Sanferminak 

Jaietan balioak landuz

Herri mugimenduen gune ugari daude aurtengo sanferminetan. Horietako bi kudeatzen ditu Herri Sanferminak plataformak, Alde Zaharreko Errekoleten plazan eta O plazan. Programazio alternatibo eta askotarikoaz goza daiteke han.

Boluntarioak barran, herri sanferminen gunean, O plazan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Jaiaren erdigunean daude aurten Herri Sanferminak plataformaren guneak. Besteak beste, musikaz gozatzeko, otorduak egiteko eta jolas eta ekintza desberdinetan parte hartzeko leku aproposak dira Errekoleten plaza eta O plaza. Azken bi urtetako berrikuntza da hori. Izan ere, 2014 eta 2015eko sanferminetan Runa parkean jarri zuten herri sanferminen gunea, eta ordura arte urte asko pasatu zituzten herri mugimenduek beren gunea edukitzeko baimenik gabe.

Garazi Robles Herri Sanferminak plataformako kidearen arabera, «urrats garrantzitsua» da Alde Zaharretik aparte egon ordez jaiaren erdigunean egotea. Aldi berean, «Iruñeko Udalak jartzen zituen trabak» jada ez dituztela aipatu du Roblesek. Kontrara, udalak laguntza eman die herri sanferminei: besteak beste, komunak jarriz eta azpiegituran lagunduz.

Jai eredu berri baten alde

Hala ere, iazkoarekin alderatuz, ezberdintasunak daude. «Aurten, iaz bezala, San Jose plaza erabili nahi genuen, baina, bizilagun batzuen kexak direla-eta, udalak erabaki du baimenik ez ematea», adierazi du Roblesek. Horren truke, O plaza erabili dute. Han, agertokiaz eta barraz gain, sukalde ekologikoa dago: eguerdian menuak ematen dituzte, eta gauean, ogitartekoak. Errekoleten plazan, berriz, aurreko urteetako ereduari segitu diote.

Herri mugimenduko hamaika eragile daude herri sanferminen atzean. Horiekin batera, ordea, norbanakoek ere antolakuntzan parte har dezakete, nahi izanez gero. Lantaldeka antolatzen dira, eta bakoitzak ardura ezberdinak ditu: egitarau lantaldea, egitura lantaldea, komunikazio lantaldea...

Eragileei dagokienez, lan eremu oso desberdinak dituzten kolektiboak aritzen dira herri sanferminak antolatzen. Kolektiboek urte osoan lantzen dituzten balioak aldarrikatzen ditu Herri Sanferminak plataformak: jai herrikoiak, parte hartzea, antikapitalismoa, feminismoa, euskaltzaletasuna, aniztasuna, kultura eta ekologismoa. «Kolektibo bakoitzak bere aldarrikapen zehatzak alde batera utzi, eta balio horietan zentratu eta jai eredu berri baten aldeko lanean indarrak jartzeko hautua egin dugu», azaldu du Roblesek. «Antolakuntza guztian balioak kontuan hartzen eta horien lanketa bermatzen saiatzen gara, oreka egon dadin», gaineratu du.

Antolatzaileek «plaza parte hartzaileak» nahi dituzte, eta, Eman bizia herri sanferminei! leloarekin, jendearen parte hartzea sustatu nahi dute.

Migrazio politiken salaketa

Aurtengo beste berrikuntzetako bat txupinazo alternatiboa izan da. Cheikhouna Diengek bota zuen, kanporatua izateko prozeduran dagoen gazte txantrearrak; aniztasun kulturalaren aldeko ekitaldia izan zen. «Momentu egokia iruditzen zitzaigun bai Espainiako Estatuaren eta bai Europako Batasunaren migrazio politikak salatzeko», azpimarratu du Roblesek.

Sanferminak bukatu aurretik, Errekoleten plazara zein O plazara joaten direnek egitarau oparoaz gozatzeko aukera izanen dute oraindik ere.

Musika eskaintzari dagokionez, gaur Maider Zabalegi egonen da, eta bihar, Raperos de Emaus, besteak beste.

Horrez gain, bihar, Mazedonia kalejira eginen dute Udaletxe plazatik. Kalderete lehiaketa, nerabeentzako ginkana, eta haur jolasak ere antolatuta daude egun horretarako, herri sanferminen gunera biltzen direnentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.