Kimuak, Eskozian omendua

Kimuak egitasmoak hogei urte bete ditu aurten, eta denbora horretan hartu duen indarraren erakusgarri, atzera begirako omenaldia egin diote Eskozian.
Maider Fernandez Iriarte (ezkerrean), Txema Muñoz (ezkerretik hirugarrena) eta jaialdiaren antolatzaileak.
Maider Fernandez Iriarte (ezkerrean), Txema Muñoz (ezkerretik hirugarrena) eta jaialdiaren antolatzaileak. MIREN MANIAS

Miren Manias -

2018ko ekainak 6
Hogei urte ez dira egunero betetzen. Hori ez da arrazoi bakarra izan, baina Eskoziako CinemaAttick kolektiboak film laburrak zabaltzen dituen Kimuak egitasmoari omenaldia egiteko eta orain arte egin duen lanari balioa emateko baliatu du urteurrena. Atzera begirakoaren antolatzaileek azaldu dutenez, Kimuak egitasmoak erakusten du «etxeko kulturaren sektore bat» babesteko administrazio publikoak agertutako interesa eta begirunea. Etxepare Euskal Institutuaren laguntza izan dute omenaldia egiteko.

Galiziako, Kataluniako, Euskal Herriko, Latinoamerikako eta Iberoamerikako filmak Eskoziara ekartzen dituen egitasmoa da CinemaAttic. Ez dituzte lanak erakusten zinema areto komertzialetan, eta gune independente eta intimoagoak bilatzen saiatzen dira. «Helburua da ikusleekin zinema esperientzia konpartitzea, eztabaidak sortzea eta iritziak trukatzea munduko zinemei buruz». Proiektuak bazituen hiru urte Alberto Valverde eta Rafa Cueto sartu zirenean. Bata zuzendariaren ondokoa zen, eta besteak boluntario lanak egiten zituen sarritan. Cuetok gogoan du Eskozian antolatu zuen lehen ekitaldia: zinema katalanaren gaineko ziklo bat. «CinemaAttic ez zen hain profesionala, nolabait esatearren. Hori aldatu egin da. Egun, programa etengabea du».

Bereziki 2018an hazi da CinemaAttic, «programazioaren kalitatea hobetu dugulako urtetik urtera». Modu horretan, sarrera kopurua hirukoiztu dute: urtean 700 pertsonak parte hartzen zuten, eta, orain, urte erdian 2.000 pertsonak ere parte hartzen dute. Valverdek dio aldaketa 2016tik aurrera gertatu dela bereziki, hileroko egitasmo bat izatea erabaki zutenetik; hasieran Edinburgon, eta Glasgown gero. «Zuzendariak ekartzen hastea giltzarri izan da, baita gai berezien gaineko eztabaidak sortzea ere».

Hamar urtez aritu dira Kimuak katalogoaren programazioa antolatzen Eskozian. Beraz, dagoeneko ondo ezagutzen zuten egitasmoa. «Mimoz lan egiteko modu bat ospatu nahi izan dugu atzera begirakoarekin; etxeko zinemarekiko pasioa eta sektorearen gaineko ulermena islatzen ditu Kimuak-ek. Kanpotik familia bat balitz bezala ikusten dugu; zinemagileen belaunaldi oso indartsua sortu duena. Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Asier Altuna... Ez dugu guk esaten, haien lanek jasotako sariek aitortzen dute hori».

Euskal presentzia

Atzera begirakoak Kimuak programari lotutako hainbat pertsona ezagun eraman ditu Eskoziara; Edinburgora eta Glasgowra hain zuzen. Txema Muñoz egitasmoaren zuzendaria ez ezik, ibilbide luzeko zinemagileek ere parte hartu dute ekitaldietan; Isabel Herguerak eta Asier Altunak, esaterako. Edinburgon ospatutako ekitaldietan, maiatzaren 24an eta 25ean, eskola magistral bana eman zuten Herguerak eta Altunak. Zinema egiteko modu propioaz jardun zuen bakoitzak; animazioaz eta fikzioaz. Haien ibilbidean Kimuak egitasmoak izandako eraginaz ere mintzatu ziren. Antolatzaileen esanetan, gertuko pertsonak dira Herguera eta Altuna. «Asko laguntzen du jarrera irekia duten gonbidatuak ekartzen dituzunean. Herguera, adibidez, jendearengana hurbildu zen hitzaldia amaitzean; haiekin zuzenean mintzatzeko». Jende dezente gerturatu zen Edinburgoko ekitaldietara.

