Partekatzeko musika festa bat

Hogei urte pasako ibilbidearen aitorpen gisa, Anarik Adarra saria jasoko du Donostia Kulturaren eskutik, ostegunean, Viktoria Eugenia antzokian egingo duen kontzertuan. Bi hamarkada hauetan ondoan izan dituen musikariekin eta zaleekin ospatzeko baliatuko du saioa.

Anari eta taldekideak, entsegu lokalean. Ezkerretik hasita, Mariano Hurtado, Mikel Abrego, Drake eta Ander Mujika. JON URBE / FOKU.
mikel lizarralde
Andoain
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Andoaingo pilotalekuaren sotoetan dute lokal txikia. Bap!-en garaietatik ari dira han Mikel Abrego (bateria) eta Drake (baxua), eta azkeneko urteetan Anariren bandaren entsegu gune bilakatua dago. Hormei itsatsita, gainezka daude apalak, eta baita afixa eta argazki ugari ere, Anariren disko eta kontzertuenak batzuk, Inoren Ero Nirenak besteak, Bap!-enak... Anarirekin batera ari dira, Abrego eta Drakez gain, Mariano Hurtado (teklatuak) eta Ander Mujika (gitarra). Anari banda bete-betean, «opari bat» ospatzeko gogoz. Opariak badu izen bat: Adarra saria. Donostia Kulturak urtero musikari baten ibilbidea aitortzeko sortu zuen, eta ostegunean jasoko du Anarik Viktoria Eugenia antzokian egingo den ekitaldian, Musikaren Nazioarteko Egunean.

«Hasieran, harriduraz hartu nuen», aitortu du kantariak. «Harriduraz, eta lotsa puntu batez... Sari bat jasotzea! Baina poza ematen du». Mikel Laboak, Benito Lertxundik, Ruper Ordorikak eta Fermin Muguruzak jaso dute saria aurretik, eta «gustura» egongo da Anari horien ondoan, baina ñabardura eginda: «Ni ez naiz sentitzen atzo edo inor baino hobea sariagatik. Ez dut neure burua talde berezi baten barruan ikusten. Izen horien ondoan gustura nago, baina beste askoren ondoan ere bai egunerokoan».

«Gaua da kotxean sartzen naiz, euri malkoak parabrisan, eta ilargiak ez dit esaten ez non, norekin ikusten zaituen gau hontan». Gure mundua kantuaren lehen lerroak. Anariren izen bereko diskoa (1997) zabaltzen duen kantua da, eta entseguan jo duten lehenengoetariko bat. Jarraian datoz (H)Erra kanta, Habiak, Denbora... Lehenengo bi diskoetako piezak dira denak, eta iragartzen dute saria jasotzeko emanaldia berezia izango dela. Ibilbide osoko kantuak joko dituzte, disko bakoitzetik hiruzpalau aukeratuta eta taldearen bidean modu batean edo bestean Anariren parte izan diren musikariak ere oholtzan direla: Xabi Strubell, Pello Ramirez, Jomes, Petti, Maite Arroitajauregi, Borja Iglesias, Beñardo Goietxe, Karlos Osinaga Txap, Ager Insunza.... Saria jasoko zutela jakin bezain pronto hartu zuten erabakia: «Nirekin ibilbidea egin dutenekin partekatu nahi dut saria, Anari guztiok garelako. Oso jakitun naiz horra ezin daitekeela bakarrik iritsi, eta Anari gauza askoren batura dela».

Inon izatekotan, Aingura hegodunak, Zure ertza... Entsegua aurrera doa, Anariren ibilbidea legez. Etzikoa ez da izango ohiko saio bat, baina bai «kontzerturik logikoena», Anariren beraren hitzetan: «Jende askok entzun du Xabi Strubell Anariren diskoan jotzen, baina ez du aukerarik izan zuzenean ikusteko. Eta Xabik berak ez du aukerarik izan publiko horrentzat jotzeko».

Hala ere, badakite kontzertu puntuala izango dela. Ez dira «nostalgikoak», eta taldearen momentu onena hauxe da haien ustez. «Hala uste dugu; unerik ederrenean gaudela. Ari gara izugarri disfrutatzen, bai zuzenean jotzen, bai konposatzen». Donostiako kontzertua prestatzeko, baina, gelditu egin behar izan dute, ohiko dinamikatik aterako baita saioa: «Asko nekatzen nau kontzertu hau prestatzeak eta dena lotzeak. Neke ederra da, baina nekea, halere». Entsegu lokalean taldeko gaur egungo kideak dira, baina Iglesias agertzekoa da berehala entseatzera. Eta berdin beste guztiak. Ospakizun baten parte izango diren jakitun.

