituzten azken solasaldia hasi aurretik. Arestik Xose Neira Vilas idazle galiziarrari Habanara idatzitako eskaintza izan zuen abiapuntu Sarrionandiak. «Euskadi será el próximo Vietnam» (Euskadi izango da hurrengo Vietnama). Eta Sarrionandiaren azalpena: «Gabriel erreboluzio kultural euskaldun baten abangoardian sentitzen zen, bere bakardade eta ernegu guztiekin, eta erreboluzio kultural euskaldun hura erreboluzio politiko mundial batean kokatzen zuen».

1970ean ezagutu zuen Urretabizkaiak Aresti lehenengoz. Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolarekin zegoela gogoratu zuen idazleak. «'Lur' jartzen zuten kartelak jartzen ari ginen gauez, eta halako batean udaltzainek harrapatu, eta komisarian egin genuen lo». Ez zen izan egun haietan bizitako gatazka bakarra, ordea. Hurrengo egunean hasi zen Durangoko Azoka, eta antolatzaileek ukatu egin zieten lekua Lur argitaletxekoei, zergatik eta euskara batuaren alde zeudelako. Lagun batek utzi zien mahaian txoko bat Urretabizkaia eta lagunei, eta hantxe liburuak saltzen zebilela ezagutu zuen Aresti.

21 urte Urretabizkaiak, eta 37 Arestik, baina askoz ere zaharragotzat zuen Urretabizkaiak. «Gure aita bezala janzten zen», azaldu zuen, brometan.

Gurasokeria eta errespetua

Eta izan zuen bere pisua adin ezberdintasun horrek bi idazleen arteko harremanean. Urretabizkaia: «Nik orain igarri dut gurasokeria, nire semeen gurasoak izan daitezkeen gizonezko idazleengandik. Horrekin konparatuta, Arestirena ez zen gurasokeria. Bazuen nirekiko babesezko jarrera bat, baina, nire harridurarako, seriotan hartzen ninduen». Konplizitate giroa nabarmendu zuen, halere, Urretabizkaiak. «Saizarbitoriak, Sarasolak eta Arestik osatutako hirukoteak tratatu nau gerora inoiz gutxi sentitu dudan errespetuarekin; ni han ez nintzen taldeko neska».

Lur argitaletxean nola hasi zen ere kontatu zuen Urretabizkaiak. «Haiek jakinda zertan ari ziren eta nik jakin gabe, egin genuen batuaren hautua, eta egin genuen hautu hori itsu-itsuan, eta horren bultzatzaile nagusia izan zen Aresti». Eta hautu hura da Urretabizkaiak nabarmendu dituen ekarpen nagusietako bat. «Arestik zubi bat altxatu zuen, eta haren gainetik pasatu ginen ondorengo belaunaldiko guztiok».

Atxaga ere literaturaren bidez heldu zen Arestirenganaino. Bere lehen testuetariko bat irakurri, eta kritika zorrotza helarazi zion Arestik. Eta, hain zuzen, Arestiren eskutitz haren txatal batzuk irakurri zituen Atxagak atzo. Nonbait, purismo aztarnak ikusi zizkion Arestik Atxagari testuetan, eta horren kontra egin zuen eskutitzean. «Atxagak hautatu egin behar du idazle izatearen edo purista izatearen artean. Txorakeria bat irudi lezake horrek, baina literatur sentsibilitatea duen norbaitek soilik ulertu ahalko duen egia bat da hori».

Inoiz jasotako aholkurik onena Arestik emandako hori izan zela esan zuen Atxagak. Eta oraindik ere gaur-gaurkoa da purismoaren aurkako jarrera hori, «hil ala bizikoa», haren ustez. «Gaur egun, purismoa da sekula izan den eta handiena, baina enmaskaratua dago».

Atxaga: «Nik harekin filiazio harreman bat izan dut, eta izan da, seguru asko, nire bizitzan eragin gehiena izan duen pertsona. Hori esaten dut aitortzeko ere zer-nolako zorte ona izan nuen. Ze izan dezakezu aita gaizto batere». Eta ez zen hori kasua Arestirekin.

Bere lehen testu haien harira jasotako beste eskutitz bat jarri zuen Atxagak horren adibidetzat. «[Idatzitako lehen artikulu haren harira] beste eskutitz bat ere jaso nuen, bertsolari batena, esaten zidana arren eta arren Euskal Herriaren mesedetan ez jarraitzeko euskaraz idazten». Erantzuna ere bidali zion Atxagak bertsolari hari oraindik euskaraz guztiz trebatu gabe zegoela azalduz, eta bere euskaragatik desenkusatuz. Eta eskutitza bere horretan bueltan itzuli zion bertsolariak, baina testuan zeuden akats guztiak gorriz zuzenduz. Horren aldean, Arestik azaldutako babesa nabarmendu zuen Atxagak. «Arestik bultza egin zidan kinka horretan».

Setiatua eta erasotua

Minaz ere aritu zen Atxaga solasaldi amaieran. «Egia handi batzuk esan behar dira. Aresti nik ezagutu nuenerako setiatuta zegoela esatea gutxi da. Setiatua. Erasotua. Bera ere ez zen pertsona gozoa izango, baina zenbat eta zenbat daude euskal kulturan aritu direnak, jo eta ke, arbuiatu dutenak euskal kultura, haientzat oso kaltegarria izan zelako. Mirandek euskaraz idazteari utzi zion oso gogorrak izan zirelako berak ere jaso zituen arbuioak, eta Arestik jasotako arbuioak ere oso gogorrakizan ziren».

Atzo gogoratu zuenez, behin, bere testuetan Arestiren liburu bati aipamenik ere ez egiteko kontsigna ere heldu zitzaion Atxagari. «Horrek ere zerbait esaten du euskal kulturari buruz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.