Itzalekoei kantuka

Done Jakue plaza egunero betetzen da bertso saioekin gozatzeko. Eguzkiak gogotik jo eta bero egin arren, itzalpetik ere gozatu ahal izan da Unai Iturriaga eta Amets Arzallusen emanaldia.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Bitan banatzen da Bilboko Done Jakue plaza Aste Nagusiko eguerdietan: itzalpean eta eguzkitan daudenen artean. Gogor jotzen zuen eguzkiak atzo, eta, horregatik, aulkiak hartu, eta jende gehiena itzalpean jarri zen. Ordu batez bertatik ez mugitzeko asmoa zeukaten, egunero izaten diren bertso saioetako bat entzutera bildu baitziren. Horregatik, agian, hala agurtu zuen Unai Iturriagak bertaratu zen jendea: «Eskerrik asko eta ondo etorri / gerizpetako jendea». Amets Arzallus izan zuen atzo bertsotako lagun, eta hark ere Done Jakue plazako itxurari egin zion erreferentzia: «Gure patua beti izan da / itzaletik ibiltzea». Librean aritu ziren kantuan atzo, ordubetez isildu gabe. Bertsotan aritzeko gustuko modalitatea bientzat, saioan onartu zutenez.

Eguraldia izan zuten kantugai bertsolariek behin eta berriro. Baina ikusle denak ez zeuden itzalpean, eta eguzkitan zeudenei egin zien aipamena Iturriagak:

Eguzkia ei dana

zeruetako juez

gaur ere agintari dau

beste askotan lez

sektore nagusiak

egin deutzo ihes

batzuk erdi-erdian

astroaren parez

Cambrilseko oporrak

aurreztu dabiez

Ez ziren hor amaitu ikusleei egin zizkieten erreferentziak. Agertokiak sortzen duen itzala aprobetxatuz, egunero jartzen baita bertsozale talde bat lehen lerroan. Eurei egin zien erreferentzia Arzallusek: «Baina zerbait heldu da / nere begietara / ikusi al duzu Unai / jarri so plazara / zona VIPean dagon / lehenengo ilara?». Horrela heldu zion amuari Iturriagak:

Ilara bat badago

ez dira hiru-lau

aulkiak hartu eta

aurrerantza ri-rau

urterokoak dira

urteroko arau

benetan zer doguzen

horrek kezkatzen nau

masokista edo VIP,

zer da ilara hau?

Hau erantzun zion Arzallusek:

Nik ezin zirikatu

arren, arren, arren

sei zortzi bazaudete

hor hurrenez hurren

bertsoa gertutikan

begiratzearren

pentsa ze zale leial,

fin eta nabarmen

tabladua baino lehen

omen zeuden hemen

Done Jakue plazan zeuden biak kantuan, izen bereko elizaren ondoan. Ile motz eta sandaliekin igo zen taulara Iturriaga, eta itxura horri heldu zion Arzallusek: «Pentsatzen nago praile sartzea / pentsatzen ari al zeran». Izatekotan, erromes izango zela erantzun zion bueltan durangarrak: «Baina erromes izan gura dot / Bilbon egingo det froga / ea egun baten heldu ahal dodan / Algaratik Barullora». Eta berriz ere fedearekin bueltaka hasi ziren bi bertsolariak. Letek azken urteak elizan pasatu zituela eta Joxanton Artze ere antzera dabilela gogoratuz, Arzallusek Iturriagari esan zion: «Fededun izan ezean / ezin zara poeta izan». Emandako tituluari kasu handirik egin gabe erantzun zion bueltan Iturriagak: «Federa buelta egitekotan / Aita Santu edo ezer ez».

Fedearekin eta sinismenekin aurrera eta atzera eskaini zituzten hainbat bertso, harik eta Arzallusek hurrengo gairako abiapuntua bota zuen arte: «Jainkoa ez dakit / non aurkitzen den / ez da nere esparrua / bai, baina Munillaren hitzetan / ikusten dut deabrua». Doinua aldatu zuen orduan Iturriagak, eta Donostiako apezpikuaren azken adierazpen polemikoak hartu zituen hurrengo gairako abiapuntu. Honela bota zuen:

Ez dakit zeren bila dabilen

han zeru goiari kantuz

ni behintzat ez nau konbentzituko

erretorika hori hartuz

baina hor dabil ona ta txarra

zer dogun guk seinalatuz

ta bide batez gertatzen diren

bortxaketak justifikatuz

Bide beretik heldu zen hendaiarraren bertsoa:

Zoritxarrean azken aldian

zenbat karraxi eta ulu

eta Munillak altare hortan

dena doktrin ta urgullu

ta gertatzen denaren aurrean

pentsa genukela dolu

begiak ixten dituen gisan

ahoa itxiko balu

Bide hori hartu zuen saioak, eta, nahitaez, Aste Nagusian gertatutako sexu erasoak ekarri zituen Iturriagak: «Non deukie batzuek burua / ta zertan dabil jendea / hobe lepora lotuz gero / euren birilidadea». Arzallusek, bere aldetik, hedabideen jardunari begiratu zion hurrengo bertsoan: «Gorputza objetu bihurtzea / drama ikaragarria / nahiz hedabideek ere salatzen duten / hain gertakizun larria / beldur naiz kontrako eskola bat / ez dagon martxan jarria». Geroago, gizontasuna ulertzeko eta harremanak bizitzeko beste modu bat aldarrikatu zuen: «Garaia da korapiloen hari denak askatzeko / bakoitzak badu bere barruan / lan handi bat pentsatzeko / ta batez ere gaur egunean harremanak ulertzeko».

Aurrera zihoan bertso saioa, eta, libreko ariketarekin gertatu ohi den bezala, bertsolariek ez zekiten noiz amaitu behar zuten. Ordubeteko saioa izango zela bai, baina denbora kontrolatzerik ez. Arzallusek hala egin zuen kexa: «Hemendik erlojua / ezin da ikusi». Iturriagak eman zion erantzuna: «Ba gorputz luze hori / mugitu gizona / lehengo lekuan dago / elizako horma / laurden gutxirantza dago / orratza igona / baina ez dakit sinistu / elizak diona». Puntutako saio, eta agurrekin amaitu zuten saioa, erlojuak esandakoa sinistuta ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.