Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. Zinemira

Emakume baten irrintzia

Mirentxu Loiarte zinemagilearen erretratu pertsonala egin du Iratxe Fresnedak 'Irrintziaren oihartzunak' dokumentalean. Ostiralean estreinatuko dute.

Iratxe Fresneda EHUko irakaslearen estreinako dokumentala da Irrintziaren oihartzunak. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2016ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Bi zinema lan baino ez. Mirentxu Loiartek (Iruñea, 1938) iraupen ertaineko film bat eta dokumental bat egin zituen, eta desagertu egin zen. Ondoren ez zen haren berri izan. Irrintzi (1978) eta Euskal emakumeak (1981), Loiartek filmatutako bi lan haiek, ahanzturaren zuloan erori ziren, eta zinemagilearen izena ere ia desagertu zen euskal zinemaren historiatik, nahiz eta bakoitza bere garaian nolabaiteko mugarri izan. Irrintzi, Loiarteren opera prima, Espainiako Zinematografia Zuzendaritza Nagusiak saritu ere saritu zuen, baina gero ez zuen aukera handirik izan Euskal Herritik kanpo zabaltzeko, ezkutuko zentsuraren eraginez; eta Euskal emakumeak, Antton Ezeizak sustatutako Ikuska saileko 12. lanak, andreek XX. mendearen amaieran Euskal Herrian zuten egoerari soziopolitikoari begiratzen zion, lau testigantzaren bitartez. Hor ere aitzindari Loiarte.

Orain, 35 urte igaro direnean, Loiartek berreskuratu egin du inoiz eduki nahi izan ez zuen protagonismoa. Iratxe Fresneda EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasleak haren figura ekarri du gogora Irrintziaren oihartzunak dokumentalean, eta ostiralean aurkeztuko du Zinemira sailean.

«Emakume ausarta eta nortasun berezikoa». Modu horretan definitu du Fresnedak Loiarte. Orain dela bederatzi urte izan zuen haren berri, ia kasualitatez, eta hura ezagutu ondoren, zerbait sortu zen bere barrenean. Zinemagile ezezagun hura zein zen eta zer egin zuen jakin nahi zuen. «Ni beti izan naiz hiztegietara jo eta gauzak bilatzearen oso zalea. Arakatzekoa. Eta orain bederatzi urte, Euskadiko Filmategian arakatzen ari nintzen batean, Mirentxu Loiarteren izenarekin egin nuen topo». Jakin zuen zein obra zuen zinemagileak eta sari bat ere eman ziotela. «Baina nor zen Mirentxu Loiarte? Non zegoen? Bilatzen hasi eta ohartu nintzen oso aipamen gutxi agertzen zirela prentsan. Carlos Roldanen aipamenen bat, Alberto Barandiaranek egindako elkarrizketa bat... gauza gutxi». Santiago de Pablo Zinemaren Historiako katedradunari galdetu, eta hark bazuen Loiarteren berri, baina ez informazio askorik.

Hor sortu zitzaion Fresnedari Irrintzi-ren egilea ezagutu eta harekin zerbait egiteko ideiaren ernamuina, baina bestelako arrazoiak zirela eta, albo batera utzi zuen asmoa. Harik eta proposamen batek berriro jarri zuen arte Loiarteren arrastoan. Euskadiko Filmategiak euskal emakume zinemagileen mapa egiteko proposamena egin zion Fresnedari: «Lan hura egitea ezinezkoa iruditu zitzaidan, baina zerbait prestatuko nuela erantzun nien. Eta hor berriro egin nuen topo Mirentxu Loiarteren obrarekin. Eta iruditu zitzaidan modernoa, ausarta, kalitate handikoa...».

Zinemagilea, lehen planora

«Ni ez naiz mitomanoa; ez naiz obraren atzean dagoen pertsona ezagutu behar duela pentsatzen duten horietakoa», argitu du lehendabizi Fresnedak. Baina Loiarterekin bestelako sentipenak izan zituen. Eta etxeko telefonoa eskuratuta, deitu egin zion. Baita dokumental bat egiteko ideia proposatu ere. «Ondo hartu ninduen, pixka bat harrituta, eta nik argi adierazi nion ez nuela ezertara behartuko. Berak esan nahi ez zuenik ez zuela esango».

Irrintziaren oihartzunak, Fresnedak Loiarteren obrara eta hitzetara eginiko bidaiaren emaitza, zinemagilearen nolabaiteko «erretratu inpresionista» da. Ez biografia bat. Ez ingurukoen hitz eta iritzietan oinarritutako dokumental bat. «Helburua zen Mirentxuren lana ezagutaraztea, baina protagonismoa hari emanda. Hark egindako lana eta berak esandakoak plazaratzea».

Fresnedak aipatutako izaera inpresionista horri esker, Loiarteren ahotsa eta hitzak, haren filmen irudiak, Fresnedak berak Euskadiko Filmategira eginiko bisiten filmaketak eta bestelakoak gurutzatzen dira Irrintziaren oihartzunak-en, ikusleari dena esan gabe, baina Euskal emakumeak-en egilea ezagutzeko tresnak emanda. «Oso argi» izan zuen hasieratik dokumentalaren ideia eta baita forma ere. «Oso argi izan ez banu, ez nukeen egingo. Hasieratik erabakita genuen ia dena, baita gidoi teknikoa ere».

Euskaraz lan egin zuen lehenengo emakume zinemagilea izan zen Loiarte, baina horrek baino gehiago bere lanaren pisuak erakarri zuen Fresneda. Irrintzi-k esaterako. «Garai horretan [1978an] Euskal Herria bizitzen ari zen egoeraren oihua islatu zuen lan esperimental eta gogor batekin. Baina, era berean, oso era poetikoan zegoen filmatua». Luis Iturriren testu batetik abiatuta, Irrintzi-k euskaldunen nortasun kolektiboari buruzko gogoeta egiten zuen, antropologiaren eta esperimentazioaren artean kokatuz, eta Xabier Amurizaren ahotsa, Marivi Bilbao aktorearen hitzak eta Blas de Otero, Gabriel Aresti eta Gabriel Celayaren poesia erabilita. «Oso lan modernoa da, eta beste zinemagile batzuen arrastoak ere aurkitu daitezke bertan, [Pier Paolo] Pasolinirenak adibidez».

Euskal emakumeak filmatu ondoren, Marc Legasseren Gastibeltzaren karabinak lanaren gaineko gidoi bat garatu zuen Loiartek, «zinema egiten jarraitzeko asmoa baitzuen», baina halako film batek ekoizpen lan handia eskatzen zuen, eta proiektuak ez zuen aurrera egin. Era berean, arrazoi politikoak zirela eta, Venezuelara erbesteratu behar izan zuen —filmean aipatzen duenez, ondo gogoan du Caracasera iritsi eta hegazkinetik jaistean sentitutako bero sapa—, eta han, Euskal Herritik urruti, ezin izan zuen zinema egiten jarraitu. «Idazten bai, asko idazten duelako, baina zinema aurrera ateratzeko bestelako baliabideak behar dira. Are gehiago garai hartan, zeluloidearekin lan egitean. Ez zuen aukerarik izan toki batean sustraitu eta zinemagintzarekin jarraitzeko».Gainera, emakume izateak ere horretan zerikusia izan zuela uste du Fresnedak. «Genero klabe batean ere irakurri behar da. Emakume eta erbesteratua. Horrek asko zailtzen du lanean segitzea».

Nolanahi ere, zinema ez duela inoiz alde batera utzi dio Fresnedak. «Bere buruan pelikulak egiten segitzen du oraindik ere, nahiz eta gero ez diren gauzatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.