Iturri zaharra, ur berria

Joxan Artzeren unibertsoa islatzen duen 'Ikimilikiliklik' bideo instalazioa zabaldu dute San Telmo museoan.
Erakusketaren antolatzaileak eta Donostiako Udaleko ordezkariak, atzoko aurkezpenean.
Erakusketaren antolatzaileak eta Donostiako Udaleko ordezkariak, atzoko aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Ihintza Elustondo

2015eko azaroak 28
Ilun dago. Lau pantaila daude aretoaren bueltan. Eta jendea erdian. Argia egin dute laurek bat-batean. Joxan Artzeren hitzak irakur daitezke. «Maite ditut maite gure bazterrak». Jarraian, musika. Txalaparta. Irudiak. Argazki zaharrak. Poesia. Eta Mikel Laboa abesten. «Askatuko zaituen zain bazaude...». Hitz eta soinuz inguratutako espaziontzia dirudi gelak. Gero, hitz bat entzun da: «Bakea». Idiak, astoak eta gurdiak. Gernika. Gerratik ihesi doaz haurrak eta emakumeak. Sua. Txoriek egunsentia hegan zeharkatu dute. Laboak «haika mutil, jeiki hadi» abesten du. «Mundua gizonarentzat egina da, baina gizona ez munduarentzat». Segidan, maitasuna ezinbestekoa dela dio Artzek. «Hegoak ebaki banizkio...», hasi da Laboa. Ikimiliklik. JA Artzeren unibertsoa bideo instalazioa inauguratu zuten atzo, Donostiako San Telmo museoan. Otsailaren 14ra arte ikusi ahal izango da.

Alberto Lizarraldek eta Carlos Rodriguezek zuzendu dute erakusketa, San Telmo museoak, EHUko Mikel Laboa katedrak eta Morgancreak lagunduta. «Instalazioa Joxan Artzeren ibilbidean egindako bidaia bat da», azaldu du Lizarraldek. Idazle eta musikari usurbildarrak duela 40 urte baino lehenagotik gaur arte egindako obrak bildu dituzte. «Espazio honek haren obrara hurbiltzen gaitu». Ezagutzen ez zuenak Artzeren lana deskubritu dezan nahi dute antolatzaileek, eta ezagutzen zuenak horretan sakontzea. «Azken hamarkadetan gure herrian izan den sortzaile garrantzitsuenetako bat da».

Iraganaz eta orainaz

Artze bera ezin izan zen joan aurkezpen ekitaldira, baina bideo bidez esan zituen hitz batzuk: «Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik». Iragana eta orainaren arteko talka adierazi zuten haren hitzek. Eta gauza bera antzeman zitekeen haren lanaren inguruko erakusketan. Aspaldiko irudiak eta hitzak presente zeuden, baina erabat gaurkotuak ziruditen.

Erakusketa Artzeri egindako «omenaldia» den arren, rol garrantzitsua betetzen du Laboak bertan. Musikariarekin lotura estua izan zuen Artzek, eta hari esker eman dira ezagutzera sortzailearen hainbat lan. Laboaren abesti askoren hitzak Artzek idatzitakoak dira: besteak beste, Txoriak txori, Gure bazterrak eta Zaude lasai kantenak.

Kultur arloko hainbat esparrutan murgildu da Artze. Ezaguna da bere anaia Jexuxekin txalaparta joz ibili izan delako, euskal poesian berritzaile gisa nabarmendu delako eta Ez Dok Amairu taldean funtsezko asaldatzailea izan zelako. Baina badira ezkutatuago gelditu diren beste hainbat kontu ere: Artzeren audio grabazioak eta ikuskizun eszenikoak, esaterako. Azken horiek izan zuten beren garrantzi historikoa, duela hamarkada batzuk: garai hartan, abangoardiakoak eta popularrak izan baitziren. Horien artean, bada bat Ikimiliklik bidekaria izenekoa, anaia Jexuxekin eta Laboarekin batera sortua. Poesia, musika eta irudia uztartzen zituen multimedia ikuskizuna izan zen, eta 1970eko hamarkadako testuinguru kulturala astindu zuen. Obra horri tiraka jarri diote izena bideo instalazioari.

Euskal Herriko kulturaren nahiz historiaren uretan sakondu du Artzek, eta hori berreskuratu dute erakusketan. San Telmo museotik Miarritzeko Mediatekara eramango dute instalazioa; 2016ko martxoan ikusi ahal izango da han.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna