Barne mundua azalera, 22 metro koadroan

Bakarkako lehen diskoa kaleratu du Naroa Gaintza deustuarrak: '22m2'.

Gertuko musikari eta lagunez inguratu da pop-rock kutsuko lan hori ontzeko, eta Elkar etxearekin eman du argitara
Naroa Gaintza eta David Nanclares, diskoaren aurkezpenean.
Naroa Gaintza eta David Nanclares, diskoaren aurkezpenean. L. JAUREGIALTZO / ARP

Ainhoa Sarasola -

2015eko urtarrilak 14
Etxe batean hasi zen dena. Hamar urtez bizi izan zen bertan Naroa Gaintza musikaria (Bilbo, 1979), eta haren bi ahizpak, ama, amama eta birramona ere etxe hartatik igaro ziren. Istorio ugari ezagutu zituzten etxe haren 22 metro koadroek, baita Gaintzaren bakarkako lehen diskoa harilkatzen duena ere. Horregatik du lanak 22metro2 izenburua. «Diskoan badira zeharkako hainbat gai, baina gai zentrala maitasuna da, eta istorio hori guztia etxe hartan gertatu zen. Istorio hori gordetzen duen eremua dira 22 metro koadro horiek». Etxeak hor baitirau guztia igaro ostean ere, eta diskoan, berriz, «lau hormaren artean gertatutako istorioak». Pop-rock kutsuko 11 kantu bildu ditu diskoan, eta Elkarrekin kaleratu du.

Sentimendu unibertsalei begira baino gehiago, «barrura begira» idatzi ditu kantuen hitzak. «Oso disko pertsonala da, oso intimoa; horrela izan behar duela uste dut, kantu batek izan behar duela norberaren zerbait. Horrela atera da, eta ez naiz damu». Zenbait abestik, ildo horretan, kutsu malenkoniatsua izan dezaketela uste du. Badira, halere, gizarteko arazoei erreparatzen dieten hitzak, musika aldarrikapenerako bide ere badelako, abeslariaren ustez.

Amaiur erromeria taldearekin hasi zen Gaintza oholtza gainera igotzen. Zortzi urte eman zituzten plazaz plaza, giroa sortzen. Bukatu zen Amaiur, 2011. urtean, baina musikarako grinak hor jarraitzen zuen, baita zerbait berria egiteko gogoak ere. «Taldeko lagunak elkartzea eta beste proiektu bati ekitea zen ideia. Nik banituen kantu batzuk; Eriz gitarra joleak, batez ere, bazuen zerbait berri egiteko gogoa, eta hala hasi zen istorioa». Hala ere, proiektuak ez zuen hartu Gaintzak nahiko zuen abiadura, taldekide batzuk beste egitasmo batzuetan murgildu ziren, eta asmoa bertan behera geratu zen. «Azkenean, David Nanclaresekin aurkitu nintzen, nire gitarra irakaslearekin, eta ia-ia bidean uztekotan nengoela, berak lagundu zidan hau guztia aurrera ateratzen», dio. «Azkenean, hau ez da izan talde arrunt batek egiten duen ibilbidea, lokalean elkartu eta kantuak denen artean sortzea...». Gaintzak Nanclaresi ondutako abesti guztiak eraman zizkion, eta hark, iritzia emateaz gain, haiek moldatzen lagundu zion Gaintzari; proiektuari «beste buelta bat» ematea lortu zuen.

Bakarkako lana bada ere, rock banda baten kontzeptuari heldu dio diskorako, eta lagunez inguratu da lana osatzeko. Nanclaresez gain (gitarra eta baxua), David Gorospe (bateria) eta Igor Olaguenaga (ahotsak) izan ditu lagun Asier Erzillaren estudioan eginiko grabazioan, besteak beste. Kolaborazio ugari izan ditu diskorako; «denak lagunak, oso gertukoak». Tartean da Elliott Murphy ere; bitxia eman dezakeen arren, duela hogei urtetik ezagutzen baitu Gaintzak musikari estatubatuarra. «Istorio kuriosoa da», dio, «oso harreman bitxia dugu, oso estua, eta hasieratik nuen argi diskoan egon behar zuela».

Buruan zuen proiektuari eustea eta aurrera ateratzea lortu du Gaintzak azkenean. Bere kantuak kanpora ateratzeko beharra bazuela uste du. «Behar bat izan da, bai; uste dut terapia modura erabili dudala. Azkenean, musikak ez du minik ematen, eta dauden minak ere apalagoak dira berarekin».

Aurrera begira, gogotsu

Txikitatik datorkio musikarako zaletasuna Gaintzari. «Etxean beti kantatu izan dugu asko. Aitak eta amak ondo kantatzen dute, instrumentuak ere jotzen dituzte, hiru ahizpak ikastolako abesbatzan izan ginen...». Pianoarekin hasi zen, baina etxean zituzten tresna gehienak probatzen ere ibili ohi zen, eta joera ezberdineko musika entzutea ohikoa zuen.

Amaiurrekin erromeria giroan urteak egin ostean, Sokaide folk taldean ere aritu zen, eta bakarkako bideari heltzeaz gain, Izerdi Gorriak taldearekin ere badabil. Bakarka aritzeak eta taldeak, batak ematen ez diona besteak ematen diola uste du, eta gustura dabil. «Batzuetan txiki sentitzen naiz nire kantuak kantatzean; beste konpromiso mota bat da». Baina argi du bakarkako bideari eusteko eta kantuak zuzenean jotzeko gogoz dabilela; Nanclaresekin batera, hainbat emanaldi egin ditu, eta aurrera begirako taldea «erdi osatua» du. Hurrengo emanaldia Nanclaresekin batera bere auzoan eskainiko du Gaintzak, Deustuko ZEN musika jaialdian, hilaren 30ean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna