Iragan mina, egungo begietatik

Ekaitz Goienetxeak irabazi du Igartza Saria, eta heroinak 1980ko urteetan euskal kostaldeko herri batean izandako eraginaz eleberria idatziko du. Egungo neska gazte bat izango da protagonista

Beasaingo Igartza jauregian jaso zuen Ekaitz Goienetxeak saria, atzo arratsaldean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko irailaren 15a
00:00
Entzun
1980ko urteetan heroinak belaunaldi oso bati erasan zion Euskal Herrian. Garai hura ez zuen zuzenean bizi izan Ekaitz Goienetxea (Miarritze, 1982) idazle eta kazetariak, eta orduko gazteek bizi izandakoaz gutxi hitz egin izan dela uste du. «Lagunarteko elkarrizketa batean konturatu ginen gure herrian bazeudela garai hartako istorio oso interesgarriak, eta bazegoela hutsune oso handi bat, baita tabu antzeko bat ere, minagatik edo, oso kolpatua izan zelako eta belaunaldi oso bat galdu zelako». Igartza Saria irabazita idatziko duen nobelan helduko dio berak gaiari. Karramarroa trostan izena jarri dio lanari, eta orduko istorioak bai, baina gaur egungo gazte baten ikuspegitik jorratuko ditu, neska gazte bat izango baita kontakizuneko protagonista. Liburua 2018. urte hasieran argitaratuko du Elkarrek.

Idazle gazteentzako saria da Igartza, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak sustatzen dutena, eta hemeretzigarren aldia du aurten. Urteotan, Julen Gabiria, Unai Elorriaga, Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Eider Rodriguez nahiz Danele Sarriugarte saritu ditu bekak, besteak beste. Bederatzi proiektu aurkeztu dira aurten: lau emakumek eta bost gizonek, sei Bizkaitik eta hiru Gipuzkoatik. Horietatik guztietatik, Goienetxearena saritzea erabaki du Ana Jakak, Igor Estankonak eta Peru Magdalenak osatutako epaimahaiak.

Bermeon (Bizkaia) bizi da Goienetxea, eta bertan kokatu du Karramarroa trostan-eko istorioa. «Nobelan zaldiaren edo heroinaren sasoiko gertaerak eta bizipenak kontatu nahi ditut, Bizkaiko kostaldeko herri batean, eta gaur egunetik begiratuta». 23 urteko neska bat izango da protagonista. «Haren gurasoak junkieak izandakoak dira. Gizarte Hezkuntza ikasten ari da eta taberna batean lan egiten du ikasketak ordaindu eta etxera diru apur bat eramateko. Haurdun geratu, eta abortatzea erabakiko du, eta erabaki horren berri gurasoei ematean abiatuko da nobela». Bere gurasoekin harreman ona du protagonistak, eta haiek ez dute beren gaztaroan bizi izandakoez hitz egiteko oztoporik. Haien arteko elkarrizketen bidez jasoko du irakurleak istorio askoren berri, baina baita tabernatik pasatuko diren lagunen bitartez ere. «Pertsonaia asko agertuko dira, tabernak aukera hori ematen duelako, eta guztiek edukiko dute nolabaiteko harremana garai harekin; bakoitzak beretik kontatuko ditu ordukoak», aurreratu du idazleak.

Istorioen kontakizun polifonikoa egitea ez dela hautu oso arrazoitua izan azaldu du. Izan ere, lagun arteko lehen hizketaldi hartatik, gaiari buruzko «arretaren radarra» martxan jarri zitzaiola dio. «Eta horrek badu halako zerbait, behin pizten duzula, zure inguruan mundu guztiak daukala kontatzeko zerbait garai hari buruz». Istorioak jaso ahala, «nobela bat idazteko material nahikoa» bazegoela jabetu zen. Hortik ere istorioa ahots ezberdinen bidez ematea. «Agian nik ere handik eta hemendik jaso ditudalako da, eta horrela irudikatzera eraman nauela horrek. Asmoa ez da hainbeste tesi historiko bat edo dokumental bat egitea, edo ondorioak ateratzea; interesgarriagoa da bakoitzak beretik nola bizi izan zuen hura. Uste dut pertsonaiak izango direla interesgarriena».

Eleberriko gai nagusiari dagokionez, Bermeon bizi izandakoak ez ziren izango Euskal Herriko beste herrietakoen aldean oso ezberdinak, baina gertutasunagatik, han topatu du berak nobelarako materiala, eta gainera, herriak «literarioak» izan litezkeen ezaugarri batzuk badituela iruditzen zaio. «Arrantzaleen lonjek bazuten halako ezkutuko urbanismo bat, gazte jendea hara joaten zelako droga kontsumora edo sexu harremanetara, eta, oro har, itsasoak ere badu lotura bizitzarekin eta heriotzarekin... horrelako sinbolismo edo irudi batzuk badaude». Heroinaren auziaz harago, badira garai hartatik interesatzen zaizkion beste zenbait osagai. «Bazegoen kultur gose bat; itsasotik droga bakarrik ez, diskoak eta liburuak ere iristen ziren, sasoi hartan tabernetan biniloekin jartzen zen musika, abesti bakoitza aukeratu egiten zen...».

«Zentralitatea 1980ko hamarkadak dauka, baina gaurtik begiratuta. Asmoa ez da irakurlea hara eramatea, baizik eta irakurleak ere gaurtik begiratzea ordukoari», zehaztu du idazleak.

Lehen eleberria

Donostia 2016k sustatutako Beste Hitzak egitasmoaren harira, Eslovenian egonaldia egin zuen udaberrian Goienetxeak. Han, baina, oso bestelako kontuez aritu zen idazten, «hizkuntzen bueltan eraikitako zientzia fikzioko gizarte batez», hain zuzen.

Ez zuen hautatua izaterik espero, baina «pozik» jaso du Igartza beka. Lehen eleberria izango du Karramarroa trostan. Orain arte «gauza laburrak» idatzi izan dituela azaldu du, eta ez dakiela eleberriak zer neurri hartuko duen. «Testigantzak berriro lasaiago jasotzea izango da hurrengo lanetako bat, eta material hori mahai gainean jarri eta forma ematean, ikusiko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.