Glasgowko bi eguneko programan, maiatzaren 30ean eta 31n, Txema Muñoz Kimuak-eko aita eta euskal zinemagileen belaunaldi berriko Maider Fernandez Iriarte —Las chicas de Pasaik kolektiboko kidea— izan ziren. Lehen eguneko hitzaldian Kimuak egitasmoaren ingurukoak azaldu zituen Muñozek, programa martxan jarri zutenetik gaur egun arte. «Hasierako urteak oso zailak izan ziren; zinema jaialdien gaineko informazioa lortzea edota 35 mm-ko filmekin lan egitea. Egun, digitalizazioarekin eta Internetekin dena da errazagoa. Alde horretatik, denbora eta dirua aurreztu ditugu».

2003an, VHS formatuko lanak jasotzen zituzten; 2008an, berriz, DVDak. Teknologiarekin batera eboluzionatu du egitasmoak. Baita lanek nazioartean lortutako sariekin ere. Nacho Vigalondok zuzendutako 7.35 de la mañana (2003) film laburra, adibidez, Oscar sarietarako hautagaia izan zen 2004an. «Horrek aurkezpen gutuna eman zion egitasmoari». Horren ostean, Borja Kobeagaren Éramos pocos (2005) lana izendatu zuten sari horietan. Hala, Kimuak-en lan ona berretsi zen.

Muñozek azaldu zuen egitasmoaren marka mantentzen saiatzen direla lan egiteko modua aldatu bada ere: zuzendariekiko eta zinema jaialdiekiko gertuko harremana. «Ezin dugu lotura hori galdu». Euskal zinemaren ustezko loraldi berriaren eta Kimuak egitasmoaren arteko loturaz galdetuta, Muñozek azaldu zuen Kimuak ez dela aldaketa horren eragilea, baina bai izan duela «funtzio gakoa» prozesuan. «Ekoizpen etxe asko sortu ziren 90eko hamarkadan, eta horietako batzuk gaur egun jardunean daude. Film laburrak eta film luzeak uztartzen dituzte. Horrez gain, apenas entzuten zen euskara aurkezten zituzten lanetan, eta, orain, presente dago. Uste dut izan dugula eraginik». Haren ustez, zinema egiten ikasteko bide izan dira film laburrak.

Etorkizuneko erronkak

Autore berriagoen esperientzia entzuteko aukera ere izan da atzera begirakoan. Maider Fernandez Iriarteren arabera, lan egiteko forma berriak daude ikus-entzunezkoetan. Zinemagile horiek «industria eremutik kanpo» ibiltzen direla azaldu zuen, egiten duten zinema ez baita konbentzionala. Alde horretatik, Kimuak oso lagungarria izan dela aitortu zuen. Hala ere, «diru laguntza aldetik babes handiagoa egon beharko luke; nahiz eta oinarrizko tresnak erabiltzen ditugun, finantzaketa berdin-berdin behar izaten dugu».

Industriatik at dauden zinemagileen produkzio ereduez eztabaida zabaldu zuen Fernandezek. «Gure lanek badute publikorik? Uste dut baietz. Beraz, interesgarriak dira. Beharbada, beste testuinguru bat behar dugu; beste babes mota bat». Instituzioek interesa badutela aipatu zuen, eta Arantza Santesteban zinemagilearen azken lana Donostiako Zinemaldiaren Ikusmira Berriak sailean egotea albiste pozgarria dela. Erronken artean, banaketarako laguntzak sortzeko beharra azpimarratu zuen.

Kimuak-en zuzendariak ere erronka berriak hartu zituen hizpide. Aurtengo deialdian aurkeztutako lan kopuruak marka guztiak hautsi ditu. Guztira, 77 lan jaso dituzte; horietako 28 euskaraz (%30) ekoitzita daude. Berritasunen artean, egitasmoaren hedapen geografikoa aipatu zuen Muñozek; izan ere, gero eta gehiago dira Bizkaitik jasotzen dituzten film laburrak. «Zeintzuk dira gure erronkak? Internetekin oso erraza da film labur bat banatzea; Kimuak-ek lan osagarria egin behar du. Ikusten dugu behar bat hasi berria den jendearekin lan egiteko; erreferentziak ez dituzten zinemagileekin eta lege kontuekin galduta egon daitezkeenekin». Azkenik, egitasmoa hezkuntza sisteman erabiltzeko bideak aztertzen ari dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna