Poesia izanen du ardatz

Baionako Etiopikoak jaialdiak poetekin ospatuko ditu bere hamar urteak. Gaur hasiko da festibala, Baiona iparraldeko merkatuko giroan
Beñat Axiari, Julen Axiari, Mikel Artieda eta Joseba Irazoki, <em>Bas(h)oan</em> diskoaren aurkezpenean, Donostian.
Beñat Axiari, Julen Axiari, Mikel Artieda eta Joseba Irazoki, Bas(h)oan diskoaren aurkezpenean, Donostian. EIDER ITURRIAGA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko apirilak 25
Beñat Axiari kantari artistaren sareko harremanak ehunduz, Ezkandrai elkartea oinarri, Etiopikoak jaialdiak hamar urteak ospatuko ditu aurten. Aitzineko urteetako hari beretik joanen da festibala, gaurtik hasi eta larunbatera arte, poesia ukanen dutela ardatz nagusi.

Joxan Artze poeta omentzeko baliatu nahi dute. Larunbatean dute bereziki gogoan ukanen poeta usurbildarra. Julen Axiari eta Mathieu Mendizabalek kantua eta dantza nahastekoa dute Artzeren obra oinarri, Baionako MVC aretoan, 21:00etan. Eta, ondotik, Mai Ishiwata dantzariak txalapartaren soinua izanen du lagun. Adriana Bilbao flamenko dantzariarekin borobiltzekoa dute gaualdia.

Jaialdian, bestalde, gonbidatu nagusietan Serge Pey Tolosako (Okzitania) poeta izanen dute. Ostiralarekin, kolegio eta lizeoetan ariko da poeta, beste zenbait artistarekin. Eta gauean, berriz, 21:00etan da agertzekoa artista, Atalante zinema gelara. Serge Pey et la boite aux lettres du cimetiere filma (Serge Pey eta hilerriko gutunontzia) izango da hasteko, eta, ondotik, olerkarien biltzarra dute ospatuko. Serge Peyz gain, Itxaro Borda eta Juan Kruz Igerabide poetak hor izanen dira, eta baita Chiara Mulas, Rohan Houssein eta Pierre Vilar ere. Performance poetiko bat eskaintzea da ideia. Pierre Vilar bera, bereziki, kritiko literario gisa da ezaguna. Chiara Mulas Sardinian sortu den poeta bat da, antropologoa izateaz gain. Rohan Hussein Sirian sorturiko slam kantaria da. Aspaldian Parisen bizi da.

Bihar, Henri Michaux poeta belgikarra dute ezagutzera emanen, Baionako fakultatean, 16:00etan. Pierre Vilarren solasetik landa, Itxaro Bordak euskarara itzuli dituen haren poema batzuk kantatuko ditu Beñat Axiarik, Gaspar Clausek biolontxeloan lagunduko duela. Izan ere, poesiaz bestalde, musikak ere aparteko lekua izanen du Etiopikoak jaialdian, usaian bezala funtsean.

Musikak, eta baita zinemak ere. Gaur arratsean berean, film mutu batekin hasiko dira, musika zuzenean erantsiko diotela. Filma Grass deitzen da. 1925ekoa da, eta artzain kurduen erbestea kontatzen du. Anatoliatik Pertsiara. Musikarien aldetik, bielean Dominique Regef ariko da, kantuan Beñat Axiari, eta Haydar Iscen saz instrumentuarekin eta baita kantuan ere. Baiona iparraldeko Artotekafen izanen da, 21:00etan. Egun osoa dute Baiona iparraldean iragatekoa Etiopikoak jaialdiko partaideek. Goizean, Gaskoien plazan elkartuko dira, merkatuan, modu informalean. Arratsaldean, berriz, artzain txakurren txapelketa dute pentsatua antolatzaileek. Beti Baiona iparraldean, baina, aldi honetan, auzoko pentzeetan.

Biharko eguneko ekitaldi nagusia arratsekoa dute, Polo Beyriseko MVCan, 21:00etan. Hasteko, Bilaka dantza taldeak Kukai dantza taldeak sortu Soka interpretatuko du. Eta, ondotik, Beñat Axiarik, Joseba Irazokik, Julen Axiarik eta Mikel Artiedak Bas(h)oan diskoa aurkezteko kontzertua emanen dute. Lapurdin eginen duten lehena izango da. Haien musika Robbie Basho gitarrista eta kantari amerikarraren obran oinarritzen da.

ETIOPIKOAK JAIALDIA

Non. Baionan. Noiz. Gaur hasi eta larunbata bitarte.

Xehetasunak. www.ethiopiques.fr/egitaraua

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna