Sanferminak Iruñean 

Kolore anitzeko suziriak

Sanferminetako ohiko txupinazoaz gain, hainbat ekitaldi alternatibo egin dituzte Iruñean, besteak beste, arrazismoaren aurkako nahiz presoen aldeko aldarrikapenak. Nafarroa Oinez-ek bere txupinazoa egin du, urtero bezala

Cheikh Dieng txantrearra txupinazo alternatiboa jaurtitzen, Errekoleten plazan, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Oier Morras Aranoa Oskia Ollakarizketa
Iruñea
2017ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Urtero Iruñeko Udaletxe plazan jaurtitzen den sanferminetako txupinazo ofiziala ez da hirian botatzen den suziri bakarra. Besteak beste, EH11kolore arrazismoaren aurkako herri ekimenak txupinazo alternatibo bat antolatu zuen atzoko, Herri Sanferminak plataformak Errekoleten plazan duen jai gunean. 14:30ean izan zen ekitaldia, eta ehunka pertsona bildu ziren ikustera. Presoen aldeko txupinazo eta brindis bat ere egin zituzten Iruñeko Herriko Tabernatik hurbil.

Errekoleten plazako suziria Cheik Dieng Cheikhouna-k jaurti zuen, duela hamaika urte Iruñean bizi den 36 urteko senegaldarrak. Aurretik, EH11koloreko bi kidek hitzaldi bat egin zuten, kultur pluraltasunaren aldeko aldarria eginez. Ekitaldia amaitu ostean, Diengek bere historiari eta bizi duen egoerari buruz hitz egin zuen. Jaioterria utzi zuenetik gaur arte igaro diren urteak zeharo gorabeheratsuak izan dira. Duela hamaika urte, patera batean sartu, eta atzean utzi zuen Afrikako kostaldea Europarako bidean, bizimodu hobe baten bila.

Ondoren, Madrilera abiatu zen, bertan lagun bat baitzuen. Horrek gomendatuta, Euskal Herrira etorri zen, eta Iruñean bizitzen geratzea erabaki zuen, Txantreako auzoan.

Egun, biziki ongi integratuta dago Dieng Txantreako auzoan, lagun ugari ditu nonahi, eta herri ekimenen babes handia du. Duela hilabete batzuk hura kanporatzeko agindu bat eman zuten, baina, azkenean, egundoko babesa jaso ostean, Iruñean jarraitzea lortu zuen.

Halere, haren egoera ez da batere egonkorra. Gizonarekin zegoen EH11koloreko kide baten hitzetan, senegaldarra eta haren lagunak elkarlanean dabiltza «urte bat baino gehiagoko lan kontratu baten bila». Orain arte, han-hemenka ibili da lanean, batez ere jaietan kaleko saltzaile gisa, baina egonkortasunik gabeko lanbideak ziren.

Urte bat baino gehiagoko kontratua lortzen badu, pairatzen duen egoera alegala konponduko luke, eta Euskal Herrian bizitzen jarraitzeko baimena lortuko luke. Dieng baikor dago horren inguruan:«Ziur nago lortuko dudala. Txantreako jendea nire familia da, eta beti laguntzen didate. Hemen bizi nahi dut; ez dut kanporatzerik nahi». Lagunak ere edozer gauza egiteko prest daude kanporatzea saihesteko.

Txikienendako txupinazoa

Nafarroa Oinez-en gunean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots arduratu ziren festa hasteaz. Alde Zaharreko zurrunbilotik ihesi, familia askok aukeratu zuten eremu hori txupinazoa bizitzeko. Festa hasi baino lehen, zuhaitzen azpian zeuden hiru mahai luzeetan, itzaletan, guraso eta haur ugari bildu ziren hamaiketakoa egiteko. Gaztetxoagoak ere prest zeuden inguruko belardietan eserita. Jendea lasai ederrean hamaiketakoa jaten ari zen bitartean, karpan, boluntarioak buru-belarri ari ziren barraren barruan lanean.

Ernesto Prat bi alabekin eta haien amatxirekin gerturatu zen Takonerako txoko horretara. Haren esanetan, haurrekin errazagoa da txupinazoa Nafarroa Oinez-eko gunean ikustea, «lasaitasun handiagoa dagoelako». Unai Uberetagoienak eta Rakel Condek ere June alabarengatik aukeratu zuten Nafarroa Oinez-en gunean ikustea txupinazoa, «Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikusi nahi dituelako».

Pailazoen pregoia

Hamabietarako hamar minutu falta zirela agertu ziren Pirritx, Porrotx eta Marimotots, eta txikienen zoramena eragin. Musika eta kantu artean gune osoa dantzan jarri zuten segundo gutxian. Jarraian, Korrikako lekuko handi batetik atera zuten pailazoek pregoia, eta euskararen aldeko mezu sutsua irakurri zuten.

Horrekin batera, urriaren 15ean Lesakako Nafarroa Oinez jaira joateko deia egin zuten. «Euskara, guretzat, guztia da; garenaren ispilua. Eta festak euskaraz egin behar ditugu. Euskararen balioak gogorarazi nahi ditugu», adierazi zuten pailazoek.

Erlojuak ordua jotzean, Pirritxen «iruindarrok, euskaldunok, gora San Fermin!» oihuari jarraituz, Marimototsek eman zion su Porrotxek heldutako suziriari, eta jaia hasi zen.

Estitxu Arozena Nafarroa Oinez-eko jarduera batzordeko kidearen arabera, «familia euskaldunak dira gune honen profila». Lesakarraren ustez, «hiriburuan euskararen presentzia zabaldu egin da azken urteetan, baina, hala ere, Oinez txokoa oraindik erreferentea da familia euskaldunendako».

Jende gehien otorduetan biltzea espero duten arren, gauari begira egitarauan gazteak erakartzeko kontzertuak jartzen saiatu dira. Arozenak gaineratu duenez, 600 boluntario ariko dira lanean egun hauetan Oinez txokoan. Horietako asko lesakarrak dira. «Lesakan ere sanferminak direnez, zailtasun gehigarria izan da guretzat. Hori da aurtengo bereizgarria», aipatu zuen Arozenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.