Trikitiak baduela segida erakutsiko du aurtengo sanjoseetako jaialdiak

Aurten omenaldirik ez egitea erabaki dute antolatzaileek. Larunbatean izango da jaialdia

Jaialdiaren antolatzaileak, atzo, aurkezpenean. EUSKAL HERRIKO TRIKITIXA ELKARTEA.
Miren Garate.
Azpeitia
2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Urte askoan, adin batetik gorako trikitilariekin osatu izan dute San Jose egunaren bueltan egiten den trikiti jaialdia, nahiz eta haiekin batera gazteagoak ere aritu. Aurten, ordea, erabaki dute beste horiei ematea protagonismoa, gazteei, alegia. Aitziber Otegi antolatzaileak azaldu du arrazoia: «Heldu talde hori gero eta txikiagoa da, gero eta gutxiago daude aktibo, eta ez horregatik bakarrik, baina gazteei ere eman behar zaie aukera, badago jarraipen bat, eta gazteentzat ere polita da segida hori ikustea».

Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen eta Azpeitiko Udalaren (Gipuzkoa) artean antolatzen dute sanjoseetako jaialdia, lagun talde baten laguntzarekin. Datorren larunbatean izango da aurtengoa, Soreasu antzokian, 17:30ean hasita. Eta hauek izango dira parte hartuko dutenak: Eneko Arbeo eta Mireia Ibabe; Obaneuke; Ansorregi eta Larrañaga; Joxe Mendizabal; Astiasaran II eta Andonegi; Epelde eta Lutxurdio; eta Ttipika taldea. Gehienak, beraz, soinu eta pandero bikoteak izango dira, eta, gazteek protagonismo handiagoa izan arren, beterano bat behintzat nabarmentzen da: Tomas Soraluze Epelde. «Gaur egun adin horretan aktibo dabiltzan gutxi horietako bat da. Kristoren ilusioarekin dator, eta guri ere poz handia ematen digu hura ikusteko aukera izateak».

Jaialdiaren aurkezpena atzo egin zuten Azpeitian. Askotan baliatu izan du egun hori Trikitixa Elkarteak norbait omentzeko, baina, aurtengoan, halakorik ez egitea erabaki dute. Ez merezi duen inor ez dagoelako, baizik eta, Otegiren esanetan, ez dutelako nahi omenaldi baten aitzakia bihurtzea jaialdia: «Hurrengo urteetarako utziko ditugu omenaldiak».

Jendeak oso ondo hartu ohi ditu sanjoseetako jaialdiak. «Zain egoten da jendea eguna iristeko», adierazi du Maider Jauregi elkarteko kideak. Hain zuzen, huraxe da, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatzen dituen egitasmoen artean tradiziorik handiena duena. Jaialdia urtero antolatu dute, eta, aurten, 28. aldia izango da. Hala ere, bestelako proiektu ugari ditu esku artean elkarteak, eta horietako batzuk aipatu zituen atzoko agerraldian Jauregik: besteak beste, bigarren aldiz egingo den gazteentzako maketa lehiaketa, udalekuak, topaketak, jardunaldiak, eta liburu eta disko biografikoak —aurten tapiatarrei eskainitakoa izango da, eta Joxean Agirre kazetari eta idazlea ari da idazten—.

Sarrerak, elkartean

Trikitiak Azpeitian eta Urola eskualdean duen loraldia izan zuen hizpide Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Kultura zinegotziak ere. «Urtero aipatzen dugu trikitia zerbait gurea dela, eskualde honetan lotura berezia izan dugula soinu txikiarekin eta panderoarekin, eta aurtengo jaialdiak momentu berezi batean harrapatzen gaitu». Besteak beste, berriki Trikigiro Kultur Elkartea sortu izana jarri zuen adibidetzat. «Ekimen berriak ari dira sortzen, transmisioaren soka ez da eten, belaunaldi berriak badatoz eta, gainera, etorkizunera begirako oinarriak jartzen ari dira».

Aurreko astean jarri zituzten saltzen sarrerak. Herriko taberna batzuetan amaituta dauden arren, oraindik badago erosteko aukera, elkartera mezu elektroniko bat bidaliz edo telefonoz deituta eskura daitezke: [email protected] helbidean eta 943-83 28 28 telefonoan —goizez deitu behar da—. Egunean bertan ere 16:00etan irekiko dute leihatila, eta jarriko dituzte salgai batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.