25 urte Gasteiz euskalduntzen

Mende laurdena bete du Gasteizko Geu elkarteak. Hirian euskara indartu eta zabaltzeko asmoarekin jaio zen, eta bidean arrakasta handiko proiektuak jarri dituzte martxan.

Geu elkarteko langileak eta mintzalagunak, Hor Dago tabernan. JUANAN RUIZ / AARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Zilarrezko ezteiak ospatzen dabiltza Gasteizko Geu elkarteko kideak. Hiriko euskaltzale batzuek sortu zuten taldea, duela 25 urte, «hirian euskaraz bizi nahi zutenen arteko sarea antolatu eta trinkotzeko», Naroa Cuesta elkarteko kidearen arabera. Lan asko egindakoak dira, baita garai gogorrak bizitakoak ere. Baina, gaur, gozatzeko eguna dute, eta, horregatik, Egin dezagun kale festa antolatu dute.

Geu elkartea Gasteizen euskara sustatu eta indartzeko tresna da. «Bertaratzen direnei erakutsi nahi diegu euskaraz edozer egin daitekeela», azaldu du Zuriñe Gil elkarteko kideak. «Ekintza oso desberdinak antolatzen ditugu: mendi irteerak, irakurle klubak, aisialdiari lotutakoak...», gaineratu du Gilek.

Lehen urratsa, baina, Geu aldizkaria izan zen. «Harrera oso ona izan zuen, eta azkar hasi zen zabaltzen eta hazten. Profesionalizatuz zihoan heinean, elkartea ere haziz joan zen, eta proiektu gehiago jarri genituen martxan», gogoratu du Cuestak. Mendira txangoak antolatzen hasi ziren, eta duela hamabost urte euskarazko liburuen irakurle kluba jarri zuten martxan. «Baina krisialdiak gu ere gogor jo gintuen: diru sarrerak murriztu ziren, eta bazkideengandik urrundu egin ginen. Azkenean, aldizkaria egiteari utzi genion», azaldu du Cuestak, atsekabetuta.

Elkartea biziberritzeko garaia zen. «Birsortze prozesu bat jarri genuen martxan: proiektu berriak garatu, esparru desberdinak jorratu, bazkideak gaztetu eta harremana handitu nahi genituen», adierazi du Gilek.

Proiektu berrietako bat mintzalagunena izan zen. Hamar urte bete ditu egitasmoak. Astero elkartzen dira mahai baten inguruan; gutxienez, astean behin, lagun artean euskaraz hitz egiteko. «Sekulako giroa sortzen da. Hamar urteren ostean, ez dut pentsatzen: 'Gaur mintzalagunekin hitzordua dut', baizik eta 'gaur lagunengana noa'», aipatu du Ruben del Hoyo mintzalagunak.

Del Hoyoren taldea ostegunetan biltzen da, alde zaharrekoHor Dago tabernan. Normalean bost edo zazpi lagun elkartzen dira, baina gehiago dira denera: «Iaz 92 talde ginen. Denera 700 bat mintzalagun. Aurten jende gehiagok eman du izena, beraz, marka hori hobetuko dugu», azaldu du Cuestak.

Denetariko jendea joaten da mintzalagun topaketetara: maila hobetu nahi dutenak, hitz egiteko lotsa galdu nahi dutenak, jendea ezagutzera doazenak... «Ni oso euskaltzalea naizelako hasi nintzen joaten. Euskara maite dut, eta bultzada bat eman nahi nion», argitu du del Hoyok.

Datuek argi erakusten dute Gasteizen hobetu egin dela euskararen egoera. «Herritarren erdiek ulertzen dute, %35ek irakurtzeko eta idazteko gaitasuna dute, eta ia %4 euskaraz bizi da», azaldu du Gilek. «Lan asko egin dugu, eta emaitza horien parte sentitzen gara», gaineratu du Cuestak.

Halere, hutsuneak egon badaudela diote Geu elkartekoek. «Duela urte batzuk jabetu ginen euskarazko familientzako aisialdi eskaintza oso murritza zela, eta datozen urteetako helburuetako bat hori indartzea da», nabarmendu du Gilek. Haien esanetan, aisialdia ukitu gabeko zatia zen, baina dagoeneko ari dira tokia egiten. Haurrentzako antzerkiak, jolasak, tailerrak, familian osatzeko txangoak... antolatzen dituzte, eta oso arrakastatsuak dira. «Euskaraz ez dakiten gurasoak ere etortzen dira. Haiek erakarri nahi izaten ditugu, euskarara hurbiltzeko», esan du Cuestak.

Denontzako plana

Urrezko ezteien ospakizunetan, Egin dezagun kale jaia egingo dute gaur, eta han ere haurrek izango dute euren txokoa. Haurrek, gazteek zein helduek euskaraz gozatzeko aukera izango dute. Egun osoko egitaraua prestatu dute mintzabazkariarekin, musikarekin, antzerkiarekin eta bisita gidatuarekin.

Eguna goizeko hamaiketan hasiko dute: Atzo, gaur eta biharko Gasteiz euskalduna bisita gidatuarekin. Oihaneder Euskararen Etxetik abiatuta, euskararekin zerikusia duten hiriko txokoetan ibiliko dira.

12:30etik aurrera, mikroantzerki zirkuitua izango dute. Hiru gunetan, Ortzain, Baratzan eta Zasen, hiru antzezlan ikusteko aukera egon da: Ortzai, Nahia Hualde eta Nisune.

Segidan, 14:00etan, Landatxo kiroldegian mintzabazkaria antolatu dute. «120 lagunetik gora izango gara. Denok elkarrekin euskaraz hitz egiten, ederra izango da giroa», aurreratu du Cuestak.

Arratsaldean festak jarraitu egingo du, Pupu eta Loreren emankizunarekin. Landazuri eskolan izango da, Igandeak ere jai programaren formatuan. «Hamabost egunetik behin eskola batean haurrentzako antzerkiak prestatzen ditugu. Gaur, Pupu eta Lore etorriko dira», argitu dute arduradunek.

Amaitzeko, festa hirian zabaltzeko asmoz, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, kalejira egingo dute. 20:30ean, Faleriana lorategian, Joselu Anaien kontzertua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.