Lauaxetengan diren Lorcak

Bi poeta ikonikoen arteko trukea oinarri hartuta diskoa osatu du Hezurbeltzak taldeak

Jon Maia, Gorka Hermosa eta Jesus Prieto Pitti. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
«On Federico Garcia Lorca jauna, Torrontegi hotela, 1935eko urtarrilaren 21a». Kasik gutun azaletik bertatik igartzen da Estepan Urkiaga Lauaxeta euskal poetakFederico Garcia Lorcari zion debozioa, eta baieztatu baino ez du egiten sentsazio hori gero eskutitzaren edukiak. «Poeta agurgarri hori, behin baino gehiagotan saiatu naiz, arrakasta barik, zurekin hitzordu bat lortzen, gogo biziz jasoko bainuke zure baimena zeure poesia batzuk euskarara itzuli ahal izateko». Bilbon egun batzuk pasatzen zebilen Lorca, eta aukera baliatu zuen Lauaxetak. Eskutitzarekin batera, itzulpen batzuk eta bere poema liburua ere bidali zizkion horregatik eskutitzarekin batera. Ezin ziurtatu hitzordua egitera heldu ote ziren, baina eskutitz hori da Ele, Lauaxeta-Lorca proiektuaren abiapuntua. Aurrez, Josu Kamararen zuzendaritzapean dantza eta antzerki ikuskizun modura aurkeztua dute proiektua antzokietan, eta musika ikuskizun bilakatu dute orain Jon Maia bertsolari eta idazleak, Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak etaJesus Prieto Pitti gitarra jotzaileak. Hezurbeltzak deitu dute taldea, eta diskoa ere kaleratu dute saioko kanta eta poemekin.

«Ez da antologia bat, eta ez da omenaldi bat ere; ekarpen bat egin nahi duen emanaldi bat da gurea», laburbildu du Maiak. Izan ere, immigrazioaz, lanaz, euskalduntasunaz, elkarbizitzaz eta beste hamaika gairi buruz gogoeta egiteko baliatzen dituzte Lorca eta Lauaxetaren figurak taldekideek. Eskutitzak eta Lauaxetak egindako Lorcaren itzulpenek ematen diete horretarako aitzakia. «Batek bizitza galdu zuen bere herriaren independentziaren aldeko borrokan, eta besteak bizitza galdu zuen bere balio errepublikazaleengatik, besteak beste, eta biei esku berdinek kendu zieten bizitza. Horrek erakusten digu zerbait. Nahiz eta oso kultura ezberdinekoak izan, eta nahiz eta jatorri eta nortasun oso ezberdinekoak izan, bat egin zuten balore unibertsal batzuetan».

Iazko urtarrilean hasi zuten antzokietako formatuaren ibilbidea. Dantzariak, antzeztutako pasarteak eta bideo proiekzioak ere txertatu zituzten ordukoan ikuskizunean, eta oraindik ere badituzte emanaldi batzuk formatu horretan. «Emanaldietan ikusi dugu erabiltzen genuen kantutegiak ongi funtzionatzen zuela, lan handia egin dugu diskoa sortzeko, eta gure artean ere oso giro ona dugu. Horregatik pentsatu dugu formatu musikalean jarraitzea antzerki obrako diskurtsoarekin».

Paradigma berrien bila

Egin dituzte emanaldi batzuk formatu musikalean jadanik, eta pozik gelditu dira harrerarekin. Kantua eta testua uztartzen ditu emanaldiak, eta diskoan ere tartekatuz doaz abestutako pasarteak eta irakurritakoak. Badira kantak Lorcaren letrekin, badira abestiak Lauaxetak egindako itzulpenekin, eta badira biak nahasten dituztenak ere. Emanaldirako propio sortutako abestiekin batera, gainera, Hermosak konposatutako Gernika pieza ere sartu dute. «Oso unibertsala da lan hori, eta mundu osoan jo du», azaldu du Maiak.

Diskoak aurrera egin ahala, kutsu biografikoagoa hartzen du diskoak. Maiak bere amonari eta Francoren garaian Espainiatik Euskal Herrira etorritako etorkinei idatzitako Leku bat munduan poemaren grabazioa ere badakar lanak, eta bada Hermosaren amonaren ahotsa biltzen duen abesti bat ere. Maia: «Horrek elkartzen gaitu. Gorka [Hermosa] izen handiko musikaria da, eta mundu osoan izaten ditu kontzertuak. Biok Urretxukoak gara sortzez, eta biok Extremadurako familia dugu, zati batean, eta orduan badago elkartzen gaituen logika eta bizipen bat. Etorkinen semeak izanik, euskaldunak gara, euskaraz bizi gara eta ibilbide bat egiten ari gara kultur munduan».

Maiak 2015ean Donostiako Belodromoan irakurri zuen Kantu bat gara olerkiak ixten du diskoa. Hamaika abestiren puskak uztartuz osatu zuen poema hori Maiak, eta Lorca eta Lauaxetaren aipamenak ere badaude, tartean. «Azken zatian, gaur egunera ekartzen dugu obra», azaldu du bertsolari eta idazleak. «Asko interesatzen zait plano intelektualean bi autore hauen gurutzaketa. Gurutzaketa hori gertatu da etxe askotan Euskal Herrian, eta ez dakit asmatuko dudan edo ez, baina uste dut esploratzeko garaiak direla. Paradigma berriak bilatzeko garaiak dira, eta iruditzen zait honen moduko proposamenak interesgarriak izan daitezkeela orain».

Estudioan hainbat kolaborazio izan ditu taldeak diskorako. Oreka Tx taldeak, esaterako, txalaparta sartu du hainbat abestitan, eta Ana Salazar abeslariak ere hartzen du parte kanta askotan. Zuzenean ere kolaborazioak izango direla zehaztu du Maiak.

Idatzi zuenetik 83 urtera, Lauaxetak Lorcari idatzitako gutuna eskuetan jaso, eta herriz herri zabaltzea da orain Hezurbeltzak taldekoen asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.