Ahots miragarritik haratago

Hainbat arau hautsi zituen Sam Cookek. Gospeletik soulerako igarobidea ibili zuen, eta eskubide zibilen alde borrokatu zen, adibidez. Gaur 50 urte erail zuten.
Sam Cooke, etxean, gitarrarekin entseatzen.
Sam Cooke, etxean, gitarrarekin entseatzen. - / EZEZAGUNA

Igor Susaeta -

2014ko abenduak 11
Inoizko abeslari onenen zerrenda osatu zuen Rolling Stone aldizkariaren AEBetako edizioak orain lau urte. Aretha Franklin lehen tokian, Ray Charles bigarrengoan, Elvis Presley hirugarrengoan, eta podiumetik kanpo, hurrengoa sailkapen arbitrario horretan, Sam Cooke, Mr. Soul deiturikoa (1931-1964). Soil-soilean zeukan ahotsari helduz gero, batetik aipatu behar da eliza baptistaren gospel zeremonia espiritualetan trebatutako kantaria zela; eta, bestetik, abestiak tinbre garbi eta mehearekin alai bezala malenkoniatsu interpreta zitzakeela. Horren ondorioz, haren 30 bat kantu irratietako hit bihurtu ziren 1957 eta 1964 artean. «Abesteko jaio zen», adierazi zuen Van Morrisonek behin, Cookeri buruz galdetuta. Duela 50 urte hil zuen, tiroz, Los Angelesko (Kalifornia, AEB) motel baten jabeak. Beharbada, eta hainbat hipotesiren arabera, kantutegi erlijiosoaren harrobitik ateratako ezinezko ahotseko kantaria baino zerbait gehiago zelako hil zuten, 1964ko abenduaren 11n.

Hasteko, arraza segregazioa indargabetzeko sortutako eskubide zibilen aldeko mugimendu sozialeko buruen gertukoa, are laguna, zelako ordurako, besteak beste, Martin Luther Kingena, Muhammad Alirena eta Malcolm X-ena. Cookeren asmoa ez baitzen soilik afroamerikarrak liluratuko zituen musika egitea; ez zituen kantu arrazazkoak eta erlijiosoak bakarrik egin nahi. Pop sortzaile izatea zuen helburu, eta horregatik ibili zuen gospeletik soulerako bidea, Little Richard garaikide eta arrazakideak gospeletik rockerakoa osatu zuen moduan.

Izan ere, afroamerikarrak eurenean gotortzen ziren sasoi hartan, eta komunitateak sortzaileari gurutzea jar ziezaiokeen betirako, baldin eta aurrezarritako hesi moral-estetiko-kulturalaren gainetik jauzi egiteko adorea bazuen eta maitasunezko kantu zikinak kantatzen bazituen, adibidez. Ausartu zen Cooke, ezizen batekin izan baldin bazen ere. The Soul Stirrers jarraitzaile ugariko gospel taldeko ahots izarra zen 1950eko hamarkadaren hasieran, baina Cookek jada buruan zeukan arauak hausten hastea. Horregatik, Wonderful gospel generoko doinu klasikoa hartu eta Lovable bihurtu zuen, pop moldaketak eginez. Dale Cook izeneko batek izenpetu zuen; Cookek berak, alegia.

Julius June Cheeks kantaria ezagutzen zuen ordurako. Hura oso kritikoa zen segregazio politikarekin, eta dezenteko eragina izan zuen Cookek politikaz eta gizarte afroamerikarraren errealitate sozialaz zeukan ikuspegian. Eskoletan beltzak eta zuriak bereiztea antikonstituzionala zela deklaratu zuen AEBetako Auzitegi Gorenak Brown vs Board of Education Of Topeka sententziaren bidez (1954), eta hura gertatu eta berehala All Right Now grabatu zuten elkarrekin.

