Antzokia ere behar baitzuen

Shakespeareren sonetoak ardatz dituen ikuskizuna estreinatuko dute igandean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian: 'Zeru horren infernuak'.Joxan Goikoetxea musikaria izango da gidari

Juan Garzia itzultzailea eta Joxan Goikoetxea musikaria, aurkezpen egunean, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2015eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Bossa nova doinu bat, Shakespeareren soneto bat euskaraz emana, eta Olatz Praten ahotsez kantatua. Zeru horren infernuak ikuskizuneko osagarri batzuk dira, heldu den igandean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian (19:00) ikusi eta entzun ahalko direnak, eta astelehenean egindako aurkezpenean kantariak berak a capella aurreratu zituenak. William Shakespeareren sonetoak izango ditu oinarrian ikuskizunak, Juan Garziak itzuliak —Sonetoak izenburupean plazaratu zuen liburua Aztarna argitaletxeak, duela bi hilabete inguru—, Joxan Goikoetxea musikariak tankeratutako egokitzapen batean. Izan ere, Juan Garziaren lan horrek, jatorrizko eta itzulpen testuez gain, badu beste zati bat ere, entzumenera bideratua, bi diskoz osatua: lehen diskoak, Ahotsak azpititulua duenak, hainbat kulturgilek errezitatutako sonetoen grabazioa jasotzen du, eta bigarrenean, Musikak izenekoan, Joxan Goikoetxeak berak kantu bihurtutako 23 soneto entzun ahal dira, hainbat kantariren ahotsean: Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Maika Etxekopar, Maddi Oihenart, Xabier Montoia, Olatz Prat...

Juan Garziaren ekimenez sortutako proiektu hazi hark —duela hogei urte hasi zen Shakespeareren hamalaukoak euskaratzen—, hainbat kolaboratzaile eta babesle topatu zituen bidean. Aztarna argitaletxeaz gain, Mikel Laboa Katedraren bultzada izan zuen soneto guztiak euskaraturik argitaratzeko asmoak —aurrez ere batzuk plazaratuak baitzituen—, eta, orain, egitasmoak guztiz biribiltzeko behar zuen pausoa emango dute, Goikoetxearen gidaritzapean: «Liburua aurkeztu genuenean aurreikusi genuen estreinaldi bat behar genuela; Shakespearek bi esparru eskatzen ditu: bat, papera, eta bestea, antzokia. Shakespearek biak behar ditu bere obra ulertzeko. Paperera ekarri genuen, eta nahiko modu elegantean nik uste, eta gure bigarren nahia zen antzokira ekartzea, eta ez edozein antzokitara: Viktoria Eugeniara, hain zuzen ere», dio Goikoetxeak.

Bi hilabeteko lana egin dute oholtza gaineko ikuskizuna prestatzen, «nahiz eta aurretik egindako guztia ere lagungarri» izan duten. Goikoetxearen aburuz, Shakespeareren hamalaukoak genero bat dira bere horretan. «Sonetoak oso modu diferentetan entzun, ikusi eta irakurri ahal izan dira. Liburuari musika gehitzeko gogoa piztu, eta hori egin genuen, hainbat soneto musikatu. Horiek entzun ahal izango dira oholtzaren gainean».

Hitza, musika, dantza

Ikuskizuna arte adierazpide anitzekoa izango da. Goikoetxeak gidatuta, zortzi musikari izango dira zuzeneko musika jotzen:Roberto Yaben, Michel Longaron, Iosune Marin, Maider Zapirain, Txema Garces, Felipe Ugarte eta Juanjo Otxandorena. Ximun Fuchs aktoreak errezitatuko ditu testuak, liburuan hainbat eta hainbat kultur eremutako pertsonek egin bezala. «Libururako ere errezitatu zuen berak, eta oso pertsona egokia da. Aktorea eta Shakespeare zale amorratua». Pieza musikalek eta horietan kontatzen denak dantzarien bitartez izango dute dramatizaziorako zubia. Montse Zabalzak osatu du koreografia, eta harekin batera dantzatuko dute Txori Garcia Urizek eta Ion Barbarinek. Dantza baliabide bat izango da sonetoetatik atera litekeen trama antzezteko. Poeta bera, dama iluna eta jaun gazte argia izango dira hiru protagonistak. «Hiru pertsonaien arteko harremanak mugimendu iradokitzaile eta pasionalen bidez islatuko ditugu, pertsonaien arteko enkontruak eta desenkontruak», zehaztu du Montse Zabalza koreografoak.

Emanaldi berezia izango da Joxan Goikoetxearentzat. Batetik, musika konposizio guztiak bereak direlako, hasi eta buka. «Obra bat osorik konposatu dudan lehen aldia da. Xabier Lete zenak esaten zidan noizbait erabaki beharko nuela konpositore edo interpretea naizen... Eta oraindik ez dakit zein den nire bidea». Eta «oraindik» dionean dio, hain zuzen ere, igandean bere ibilbideko 1.000. kontzertua eskainiko duenean: «1979ko urriaren 2an eman nuen lehen kontzertua, 12 urte nituela, non eta Viktoria Eugenia antzoki zaharrean. Francisco Escudero maisuaren Fantasia geosinfonikoa obra taularatu genuen».

Urtemuga berezia izango da Goikoetxearentzat. Azken boladan aritutako hainbat musikari eta kantarirekin —Sortuko dira besteak egitasmokoak— eta aspaldiko kolaboratzaileekin izango da taularen gainean: «Inoiz izan dudan talderik onena izango da, eta urte askoren ondoren elkartuko gara guztiok».

Shakespeareren sonetoekin ateratako liburuan Koldobika Jauregi eskultorearen esku egon zen diseinua, eta hark zedarritutako estetika agertuko du igandeko ikuskizunak eszenografian ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.