Ibilbidea, perspektiban

Gaur egungo Anari ez da garai bateko Anari. Edo, nahiago bada, Anari garatu bat da. Oraingo Anari horrek jo izan ditu zuzenean zenbait kantu zahar (Gure mundua, Habiak...), baina ez grabatu zituen moduan. Beste konponketa eta erritmoekin baizik. Osteguneko kontzertua prestatzeko entseguetan, ordea, jatorrizko moldeetara itzuli dira. «Xabirekin [Strubell] entseatzen aritu gara, eta, jakina, berak garai hartan jo zituen bezala jotzen ditu kantuak». Bada, hala ere, egokitu behar izan duten kantaren bat edo beste. «(H)Erra kanta entseatzen hasi, eta ez genuen asmatzen garai batean bezala jotzen! Une batean pentsatu genuen: 'Honek ez du zentzurik'. Kantu hori horrela grabatu genuen orduan ez genekielako hobeto egiten! Ez du zentzurik jotzen ez genekien garai batean bezala jotzea. Enigma hori deszifratu arte lanak izan ditugu».

Balio izan die, era berean, egindako bidea perspektiban jartzeko, abestiak egiteko eran eta egituretan pentsatzeko. Zintzoa da Anari: «Gure mundua, Minaren funtsa... Ohartzen zara munduko kanturik arrotzenak bilakatu direla; norbera arrotz baten bertsioak egitea bezalakoa da». Iraganeko kantuekiko distantzia handiena, ordea, testuetan sumatzen du kantariak. «Nik uste dut ikasi dugula, eta hobetu dugula pixka bat! Lehen diskoaren freskotasuna aipatzen da beti, eta bai, izango du hori, baina tira...».

Laugarren azalberritzea, Piromania... segitzen du entseguak, Epilogo bat-en kantuetan arakatzen. Eroso ikusten zaie azken aldian ohikoak dituzten kantuetan, baina lan handia egon da horien atzean. Gitarristarena nabarmendu nahi izan du kantariak: «Anariren gitarrista lana ez da batere erraza izan...Diskoetan kolaboratzaileak ere izaten ditugu gitarra jotzen. Adibidez, Gu-ren hasierako pasartea edo Orfidentalak-en konponketa Jabi Manterolarenak dira (Lisabo). Baina gero, zuzenean, Anderrek jo behar ditu pasarte horiek. Lehen, Borjari berdin gertatzen zitzaion». Viktoria Eugeniako kontzertuan, askotan, hiru gitarra ariko dira elkarrekin, eta inoiz baita lau ere. «Nik bost gitarristako taldea nahiko nuke!». Adierazpenak txantxatik baino gehiago du egiatik.

Bi diskoren artean

Adarra sariak atzera begiratzera behartu badu ere, Anari ez dago bere ibilbideari errepasoa emateko garaian. «Ospatuko dugu, baina nahiko nuke nire bizitzan bi diskoren artean egon. Atzean ditut Zure aurrekari penalak eta Epilogo bat, eta nahiko nuke aurrean beste disko bat izan».

Kantu berriak idazten segitzen du, poliki-poliki, oso ondo jakin gabe nora eramango duten. Eta idatzi hitzaren esanahi literalari begiratzen dio beste ezeren gainetik, oraintxe bertan beretzat letretan dagoelako gakoa, ez hainbeste musikan: «Estilo askotako abestiak egin ditut, eta ez daukat alderdi horretan hausteko asmorik. Hitzek nora eramaten nauten; hor dago gakoa». Hitz batzuk idatzi ostean ohartzen da, halere, hitzen norabideaz. «Ez da aurrez hartutako erabaki bat izaten».

«Udak eta oporrek» esango diote Anariri norantz jo, baina gero eta garbiago du nahiago duela bi edo hiru urtetik behin disko labur bat egin, eta ez hainbeste luze bat bost urtean behin. «Epilogo bat-en leziorik handiena hori izan da. Zure aurrekari penalak oso disko zabala izan zen, dena harrapatu nahi zuena, ekoizpenean, kolaborazioetan... Azkena oso bestelakoa da, askoz maneiagarriagoa. Orain horretan nago».

Entsegua amaitzear da, baina oraindik gelditzen zaie besteren bat osteguneko hitzorduaren aurretik. Gogoz daude Viktoria Eugeniara itzultzeko, «leku berezia» dela iritzita. Bidea eta denbora zuzeneko diskoaren parte bat han grabatu zuten; oraingoan, baina, ez dute horretarako asmorik. «Askok esan digute, baina ez. Halakoetan, tentsioz beteta ateratzen zara oholtzara; premisa ondo pasatzea izango da». Partekatzeko festa bat izango baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.