Euskaraz azpidatzitako 29 filmeko katalogo bat osatu du Filmazpitek

'Omar', 'Tous cobayes', 'A nagy füzet' eta 'Gabrielle' pelikulak eskuratzeko moduan izango dira datozen hilabeteetan

Filmazpit programako katalogoan dauden 29 filmetako bat Margarette Von Trotharen Hannah Arendt da. FILMAZPIT.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
«Harribitxiak» dira Filmazpit programaren katalogoan dauden filmetako asko, hala iruditzen zaio Jose Luis Rebordinosi, Donostiako Zinemaldiko zuzendariari.«Ongi aukeratuta daude, ikuslea hausnarketa egitera bultzatzen baitute». Hain zuzen ere, zinema areto komertzialetatik at zeuden filmak euskarazko azpidatziekin zabaltzeko helburuz sortu zuten Filmazpit, orain dela hiru urte. Hemendik gutxira gehituko dizkiote katalogoari A nagy füzet, Gabrielle, Tous cobayes eta Omar filmak, eta zerrendako pelikulen kopurua 29koa izango da.

Filmazpit programan Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak eta Tabakalerak kolaboratzen dute. Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatzen du, baina urte hasieratik Zineuskadi ere arduratzen da horretaz. Hain zuzen ere, kolaborazio hori jakitera emateko, agerraldia egin zutenatzo Donostian.

Programa hasi zutenetik 170 proiekzio egin dira. Ontzat jotzen dute hori program sustatzen dutenek. Filmazpit programa udal eta herrietako eragileek erabil dezaketela gogoratu du Rebordinosek, ikastetxeek, zineklubek edo kultur taldeek. Oraingoz, Gipuzkoako 22, Bizkaiko hamar eta Arabako hiru herritan jarri dituzte euskarazko azpidatziak dituzten filmak. Donostian, Berrizen, Tolosan eta Zarautzen, esaterako, modu erregularrean proiektatzen dituzte Filmazpiteko lanak. Nabarmendu dute, bestalde, Nafarroa eta Ipar Euskal Herritik ere iristen zaizkiela eskariak. Ehun filmen azpidatziz osatutako datu base bat ere badago Filmazpiten atarian, eta doan deskargatu daitezke.

Donostiako Zinemaldian ematen diren 24 filmi jartzen dizkiete azpidatziak urtero. Sail Ofizialetik kanpo eskaintzen direnak izaten dira. Hiru formatutan eskura daitezke pelikulak: DVDan, Blu-ray diskoan eta Betacam Digitalean. Sistemak «zailtasunik ez duenez», programa erabiltzera bultzatu nahi du jendea Josemi Beltranek, Donostia Kulturako zinema ataleko arduradunak. «Baldintza bakarra jartzen zaie eskatzaileei, filmak eskuratzen dituzten moduan, doan eman behar dituzte». Film laburrak ere badaude atarian. Luze gabe, migrazioen inguruko film laburren bilduma bat sartuko dutela jakinarazi dute.

Elkarlana jaialdiekin

Zinema jaialdi gehiagotan ere parte hartzen du Filmazpitek; besteak beste, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema astean, Dock of the Bayn eta Baionako Reconters sur les Docksen.Denborarekin indarrik galtzen ez duten filmak hartzen saiatzen direla gehitu du Beltranek. «Urte batzuk beranduago ere zeresana ematen dutenak hartzen ditugu». Euskadiko Filmategiak bere aldetik, pelikulen kopia gorde ohi du filmategian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.