Baloia, gizarteratzeko tresna

Errugbi Barneratzailearen Nazioarteko Txapelketa jokatu dute Gasteizen. Baina ez da izan txapelketa borobila, emakumezkoek ezin izan baitute parte hartu ofizialki. (Bideoa albistearen amaieran).

Gaztedi eta Letchworthen arteko partidako jokaldi bat. JAIZKI FONTANEDA / ARP.
Gasteiz
2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun

Poropo poropopo». Gaztedik entseguak ospatzeko erabiltzen duen doinua izan da aurten Betoñuko zelaietako doinu nagusia. Izan ere, astelehenetik atzo arte, Munduko Errugbi Inklusiboko Txapelketa jokatu da Gasteizen. Eguraldia lagun, eguzkipean festa giroa gailendu da, eta agerian geratu da lehiaketa bat baino askoz gehiago dela.

Hamaika hizkuntza entzun dira, bai errugbi zelaian, bai harmailetan, hainbat herrialde izan baitira txapelketan. Tartean, antolatu duen taldea: Gasteizko Escor Gaztedi. Ingalaterrako hiru talde eta Argentinako bi izan dira. Besteak Italiatik, Galestik, Eskoziatik, Irlandatik, Frantziatik eta Herrialde Katalanetatik etorri dira. Talde propioa ekarri ez duten delegazioek osatu duten Imart Worldek ere jokatu duenez, hamahiru izan dira errugbi inklusiboko taldeak.

Gurasoak «oso pozik» agertu dira Munduko Txapelketa Euskal Herrira ekartzearekin, eta jokalarientzat kirolak duen onura azpimarratu dute. Jose Manuel Gurrutxagak, Aritz jokalariaren aitak, aitortu du hasieran «beldur pixka bat» sentitu zutela semea errugbian hasteko gomendatu zietenean. «Lehen entrenamendutik bueltan zuen aurpegia eta errugbiaren inguruko edozer entzutean ateratzen zitzaion irribarrea ikustea nahikoa izan zen aurrera egiteko», esan du Gurrutxagak. Aurrera egin soilik ez, gustatu ere gustatu zitzaion, eta duela bi urtetik semearekin batera jokatzen du Gurrutxagak. Beste taldeetako kideekin sortzen den harremana «oso ona» izaten dela azaldu du, eta hitzen bidez esan ezin dutena mundu osoan ulertzen diren keinuen bidez komunikatzen dutela aitortu.

Ildo berean mintzatu da Moises San Mateos Gaztediko presidentea, eta nabarmendu du kirolak adimen urritasuna dutenentzat dituen onurak «beste edonorentzat dituen berak» direla, fisikotik psikologikoraino, errugbiak eta kirolaren balioek bere osoan eragiten baitiete. Gaztediren lana, halaber, adimen urritasuna dutenengana kirola «gerturatzea» da, egunerokoan ez dutelako horrelako erraztasunik «kirola egin edota garagardo bat hartzeko»; errugbi talde inklusiboak, berriz, kolektibo batean integratzeko modua ematen die. Gurrutxagak beste eremu batzuetan «zailagoa» izaten den integrazioa ere aipatu du; errugbi taldean lagunartea «erabatekoa» izanik, «pintxo bat jan eta garagardo bat hartzea» errazten diela nabarmendu du.

Errugbiaren inguruan bilduta, hamaika ekitaldi antolatu dituzte. Hirigunean, gune akademikoa eta eremu soziala jarri dituzte. Akademikoa izan da hitzaldiak emateko erabili dena, Europa jauregian; han, arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenen gizarteratzearen eta aukera berdintasunaren inguruan izan dira hitzaldiak, adimen urritasunaren inguruan kontzientziatzeko eta haien gizarteratzea sustatzeko. Gune soziala, berriz, Foru plazan izan den karpan egon da. Hori izan da errugbiko hirugarren zati famatuak jaso dituen eremua, betiere kontzertuek alaituta.

Inklusiboa, baztertzaile

Aurten ere, Errugbi Inklusiboko Nazioarteko Txapelketan ezin izan dute parte hartu emakumezkoek, urte guztian euren taldekide gizonezkoekin entrenatu eta jokatu duten arren. Hori da Gaztedik salatutakoa: emakumeek, soilik emakumezko izateagatik, berriz ere «diskriminazioa» pairatu dutela adierazi dute taldekideek. Beste behin, nabaritu dute emakumeek ez dituztela gizonezkoek dituzten eskubideak. Garbi ikusi da haserrea zelaietan, sartu bezain pronto women power leloak agurtzen baitzuen jendea.

Gaztedi taldeko presidenteak azaldu du zergatik ez duten parte hartu neskek. «Errugbi Inklusiboko Munduko Txapelketa World Rugbyren nazioarteko araudian oinarritzen da, eta, bertan, senior mailan gizonezkoek eta emakumezkoek batera jokatzea galarazten da. Horregatik ezin dute txapelketan parte hartu». Alabaina, jakinarazi du Gaztedik azken hilabeteetan lan egin duela emakumezkoek txapelketan parte hartzeko, eta, azkenean ezin izan den arren, jokatutako partidetan izan den aldarrikapena azpimarratu du. Horrez gain, esan du hemendik aurrera ofizialtasuna izango dutela xede nagusi.

Talde mistoa da gasteiztarrena, eta inongo ezberdintasunik ez dute egiten neska edo mutila izan; guztien artean ondo pasatzea eta integrazioa bultzatzea da euren helburua. Txapelketan, aldiz, ez dituztenez talde mistoak onartzen eta emakumezkoen errugbi talde inklusiborik ez dagoenez, egunero lagunarteko partidak antolatu dituzte, emakumeen errugbi inklusiboa ikusarazteko. San Mateosek adierazi du, gainera, etorkizunera begira ondo ez ezik «ezinbestekotzat» jotzen duela emakumezkoak onartzea, inklusibotasuna sexuaz gainetiko kontua delako.

Bideoa: Baloia, gizarteratzeko tresna (Andoni Mikelarena, BerriaTB).

[youtube]https://youtu.be/FKXuwIvbVtE[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.