Ilusioa dute bidaide

Ampo Ordiziak sasoi bikaina egin du, eta, horri esker, Espainiako Ohorezko Mailako final-laurdenetan ariko da bihar, Santanderren, Independienteren aurka. Lau urte ziren ez zela horren urruti iritsi; bolada onean dira ordiziarrak.

Ampo Ordizia taldeko jokalari eta entrenatzaileak, herenegun, Altamiran, entrenamendua hasi aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Bueltan da Ampo Ordizia errugbi taldea. Ez zen inora joan, hamahiru sasoi baitaramatza jarraian Espainiako Ohorezko Mailan jokatzen. Azken denboraldietan, baina, nahi baino apalago aritu da. Sasoi honetan, ordea, gora egin du berriro, eta titulurako kanporaketak jokatuko ditu. Lau urte ziren ez zuela halakorik lortu. Bihar jokatuko du final-laurdenetako partida, Santanderren (Espainia), goizeko hamabietan, Independienteren aurka.

«Ilusioa nabari da berriro herrian. Taldeak beti izan du babes handia, baina sasoi honetan oso emaitza onak lortu ditu, eta horrek, noski, ilusioa piztu du berriz ere», dio Iñigo Marotiasek (Ordizia, Gipuzkoa, 1986), taldeko bi entrenatzaileetako batek —Haritz Garmendia da bestea—.

Taldeak lortutako emaitza oso onak aipatu ditu. Halakoetan, ez dago zenbakiei erreparatu beste modu hoberik. Eta datuek diote Ordiziak klubaren marka guztiak apurtu dituela: inoiz baino puntu gehiago batu ditu sailkapenean (72); inoiz baino puntu gehiago lortu ditu zelaian (724); inoiz baino entsegu gehiago lortu ditu (74); eta inoiz baino gehiagotan eskuratu du erasoko puntu gehigarria (hamahirutan). Halere, lau talde izan ditu aurretik sailkapenean, ligak duen maila handiaren erakusle. Independiente izan da horietako bat: laugarren izan da, eta bosgarren Ordizia. Hiru puntu egon dira bien artean. Elkarren arteko partidetan, ordea, gipuzkoarrak nagusitu dira, puntu bakar batengatik bietan: 36-37 Santanderren, eta 27-26 Ordizian. Beraz, bada itxaropentsu egoteko arrazoirik.

Ordiziarrek sasoi honetan eginiko jardunak bi aldi oso ezberdin izan ditu: lehen itzulian pattal aritu ziren, eta bigarrengoan bikain. Aurreneko 11 jardunaldiak jokatuta, zazpigarren ziren, 28 puntu pilatuta. Bigarrengoan, ordea, jauzia eman dute, 44 puntu bilduta, 72 guztira. VRACek eta El Salvadorrek bakarrik —ligako aurreneko bi sailkatuek— eskuratu dituzte puntu gehiago. Hain zuzen ere, bi talde horiek izan dira bigarren itzulian Ordiziari irabazteko gai izan diren bakarrak. Gogotik sufrituta lortu dute, nahiz eta etxean jokatu: El Salvadorrek 26-23 irabazi zion, eta VRACek 46-45. Bi porrot horiek eta Alcobendasen aurkako berdinketa izan dira Ordiziak bigarren itzulian irabazi ez dituen neurketa bakarrak. Beste zortziak irabazi egin ditu.

Taldean espero zuten halako aldea jardunean. «Bagenekien bigarren itzulian lan askoz hobea egin genezakeela. Lehen itzulian, oso partida zailak jokatu behar izan genituen etxetik kanpo. Gernikan, berriz, zelaia oso gaizki zegoen. Hori gutxi ez, eta El Salvador eta VRAC jaso genituen. Larritu ere egin ginen, lehen garaipena lortzeko zain. Zorionez, bigarren itzulian, egutegi samurragoa izanda, gora egin dugu».

Aurreko sasoietako estatistikei erreparatuta, Ordiziak nabarmen aldatu du jokamoldea. Badu azalpenik. «Lehen, puntu gutxi lortzen genituen neurketetan. Horren inguruan gogoeta egin eta erabaki genuen komenigarria izango zela estiloa aldatzea, erasokorrago jokatzea, alegia. Orain, puntu gehiago jasotzen ditugu, baina lortu ere bai».

«Jokalarien lana»; horra gakoa. «Iaz jada konturatu ginen iritsiko zirela emaitza onak lana gogor eginez gero eta bene-benetan sakrifikatuz gero. Sekulako entrenamenduak egin ditugu, eta horren fruitua da lortu duguna. Gainera, sinetsita gaude oraindik asko hobe dezakegula. Belaunaldi polita dugu esku artean».

Belaunaldiaren gaia azpimarratu du. Haren iritziz, «oso kontuan hartzeko aldagaia» da taldearen garapena ulertzeko. «Taldeak hazkunde itzela izan zuen duela urte asko, eta horri esker igo zen maila nagusira. Jarraian, bost urtez aritu zen mailari eusteko sufritzen. Garai hartan, belaunaldi aldaketa bat izan zen, eta hurrengo lau urteak oso oparoak izan ziren: Ordizia ligako txapeldunorde eta kopako txapeldun izan zen lehen bi urteetan, eta hurrengo bietan ere titulurako kanporaketara sailkatu zen. 2014an, beste belaunaldi aldaketa bat izan zen. Taldeak behera egin zuen, baina inoiz ez larri ibiltzeko adina. Laugarren sasoian mamitu da aldaketa, jokalariak askoz helduagoak direlako. Goraka ari gara».

Denetarik dago taldean. 39 jokalari erabili dituzte sasoi honetan; horietatik zazpi dira profesionalak. Beste 32ak, ez. Etxeko jokalariak dira gehiengo horien artean. «Nahasketa polita dugu».

Kanporaketa oso parekatua

«Ilusioz, gogoz eta itxaropentsu» dira Independienterekin indarrak neurtu bezperan; baita «zuhur» ere. «Oso berdinduak izan dira elkarren aurka jokatu ditugun bi partidak. Irabazi egin ditugu biak, baina puntu bakar batengatik. Beraz, esan daiteke ia berdindu egin dugula. Espero dugu igandeko partida ere halakoxea izatea; oso gogorra eta oso berdindua».

Ordiziarrek nahiko lukete partida Altamiran jokatzea, baina Independientek izango du abantaila hori; «abantaila polita», Marotiasen ustez. Abantaila esan eta berehala aipatu du San Roman zelaia. «Berezia da, txikia, motza, eta horrek ez digu mesede egingo. Independiente, aldiz, ohituta dago».

«Xehetasunetan» egongo da gakoa, bi taldeek ondo ezagutzen baitute elkar. «Garrantzitsutzat» jo du zigorrik ez jasotzea. «Zelaia txikia izanik, eta bi taldeok ostikatzaile onak izanik, zigor kolpeek zeresan handia izan dezakete. Edozein hanka-sartze egin, hiru kolpe jaso eta partida joan dakizuke. Oso adi egon beharko dugu, hasi eta buka. Kontzentrazioari eusten dionak irabaziko du».

Babesik ez zaie faltako. Klubak autobus bat antolatu zuen, eta aspaldi bete zen. Dezente izango dira autoan joango direnak ere; gertu dago Santander. «Egun pasa ederra egiteko modu bikaina da. Ea guk laguntzen dugun eguna biribila izan dadin». Irabazi ala galdu, burua tente utziko dute zelaia. «Sekulako lana egin dugu. Aspaldi bete genuen denboraldiko helburua. Etor daitekeen guztia saria izango da, sari zinez ederra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.