Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kirola Bozik gabe, presidente

Publizitatea

Kirola

Bozik gabe, presidente

Victor Alvarez eta Juan Ramon Lafonen helegiteak baztertu, eta Luis Sabalza presidente izendatu du Osasunako hauteskunde batzordeak
Luis Sabalza, Sadar estadioaren 50. urteurrenaren festan.
Luis Sabalza, Sadar estadioaren 50. urteurrenaren festan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

2017-11-14 / Eñaut Agirrebengoa

Presidentea eta zuzendaritza aukeratzeko hauteskunderik ez da izango Osasunan. Hauteskunde batzordeak errefusatu egin zituen Osasuna aldaketa eta 15.910 gara hautagaitzen berme ekonomikoak duela astebete, eta atzo berretsi egin zuen erabakia. Atzera bota zituen Victor Alvarez eta Juan Ramon Lafon hautagaiek aurkeztutako inpugnazioak, eta, hala, Luis Sabalzaren esku utzi zuen Osasunako presidentetza. Azken agintaldian presidente izandakoak jaso du soilik hauteskunde batzordearen oniritzia; hortaz, beste lau urtez izango da Nafarroako klubeko buru, bozetan bazkideen babesa jaso beharrik izan gabe. 2014an ere hala iritsi zen agintera, Javier Zabaletaren hautagaitza bertan behera gelditu ondotik.

Alvarez eta Lafonek aurkeztu beharreko aurreabalek markatu dute hauteskunde prozesua. Martxoan moldatu egin ziren estatutuak, eta hautagai izateko bete beharreko baldintzen barruan, aurrekontuaren %15eko aurreabala —kasu honetan, 4,25 milioi eurokoa— aurkeztea txertatu zen, klubaren gardentasuna eta interesak babeste aldera. Bada, betebehar berri horrek kalapita galanta sortu du. Lehenik, ika-mika izan zen aurkeztu beharreko dokumentu motaren harira; eta, ondoren, are gehiago bizitu zen sua, batzordeak Lafon eta Alvarezen bermeak onartu ez zituenean. Klubeko barne organoaren arabera, bi plataformen abalak ez zetozen bat estatutuekin. Hauek inpugnatu egin zuten erabakia. Bazuten bozetara aurkezteko esperantza.

Haatik, Lafon eta Alvarezen hautagaitzen helegiteak atzera bota zituen atzo hauteskunde batzordeak. Agiri bat zabaldu zuen klubaren webgunean, harturiko erabakia aletuz. Bertan, aurrez esandakoari eusten dio: Alvarezen dokumentua ezin daiteke aurreabaltzat jo, berme-emailea behin-betiko abala ematera derrigortuta ez dagoelakoan; eta Lafonen bermea «Espainiako Bankuaren erregistroan ez dagoen erakunde batek emana da», estatutuek eta LFPk eskatzen dutenaren «kontrara».

Horretaz landa, batzordeak agerraldia egin zuen Sadarko prentsa aretoan. Bere jarduna defendatu zuen, azpimarratuz estatutuak «goitik behera» errespetatu dituztela, «inoren eraginpean» izan gabe. «Gezurtiak eta txotxongilo batzuk garela entzun behar izan dugu, eta min egin digute halakoek. Ordea, zabaldu dugun dokumentazio guztia aztertuz gero, esan daiteke oso independenteak izan garela». Adierazi zuen nahiago zukeela bozak egitea, baina, halaber, nabarmendu estatutuak ezin direla «urratu». Horiek hala, Sabalzarena da baleko hautagaitza bakarra. Zangozarrak aski izan du bazkideen sinadurak aurkeztea; ez du bermea aurkeztu beharrik izan, azken sasoian Osasunak irabaziak lortu zituelako, bera agintean zela. Asteazken edo ostegunean hartu lezake kargua.

Atzo bertan, hauteskunde batzordearen erabakiaren berri izan aurretik, Alvarezek inpugnatu egin zuen hauteskunde prozesua, bozak deitzerakoan estatutuen 27. artikulua ez ei zelako errespetatu. Dena den, ez du asmorik epaitegietara jotzeko; bai, ordea, Lafonek. Behin baino gehiagotan adierazi du bide judiziala agortzeko prest dagoela.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak