Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala

'Handia', goraipatua

Aretoak lepo bete ditu Jon Garañoren eta Aitor Arregiren filmak Zinemaldian: emanaldi bakarraren faltan, aldeko iritziak dira nagusi
<em>Handia</em> filmeko lantaldea Donostiako Kursaalean, pelikula estreinatu aurretik.
Handia filmeko lantaldea Donostiako Kursaalean, pelikula estreinatu aurretik. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Maialen Unanue Irureta -

2017ko irailak 26
Zinemaldiko saioen sarreren salmenta Handia-k sortu duen ikusminaren erakusgarri: estreinaldiaren egunean, aulki gutxi batzuk gelditu ziren jabe gabe goizeko emanaldian —gauekoak hamar minutuan agortu ziren—, eta atzokoak guztiz saldu ziren. Beste behin emango dute, larunbatean, Viktoria Eugenia antzokian.

Ikusitakoarekin gustura atera dira aretotik Ane Irazusta eta Jugatx Agirre. «Hasteko, istorioak berak harritu nau, pertsonaiak zeinen ondo eginda dauden. Iruditzen zait Sail Ofizialaren mailako pelikula bat dela», nabarmendu du Irazustak. Joseba Usabiaga eta Eneko Sagardoi aktore nagusiek egindako lana goraipatu ditu, gainera: «Harritu nau Joseba Usabiagak, ez nuen horrelako rol batean ikusi sekula, eta asko gustatu zait nola egin duen; berdin Sagardoirekin. Erraldoia bera ere oso ondo egin dutela iruditzen zait».

Iritzi berekoa da Agirre; filmeko lokalizazioak, eszenografia eta arropa nabarmendu ditu. Ezagun zuen Altzoko Handiaren istorioa, eta oso ondo kontatu dutela iruditu zaio. Ez hori bakarrik, istorioaz gain, azaleratzen dituen bestelako gaiak ere oso ondo landuta daudela uste du: «Anaien arteko harremanaz gain, gustatu zait erraldoiari Handia deitzen dioten arren, filmak erakusten duen txikitasuna. Identitate arazo bat erakusten du: Handia bakarrik sentitzen da, eta ikusten duenean bera bezalako jende gehiago dagoela, berdintasun batera ailegatzen da, eta iruditzen zait hori ondo landuta dagoela».

«Gogorra» eta «berezia»

Dreide Jauregi Etxeberria eta Maixa Etxeberria ama-alabek beste zerbait espero zuten. «Erdizka» utzi ditu, Jauregik azaldu duenez: «Oso idealizatua neukan agian: asko gustatu zait, baina, agian, Loreak-en ideiarekin gentozen eta...». Biek nabarmendu dutenez, musika, irudiak eta lekuak «izugarri» gustatu zaizkie.

Istorioa bera da atentzio gehien eman diona Maialen Agirrezabali. «Oraintxe lagunarekin komentatzen ari nintzen pelikula oso berezia dela, eta asko gustatu zaidala. Istorioa bera oso gogorra iruditu zait, erraldoi izate hori... Oso gogorra».

Altzoko Handiaz zituen usteak irauli dizkio pelikulak Andoni Zulaika Errastiri: «Entzuna neukan erraldoia lotsati samarra zela, eta, garai hura ezagututa, esango nuke ausarta izan zela». Istorio «bitxia eta polita» iruditu zaio.

Zeharo hunkituta atera da aretotik Ebentzi Loiola. «Oso tristea begitandu zait». Ondo egindako filma iruditu zaio, eta bereziki hunkitu du Miguel Joaquin Eleizegiren bizitzak. «Oso pelikula hunkigarria da, baina zeinen gogorra izan zen mutilaren bizitza. Hementxe geratu zait [eskua bularrera eraman du]». Erraldoiaren istorioaz gain, beste hainbat gai landu izana gustatu zaio: «Euskal Herriko gurasoen eta semeen arteko harremana, baserria, Ameriketara joateko gogoa... Oso ondo islatu dute dena». Aktoreen lana ere goraipatu du: «Oso oso ondo egin dute biek: anaiaren rola [Joseba Usabiagarena] oso landua iruditu zait».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna