Kazetaritzaren kiratsa

Galder Perezek idatzitako 'Off the record' antzerkia estreinatuko dute gaur.Hedabideak eta boterea ditu ardatz hogei minutuko obra horrek

Aiora Serrano eta Ane Zabala dira obrako aktore bakarrak. GALDER PEREZ.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Euskal enpresaririk arrakastatsuena elkarrizketatuko du kazetari gazteak, eta ezustean, azken hamarkadan izandako iruzur handienetako bat deskubrituko du. Pagotxa izan zitekeen informazioa, baina, amesgaizto bihurtuko zaio egunkariko langileari, usteldutako komunikabideen eta enpresarien loturaren ondorioz. Horra hor Galder Perezek idatzi eta zuzendutako Off the record antzezlanaren haria. Oholtzan: Ane Zabala eta Aiora Serrano aktoreak. Hogei minutu eskasean, absurdoz beteriko komedia beltz bat antzeztuko dute biek, kritika soziala zehar lerro gisa izanda. Gaur estreinatuko dute, III. Antzerki Arin jardunaldien barruan, Bilboko Pabiloi 6 aretoan.

«Ahizpak dira kazetaritza ustela, boterea eta dirua». Ahobizarrik gabe mintzo da Zabala. Eta, hain zuzen ere, hiruren artean dagoen erlazioa dela medio hautatu dituzte testuinguru gisa. «Egunero itotzen gaituztenak direlako». Prentsa idatzian jarri nahi izan dute arreta, «erromantikoagoa» delako. «Intentsua» den zerbait josi dute; «komedia beltz, absurdo, satiriko, tragiko eta sozial bat».

Ez dituzte ausaz aukeratu jorratutako estilo horiek. Zergati bat dute. «Drama sozial bat agertzeko komediak berezko dituen edukiak oso baliagarriak dira: ikusleen enpatia, sinpatia eta dibertimenduagatik, komediak bihotzak biguntzen ditu». Gauza bera gertatu zaie absurdoarekin; kontatu nahi zutenaren neurriko estilotzat dute. «Ustezko inozokeria baten atzean sekulako paradigmak plantea daitezke». Hala, umoretik asko edaten duen sorkari bat ehundu dute.

Bururatutako guztia gorpuzteko, hogei minutu inguru baino ez dituzte erabiliko; izan ere, «denbora errealean» pasatzen da istorioa. «Beste edozein lanek izan ditzakeen bideak egiten ditu denbora konprimatu batean; esperimentatzeko aukera handia ematen du ekoizpen aldetik».

Ez da iraupena soilik, ordea, bitxia dena. Taularatzeak ere badu zailtasunik. Modu «zirkularrean» jokatuko baitute emankizuna. Alegia, ez da obraren atzeko eta aurreko parterik existituko. Tokia bera bilakatuko dute agertoki, bere osotasunean. Horrek are gehiago murgilduko du publikoa lanean. «Ikusleak ahalik eta gertuen egotea nahi dugu».

Obra barreneko ikuslea

Hurbiltasun horrek badu begirada zorrotzetik. Kritikatik. Ikusleak «voyeaur» izatea nahi dute. Hausnartzeko. Arrazoia: «Egunero gertatzen diren milaka injustiziaren lekuko mutuak gara, lantokietan, kalean, etxean... Gure begien aurrean gertatzen dira etengabeko bidegabekeriak, eta gu ezer egiteko inor ez garela pentsatzen dugu». Fikzioa errealitatearekin uztartu nahi dute, beraz.

Obran, Engels eta kristauen Biblia ere izan dituzte gogoan. Biblia, ikusteko zein «barneratua» dagoen «beste masaila jartzea»; Engels, berriz, ideiengatik. «Guztion kontrako guda soziala deklaratu den honetan mundu zoro honek zutik irautea, horixe bai sinestezina». Bi ikuspegi horiek zeharkatuko dira Off the record antzezlanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.