Nafarren topaleku 40 urtez

Nafarroaren Eguna apirilaren 29an ospatuko da Baigorrin. Aurten urteurrenak markatuko du besta. Aurretik hainbat jarduera eskainiko ditu Kulturaldiak.

Hainbat musikari jendez inguraturik, Baigorriko karpa batean, iazko Nafarroaren Egunean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Eskarmentua badute Baigorrin (Nafarroa Beherea) Nafarroaren Eguna antolatzen. 40 urte beteko dira aurten Basaizea elkarteak Kulturaldia jaialdia antolatzen hasi zenetik. Horren barruan egiten da Nafarroaren Eguna, eta, beraz, besta berezia egin nahi dute. Apirilaren 29an ospatuko dute Nafarroaren Eguna, eta aurtengoa «aniztasun handiagokoa» izanen da. Dena den, Kulturaldia bihar hasiko da, Zazpi senideko antzezlanarekin.

«Aurten 40 urte bete direnez, nahi izan dugu berriz oinarrietara joan; beraz, bilatu dugu zergatik abiatu zen Basaizea, eta ohartu gara problematika bera zela duela 40 urte eta gaur: euskaraz bizitzea neke dela gure herrian, Nafarroarekin harremanak lotzea eguneroko lana dela, Baigorrin lan eta bizitzeko dinamikak behar direla...», esan du Amaia Kastorenek. Basaizea elkarteko kidea eta Baigorriko Kulturaldiaren antolatzaileetako bat da. Baigorrin apirilean eskainiko duten egitarauaren berri eman du Iruñean, Basaizeako beste kide batzuekin batera. Oinarriak ere azken 40 urteetako berak izanen dira: «Herria biziarazi, Euskal Herriko loturak eta senidetzeak azkartu, euskara babestu eta euskal kultura sustatu».

Aurtengoa, urteurrenaren bueltan antolatutako Kulturaldia izanen da. Berezia denez gero, afixa egiteko Jose Luis Zumeta margolariarengana jo dute, baita hark gonbidapena onartu ere. Artistaren tailerrean egon ziren Basaizeako gazteak, eta haiei esker izan zuen elkartearen berri. Zumetak esan dienez, aurten ez du Nafarroaren Eguna galduko. «Pentsatzen dut haizea irudikatu nahi izan duela zirimola bat bezala. Beste batzuek gaitaren zuloa ere ikusten dute. Bakoitzak nahi duena ikusten du», esan du Kastorenek.

Nafarroaren Egunak egitarau zabala izanen du aurten ere. Goizean, elizaren inguruetan izanen dira ekitaldiak, eta bazkalondokoak, herriko etxearen bueltan. Basaizeak ohartarazi du ez dutela eraso sexistarik onartuko: «Indar berezia jartzen dugu horretan, Nafarroaren Egunera etortzen diren jende guziek babesa ukaiteko», azaldu du Maider Luro Basaizea elkarteko lehendakariak.

Gonbidatuak ere izanen dituzte Baigorrin. Alde batetik, urtero, Nafarroa Garaiko herri batekin senidetzen dira, eta horiek izaten dira Nafarroaren eguneko gonbidatu nagusiak. Aurten, elkartasunak Altsasura eraman ditu baigorriarrak. Inauterietan han izan ziren, momotxorroen besta bertatik bertara ezagutzen eta herritarrekin harremanak egiten. Bisita joan-etorrikoa da, eta, beraz, altsasuarrak ere Baigorrin izan dira. Harreman horri esker, Altsasuko gazte auzipetuen aferari buruzko erakusketa muntatu zuten Baigorrin. «Batzuk ez dira sobera jakinean zer gertatzen den Altsasun», azaldu du Kastorenek.

Harreman horri jarraiki, Basaizeak herenegun Donibane Garaziko herriko etxearen aurrean egindako elkarretaratzean parte hartu zuen, eta gaur Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu du. «Sostengua erakutsi nahi dugu Altsasukoekin», esan du Lurok. Altsasuarrak Baigorriko jaian izanen dira, beraz, eta hango Etorkizuna dantza taldeak emanaldia eskainiko du.

Bestalde, Nafarroa Garaiko eta Behereko hautetsiek bat eginen dute Nafarroaren Egunean, eta harrera eginen diete herriko etxean. «Elkartearen lanetik abiatuta, gaur egun ofizialki ere herriko etxeak harremanak lotzen ditu gainerako hautetsiekin, eta ofizialtasun bat lortu du harrera horrek», azaldu du Kastorenek.

Kontzertu berezia

Igandeko besta ez ezik, larunbateko gaualdia ere berezia izanen dela iragarri du Basaizeak. Apirilaren 28rako kontzertua antolatu dute elizan: BestOfaldia deitu diote. «Urte guzietan izan diren artista gogoangarriak bilduko dira», esan du Gillen Zaldunbide Basaizeako kideak. Xare Laborategiko Ertz orkestrak emanen du kontzertua hainbat abeslariren laguntzarekin: Natxo de Felipe, Eñaut Elorrieta, Niko Etxart, Eltzegor, Astezkenekoak, Kantiruki, Xendarineko ahizpak, Amaia Riouspeyrous eta Aire ahizpak. Zaldunbidek joateko gonbita egin du: «Musikaldi biziki ederra izanen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.