Irudi bat baino gehiago

Ehun urte dira gaur Ingrid Bergman Hollywoodeko aktorea jaio zela.

Hiru Oscar sari jaso zituen, eta zuzendari ezagunenekin egin zuen lan
Ingrid Bergman aktorearen argazki ezagun bat.
Ingrid Bergman aktorearen argazki ezagun bat. - / EZEZAGUNA

Ihintza Elustondo -

2015eko abuztuak 29
Pasio eta uste sendoko emakumea. Hala definitu izan dute ezagutu zutenek Ingrid Bergman aktore suediarra (Stockholm, 1915-Londres, 1982). Irudi hutsa izateari uko egin, eta interpretaziorako gaitasunak zituela erakutsi zuen. Hala, Hollywoodeko (AEB) urrezko aroko izar handienetako bat bilakatu zen: emakumezko aktore onenaren bi Oscar, bigarren mailako aktore onenaren Oscar bat eta beste hamaika sari jaso zituen. Gaur ehun urte beteko dira jaio zela, eta 33 hil zela. Bere urtebetetze egunean hil zen, 67 urte zituela, bularreko minbiziaren eraginez.

Friedel Adler eta Justus Samuel Bergman zituen gurasoak. Bi urte besterik ez zuela hil zitzaion ama, eta hamahirurekin aita. Oso gazte gurasorik gabe gelditu, eta osaba-izebak arduratu ziren haren zaintzaz. Haurtzaro gogorra tokatu bazitzaion ere, txikitatik argi zuen aktore izan nahi zuela. Aita argazkilaria zuen, eta harekin joaten zen antzerkia ikustera: «Aita, nik ere hori egin nahi dut noizbait», esaten omen zion.

Lotsatia zela diote, baina ausartu zen Stockholmeko antzerki goi eskolan izena ematera. Baita aukeratu ere. Hantxe hasi zituen interpretazio ikasketak. Sarritan esaten omen zuen antzeztean gehiago zela bera, antzezteari uzten zionean baino. Hamazazpi urterekin rol txiki bat egin zuen Landskamp (1932) filmean, eta, pixkanaka, Suedian eta Alemanian arrakasta lortu zuen.

1936an Gustaf Molander zuzendariarekin Intremezzo filmean egindako lanak David O' Selznick ekoizlearen arreta bereganatu zuen. Garai hartako ekoizlerik boteretsuenetako bat zen hura, eta, hark bultzatuta, 1939an iritsi zen Hollywoodera, Intermezzo-ren (1939) egokitzapen bat egiteko. O' Selznickek emakumearen edertasuna Hollywoodeko estandarretara moldatu nahi izan zuen, baina Bergmanek, uko egin zion. Ez zituen aldatu hortzak, ez bekainak eta ezta sudurra ere. Ordutik, naturaltasuna bilakatu zen haren ezaugarri nagusia.

Casablanca (Michael Curtiz, 1942) da, agian, parte hartu duen filmik entzutetsuena. Horren ostean, For Whom The Bell Tolls (1943) egin zuen, eta hurrengo urtean lortu zuen lehen Oscarra, Gaslight filmarekin. Alfred Hitchcock zuzendariaren aktore miretsienetako bat ere bihurtu zen. Spellbound (1945), Notorius (1946) eta Under Capricorn (1949) egin zituen harekin.

Hollywoodetik, Italiara

Aktorearen ibilbidea bezain ezaguna da Roberto Rossellini zinemagilearekin izan zuen harremana. Egile italiarraren pelikulak gustatu, eta eskutitz bat idatzi ziola dio kondairak, berarekin lan egin nahi zuela esanez. Stromboli (1950) filmatu zuten elkarrekin, eta hor sortu omen zen bien arteko maitasuna. Senarra eta alaba zituen ordurako Bergmanek, eta goraipatu zuen publiko berberak baztertu egin zuen erabakiarengatik. Europa '51 (1952), Viaggio in Italia (1952), La paura (1954) eta Giovanna d'Arco al rogo (1954) egin zituzten elkarrekin.

Haien arteko harremanak ez zuen luze iraun, eta Hollywoodera itzuli zen Bergman. 1956an bigarren Oscar saria eskuratu zuen Anastasia filmarekin, eta hirugarrena 1974an, Murder on the Orient Express-ekin. 1977an egin zuen bere azken filma, Ingmar Bergman herrikideak zuzendutako Höstsonaten. Ordurako gaixorik zegoen, heriotza eragin zion minbiziaren aurka borrokan. Zoriontsu izateko, osasun ona eta memoria txarra behar zirela omen zioen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna