Donostiak opera denboraldi iraunkorra izango du, Opus Lirica konpainiaren eskutik

Hiru opera ekarriko dituzte Gipuzkoako hiriburura, 2016ko urria eta 2017ko maiatza bitartean. Xede nagusia betetzat eman du konpainiak

Opus Liricako, Kursaaleko, Musikeneko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, atzo, Donostian. BERRIA.
Ander Perez Argote
2016ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Tartekako emanaldiak bai, baina opera denboraldi iraunkorrik ez zuen Donostiak orain arte. Huraxe zen, hain justu, orain bi urte sortutako Opus Lirica konpainiaren helburu nagusia: urtetik urtera, opera programazio iraunkorra eramatea Gipuzkoako hiriburura. Eta lortu dute. Atzo aurkeztu zuten 2016-2017ko denboraldia, Donostian, eta «aurrerapauso garrantzitsu» gisa aurkeztu zuten lorpena. «Bi urteko lan eskergaren ostean, lortu egin dugu», adierazi zuen Chomin Martin konpainiako presidenteak.

Hiru opera programatu dituzte datorren denboraldirako. Don Pasquale izango da lehena; urriaren 6an eta 9an emango dute, Viktoria Eugenian. Carlos Chausson buffo baxuak egingo du Don Pasqualen rola. Martinen hitzetan, «gozamen handia» izango da Chaussonen interpretazioa Donostian ikusi ahal izatea, «planetako buffo baxurik onenetakoa» baita. Joan Martin Royok,Jorge Francok eta Ainhoa Garmendiak antzeztuko dituzte obrako gainerako pertsonaiak.

2017ko hasieran iritsiko da Carmen operaren txanda, Ekaitz Unai Gonzalezek zuzendua. Atzo adierazi zutenez, «produkzioa eta eszenografia %100 gipuzkoarrak izango dira». Maria Jose Montiel mezzosoprano espainiarrak antzeztuko du operako rol nagusia. Otsailaren 10ean eta 12an izango dira emanaldiak, Kursaalean. Cenerentola operak itxiko du denboraldia, 2017ko maiatzaren 12an eta 14an, Viktoria Eugenian. Musikenerekin lankidetzan ekoitzi dute, eta bertako orkestrak hartuko du parte.

Atzoko aurkezpenean, denboraldia antolatu ahal izateko erakunde eta kultur eragileen eskutik jasotako laguntza eskertu zuten Opus Liricako arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.