Itsas herrian, lehorterik ez

Albaolak ikuspegi itsastar batetik ikertu du Euskal Herriko historia. Munduari egindako ekarpenak eta itsasoak herrialdearen garapenean izandako garrantzia jaso du liburu batean.

MAITE ALUSTIZA / -.
Maite Alustiza.
Donostia
2017ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Europako itsas potentzia handiena izan zen Euskal Herria XVI. mendean. Euskal itsas teknologiari esker lotu ahal izan ziren, lehen aldiz, Ozeano Atlantikoa eta Pazifikoa, eta gara hartako itsasontzi «eder eta handienak» Euskal Herrian egiten ziren. Ondorioz, euskaldunak ziren «itsas balentriarik handienak» egin zituzten marinelak ere. «Hori dena gurea zen, eta harrigarria da nola gertakari hain garrantzitsuak apenas ezagutzen diren». Hitzok esaten dituen bitartean, Xabier Agote Albaola Itsas Faktoriako presidenteak aurrean du Euskal Herria itsastarra. San Juan baleontzitik liburua. Albaolak eta Elkar argitaletxeak euskal itsas historiako hainbat gertakari bildu dituzte liburu horretan. Atzo aurkeztu zuten, Donostiako Elkar aretoan.

Dibulgazio lan bat osatu dute, «gure historiaz jakin beharrekoei buruzko eskuliburu bat». Xabier Alberdi Albaolako Ikerketa Saileko zuzendariaren arabera, ikerketa historikoetan garrantzitsua izaten da emaitzak biltzea, baina baita emaitzak gizarteratzea ere. Hori horrela, «denon eskura» jarri nahi dituzte ikerlariek egindako gogoetak. «Ikuspegi berritzaile bat» eman nahi izan diote, gainera; euskal historiaren begirada itsastar bat eskaini. «Gero eta froga gehiago ditugu: itsasorik gabe, ziur aski gure herria zeharo ezberdina izango litzateke».

Gertakarien interpretazioak egiten direnean, ordea, askotan itsasoa elementu fenomeniko gisa erabili ohi dela dio Alberdik; hainbat elementuren artean, itsasoa ere hor zegoela. Ikerlariaren iritziz, ordea, elementu estrategikoa izan zen itsasoa, «ziurrenik, gure historiako ardatz funtsezkoena». Izandako garrantzia azaltzeko, garai bateko burdingintza jarri du adibide: «Euskal burdinaren %80 itsasoz merkaturatzen zen. Segur aski, itsasorik izango ez balitz, burdingintza ez litzateke halakoa izango».

Itsasoaren historia gutxi ikertutako esparrua da. Historia lurtarra «egonkorragoa» dela uste du Alberdik, eta historialari askok, gaiak aukeratzean, horretara jotzen dutela. «Ez da bakarrik itsasoa mugitu egiten delako, baizik eta itsasoari eta hari lotutako gaiei mugak jartzea oso zaila delako. Konplexuagoa da itsas historia, lurrekoa baino». Arrantza gaitzat hartuz gero, esaterako, hamaika gai aipa litezke: Ameriketako amerindiarrekin izandako harremanak, atzerriko herrialdeekin edukitakoak, arrainaren merkaturatzea...

Ikertu ez izanaren atzean «utzikeria eta intentzio jakin bat» ere badaude, Alberdiren ustetan. Dioenez, Espainiako historiografiak euskal itsasgizonak aldarrikatu ditu, baina dozena erdi bat, besterik ez: «Oso pertsona konkretuak dira, eta, gainera, diskurtso konkretu batzuetan baliagarri direnean aipatzen dira. Karikatura antzeko pertsonaiak bihurtu dituzte, eta hori da guk jaso duguna, gure historiaren erretratua». Testuinguru orokor bateko ordezkari izan arren, «ez da interesik egon» testuinguru hori lantzeko. Arlo horretan, euskal historiografiak ere «gauza bera» egin duela uste du Alberdik: «Askotan, ustezko euskal historiografia batek kontsideratzen ditu gure historiarekin zerikusirik ez duten pertsonak, beste herrialde baten historia egin dutenak, eta ez gurea».

Itsasoarekiko lotura ez da kostaldeko herrietara mugatzen, ordea: Euskal Herri osora hedatzen da. «Askotan entzun dugu baserritar mundua itxia dela, endogamikoa, eta itsaso aldea, berriz, irekia dela, harremanengatik eta abar». Alberdik lotura zuzena ikusten du bien artean. «Baserriak sortu ziren itsasoari begira ekoitzi beharreko ekoizkinak sortzeko: sagardoa, txerrikiak... Basogintza berezi bat ere garatu zen horretarako; zuhaitz gazteei forma bereziak ematen zizkieten pieza jakinak lortzeko». Landa eremua bera, hortaz, industrializatuta zegoen, eta itsasoarekiko loturarik gabeko mundua zirudien arren, barnealdeak eman zituen itsasgizon entzutetsuak; Ordiziako (Gipuzkoa) Andres de Urdaneta eta Miguel Lopez de Legazpi Zumarragakoa (Gipuzkoa), besteak beste.

'Beothuk' eta 'San Juan'

Albaolak urteak daramatza euskal arrantzaleek munduan izandako gorabeherak ikertzen. 2006an, Apaizac obeto espedizioa egin zuten hainbat lagunek Ternuako Red Bay badiara (Kanada), Beothuk txaluparekin. Orduko hartan, XVI. eta XVII. mendeetan euskal arrantzaleek egindako bideari jarraitu zioten. Espedizioari buruzko liburu bat ere plazaratu zuten, eta Agoteren ustez, «mugarria» izan zen hura: «Ekarpen oso handia egin zion euskal gizarteari, eta orain garaia iritsi da San Juan baleontziari trataera bera emateko». 1560. urte inguruan eraiki zuten San Juan, Pasaian (Gipuzkoa), eta Kanadara egin zuen bidea hark ere. «Euskal Herriko itsas historiaren handitasunaren frogarik biziena da». Agotek nabarmendu duenez, Unescoren urpeko ondarearen ikur da baleontzia, eta, aldi berean, Unescok bere babesa eman dio Albaolan eraikitzen ari diren baleontziaren erreplikari. «Jaso genezakeen onespenik handiena da».

Hainbat mendetan, euskaldunak izan ziren balea ehizatzen zekiten bakarrak. Alberdik zehaztu duenez, XI. menderako ezarrita zegoen baleen ehiza euskal kostan, eta Europako herri bakarra izan zen XVI. mende bukaerara arte. Bakarrak izanda ere, Europako merkatu osoa asetzen zuten. Nola zen posible? «Lehorrekoak» ere tartean zirelako.

Alberdik kalkulatu duenez, Gipuzkoa, Bizkai eta Lapurdiko kostan 20.000 bat lagun bizi zitezkeen garai hartan, eta, hortaz, barnealdekoen laguntza guztiz beharrezkoa zuten euren jarduna aurrera eramateko. Asko lehorrekoak ziren. Berdin gertatu zen ontzientzako kapitala jartzerakoan: «Ez bakarrik kostako herrietatik iristen; adibidez, Tolosatik, Bergaratik, Gasteiztik, Iruñetik... Burgosetik [Espainia] ere inbertitu zuten kapitala».

Euskal Herrian ez ezik, munduan ere ezagutarazi nahi dute «gure arbasoen hain istorio ederra». Horregatik, euskaraz eta gazteleraz argitaratu dute liburua, eta, aurrerago, ingelesez eta frantsesez aterako dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.