Olatu handien ehizan

Gipuzkoako olatu handietan egiten den surfa irudikatu nahi izan dute Bideolan ekoiztetxeko hiru arduradunek 'Euskal Balearen Ehiza' dokumentalaren barruan.

Oier Bartolome, Asier Altuna eta Jon Goikoetxea. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Zarautz
2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
E uskal Herria, historian zehar, herri arrantzalea izan dela garbi erakustea; hori izan da Euskal balearen ehiza surfari buruzko film laburra prestatzeko abiapuntuetako bat. Jon Goikoetxeak (Gasteiz, 1983), Oier Bartolome surflariak (Deba, Gipuzkoa, 1981) eta Asier Altuna Txokito-k (Arrasate, Gipuzkoa, 1981) osatzen dute Bideolan ekoiztetxea; horren bitartez ekoitzi dute dokumentala.

2015. eta 2016. urteen arteko neguan olatu handiak filmatzen egon da hirukoa, olatu handienak urtaro horretan baitaude. «Gipuzkoako hainbat olatu handitan surfean aritzen diren pertsonekin bideo motz bat egitea zen hasierako ideia», zehaztu du Bartolomek.

Debako surflaria ezagutu zuenean, jada proiektua buruan zeukala gehitu du Goikoetxeak. Benito Lertxundiren Orioko balea abestia entzun ostean, balearen arrantzaren eta olatu handien ehizaren metaforarekin jolastea otu zitzaion Bartolomeri.

Orduan sortu zen olatu handien inguruko dokumentala egin beharra. Donostiako Surfilm festibalean aurkeztu zuten lana ekainaren 25ean, eta, Goikoetxearen ustez, esperientzia «polita» izan zen. Publikoaren harrera ona izan zela gaineratu du Bartolomek. Behin aurkeztea eta sarean jartzea aurreikusi zuten soilik, baina ez zuten espero filmak halako oihartzuna edukiko zuenik.

«Ilunpean daudenak»

Izan ere, Donostiako Surfilm festibalean ez ezik, izen bereko Bartzelonako jaialdian eman zuten lana uztailaren 7an. Bideolan taldearen film laburraz gain, Big Wave in the Basque Country dokumentala (Bizkaiko olatu handien inguruko lana) eman zuten. Gainera, Euskal balearen ehizarekin interesatuta azaldu da Debako Udala, eta herrian proiektatzeko asmoa dago. Goikoetxearen hitzetan, lana ETBn jartzea gustatuko litzaieke.

Olatu handiko sei surflari elkarrizketatu ditu hirukoak dokumentalean: Andoni Fernandez, Iker Muñoz, Julen Larrañaga, Pablo Garcia, Iosu Iribar eta Oier Bartolome bera. Underground gisa har daitezke aipaturiko surflariak; profesionalak ez diren eta hain ezagunak ez diren surflariak dira hirukoarentzat. «Euskal Herrian ezagutzen ditugun surflariak daude, nazioartean egon direlako. Horietaz aparte, harrobi handia dago, eta egoera gogorretan ibiltzen dira. Hori azaldu nahi genuen», zehaztu du Altunak. Eta hau erantsi du Bartolomek: «Ideia sinplea da: kaleko jendeak gauza handiak egin ditzakeela surfean. Ilunpean daudenak edo mediatikoak ez direnak dira underground surflariak».

Halaber, olatu txikien eta olatu handien inguruko euskal surfa «masifikatuta» egotea kritikatu du Goikoetxeak. Olatu handietan surfa egiten dutenen artean, Aritz Aranburu, Axi Muniain, Hodei Collazo eta Indar Unanue ezagunak direla nabarmendu du Altunak. «Horrelako jendea mundu mailan egoteko, hemen zerbait egingo da», gogoratu du arrasatearrak. «Azken urteetan, modan jarri dira irristatze kirolak. Laguntza eta negozio gehiago daude. Olatu gutxi daude, eta jende asko dago», azpimarratu du surflari debarrak.

Bidaia amestua

22 urterekin hasi zen grabaketak egiten Goikoetxea, eta Sociedad Alhokolikarekin DVD bat atera zuen. Mendiko filmaketak ere egin zituen, baina surfean murgildu zen Gasteiztik Zarautzera joatean. Hark sortu zuen Bideolan ekoiztetxea. «Betidanik gustatu izan zait grabatzea eta argazkiak ateratzea. Horrela bizitzea amesten nuen txikitan: telebistan gauzak egiten edo pelikulak egiten», dio Goikoetxeak. Ikus-entzunezko mundua bizitzeko zaila dela eta ez dagoela baloratuta zehaztu du Altunak.

Surfaren inguruko lanez gain, bestelako lanak egin ditu Bideolanek: mendiko bideoak, bideoklipak edo paisaia argazkiak, besteak beste. Hirukoaren lehen hartu-emana izan zen Euskal Herria is Surfing, baina saretik kentzeko eskatu zieten. «Masifikazio asko dago gaur egun, eta leku batzuk altxor moduan gordeta daude, eta hala gorde nahi zituzten», azaldu du Altunak. Hainbat bideo egitea zen hasierako ideia, baina bertan behera geratu zen proiektua. Mundaka bigarren zatia egiteko leku aproposa izan daitekeela aitortu du arrasatearrak.

Etorkizunera begira, berriz, plan ezberdinak dituzte hirurek. Batetik, urte osoan dauden itsasaldi guztietan egoten saiatuko dira, eta egunean bertan bideoak sarean jartzen saiatuko dira. Hori dela eta, Euskal balearen ehizaren antzeko lana era ezberdin batean egiten ahaleginduko dira hirurak.

Hala, Nazare (Portugal) hartu dute jomuga posibletzat. Hara joan nahi dute hirurek, egun batzuetako saioak grabatzera. Hango oihartzuna mundu osokoa denez, horrela azaldu du euren asmoa Altunak: «Munduko olatu handiena grabatzen edo hari argazkia ateratzen ahalegintzeak sorrarazten digu Nazarera joateko nahia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.