Hasi eta buka, haiek sortutakoa zen abesti hura. Orduko rhythm and blues kantari gehienek beste norbaitek ondutako doinuak abesten zituzten, baina horretan ere ezohikoa zen Mr. Soul, berak konposatzen baitzituen gero interpretatuko zituen kantuak. Sasoi hartan are harritzekoagoa zen kantari batek diskoetxe propioa sortzea. Bada, hori ere egin zuen SAR Records eratuta, eta The Simms Twins, The Valentinos, Bobby Womack eta Johnnie Taylor hasiberriei bidea irekita. Ahots miragarri bat edukitzetik haratagokoa zen haren ekarpena.

Eskubide zibilen aldeko borroka puri-purian zegoen, eta mugimenduaren aldeko ekitaldietan bozgorailuetatik aditzen zuen Cookek Blowin in the Wind, bakeaz, gerraz eta askatasunaz mintzo den Bob Dylanen abestia.

Cooke 22 urteko trobadore gaztearen konposaketa erretoriko hura gogoan zuela bizi zen... 1963ko urriaren 8an, soilik zurientzat zen Louisianako (AEB) motel batean ostatu hartu nahi izan zuen Mr. Soulek bere taldekideekin batera —«Whites only» kartela zintzilikatzen zuten kanpoan—, eta atxilo hartu zituzten. Horrek sortutako amorruaren ondorioz eta Dylanena eredutzat hartuta idatzi zuen A Change is Gonna Come protesta kantua. Hil ondoren argitaratu zuten, eta eskubide zibilen aldeko mugimenduaren ereserki bihurtu. Soularen izen handi guztiek interpretatu dute gerora, eta baita Dylanek berak ere inoiz.

Zuzenekoetan ere bai

Ondo orraztutakoak eta oso melodikoak ziren Cookeren grabaketak. Telebistan, gainera, beti agertu ohi zen irribarretsu, dotore, limurtzaile, eta janzten zituen esmokinek haren planta lerdena areagotzen zuten —«konkistatzaile bat» zela esaten zuen Solomon Burkek Cookez—.

Baina limurtzaile bezain suzkoa izan zitekeen; batez ere zuzeneko emanaldietan. Musikazale sutsu eta erlikien bildumazale orok daukaten diskoa da Live at the Harlem Square, 1963, Miamin emandakoa (Florida, AEB). Han agertu zen abeslaria, baina ez esmokinarekin, botoietako batzuk solte zituen alkondara gorri batekin baizik, eta hauxe adierazi zion parean zuen zale saldoari: «Ongi da. Gaur ez dut borrokarik nahi hemen. Denok batera sentitzea nahi dut!». Eta sentitu zuten, Mr. Soulen eta ikusleen arteko sekulako konexioa lortuz. King Curtis saxofonistaren haizezko instrumentuen taldearekin batera aletu zituen Feel it, Wonderful World, Cupid, It's Allright, Bring it Home to me, You send me eta Having a Party, esaterako. Lan hura, baina, hainbat arrazoi zirela kausa, ez zuten 1985 arte kaleratu.

Soularen garbizaleentzat, Otis Redding da benetako soulman-a: basatia doinu azkarretan, eta suharra baladetan. Baina Redding izan zen Cookeren emaritik edan zuena. Otis Blues diskoan, esaterako, Cookeren abesti pare baten bertsioak egin zituen.

Redding ere gazte hil zen: 26 urterekin, istripuz. 33rekin Cooke. Bertha Franklin Hacienda motelaren jabeak hil zuen, ustez eraso egin ziolako. Ia biluzik zegoen Cooke. Franklinek deklaratu zuen, geroago, abeslariak emakumezko gazte bat bortxatu zuela. Kontua ez zen ez gehiegi zabaldu ez ganoraz ikertu —ezkonduta zegoen Cooke, eta seme-alabak zituen—, eta azkenean hauxe zehaztu zuen epaiak: «Justifikatutako hilketa».

Etxean dagoenean, Keith Richardsek Rolling Stones baino «askoz ere gusturago» aditzen du Cooke. Ahots konparaezina duelako. Ez zuten horregatik hil, ordea. Agian, sasoi hartarako ahots ederregiko eta itxura onegiko kantaria izateaz gain beste zerbait ere bazelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna