Errimaren campusa

Ahozkotasuna hezkuntzan eta bertsolaritzaren bidegurutzeak landuko dituzte 'Bertsoa Unibertsitatean' EHUko udako ikastaroan, uztailean

Beñat Gaztelumendi, Carmen Agoues eta Zigor Etxeburua, Bertsoa Unibertsitatean ikastaroa aurkezten. GORKA RUBIO / ARP.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Ahozkotasuna, bertsolaritza, ipuingintza, hezkuntza arautua, ideologia, ikerketa, transmisioa... Horiek dira Bertsoa Unibertsitatean ikastaroaren barruan jorratuko dituzten gaietako batzuk. Mintzola fundazioaren eta EHUko Udako Ikastaroen elkarlanetik sortua, eta Gipuzkoako Diputazioaren laguntzaz, bi ikastaro prestatu dituzte uztailerako: Bertsolaritza eta ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan eta Bertsolaritzaren bidegurutzeak. Hitzaldiak, mahai inguruak eta performance bat izango dira. Helburua: «Transmisioa egitea eta etorkizuneko ikerketak bideratzea». Hala azaldu du Zigor Etxeburua Gipuzkoako Aldundiko Euskara zuzendariak.

Hezkuntza arautua aztergai duen ikastaroak ahozkotasuna jarriko du ikusmiran. Nola landu daiteke ahozkotasuna hezkuntza arautuan? Nola baliatu ahozko generoetan dauden adibide egokiak, bertsolaritza kasurako, egunerokoan balia daitezen? Galderak airean, erantzunak ematen saiatuko dira. Horretarako, uztailaren 6an hitzaldi bana eskainiko dute Inma Muñoa ahozkotasunean adituak, Andoni Egaña bertsolariak eta Itziar Zubizarreta ipuin kontalariak. Hirurak ala hirurak Ahozkotasuna eta gazteak gaiaren bueltan ariko dira.

Transmisioa eta erronkak

Uztailaren 7an, berriz, kantagintzaren transmisioa izango da zutabea. Jaione Eskuderok, Itziar Irigoienek eta Marien Hirigoienek hitzaldiak emango dituzte, eta ostean, mahai inguruan ariko dira batera Zer eta nola transmititu kantagintza? Zer eta nola landu Hezkuntza arautuan? Musika eskolan? lelopean. Ikastaroa bukatzeko, perfomancea gauzatuko dute Uxue Alberdi eta Igor Elortza bertsolariek, Ainhoa Ansaren gidaritzapean. Hark zazpi kanta aukeratuko ditu, eta horien inguruan kantatuko dute inprobisatzaileek.

Bestalde, Bertsolaritzaren bidegurutzeak ikastaroak hiru egun iraungo du, uztailaren 8tik 10era, eta egun bakoitzean «korapilo bat askatzen» saiatuko dira, Beñat Gaztelumendi Mintzola fundazioko kidearen hitzetan. Aurreneko hitz saioan, Telefonotik mikrofonora hitzaldia osatuko du Andoni Egañak. Gero, Maialen Lujanbio bertsolariak bertsogintza eta ideologiaren arteko loturak aztertuko ditu. Eta hirugarrenik, Jexux Murua Bertsozale Elkarteko koordinatzaile ohiak Independentziaren zerga. Bertsozale Elkartearen esperientzia azalpena josiko du.

Hurrengo egunean, hilaren 9an, Bertsolaritzaren transmisioa: argirako bide mintzaldia egongo da Mondragon Unibertsitateko euskal kulturgintzan aditu Jon Sarasuaren eskutik. Eta Joseba Tapia musikariak gidatuta Belarria soinu hitzaldia ere prestatu dute. Bukatzeko, bestelako bertso eskola baten inguruan mintzatuko da Estitxu Eizagirre bertsolaria. Sinergia baliatzeko xedez, Zer eta nola transmititu herri kultura? mahai inguruan parte hartuko dute hirurek.

Azken egunean, ikerketa izango dute mintzagai bertaratutakoek. Bertsolariaren oinarri neuronalak aztertuko ditu Kepa Paz-Alonsok. Testuinguruak sorkuntza automatikoan daukan eragina behatuko du, berriz, Aitzol Astigarraga adituak, eta Bertso sorkuntza automatikoa. Azken nobedadeak hitzaldia emango du Manex Agirrezabal behatzaileak.

@ Informazio gehiago, webgune honetan: www.mintzola.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.