Urte osoko egitarauarekin ospatuko ditu bere hamar urteak Ekainberrik

Ekaingo kobazuloaren erreplikak 280.000 bisitari izan ditu, 2008an Zestoan ireki zutenetik

Zaldien pinturak dira nagusi hala Ekainen nola haren erreplikan, Ekainberrin. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
2008ko irailaren 11n ireki zuten Ekainberri, Zestoako (Gipuzkoa) Sastarrain haranean; Ekain leize zuloaren eta hango pinturen erreplika zehatza egiten duen azpiegitura da, eta jatorrizko kobatik oso gertu dago. Hamar urte beteko ditu, beraz, Ekainberrik aurten, eta hori ospatzeko hainbat ekintza eta ekitaldi antolatu dituzte urte osorako.

Aste honetan bertan, Morellan (Herrialde Katalanak) labar arteari buruz egingo den biltzarrean parte hartuko du Ekainberrik. Hortik aurrera ekitaldi ugari izango dira hala Zestoan nola handik kanpo. Batzuk urtero antolatu ohi dituztenak —Ekainfest jaia ekainean—, eta beste batzuk urtemugari lotuagoak. Hala, uztailaren 20an, EHUko ikastaroen barruan, labar artea duten haitzuloen errepliken ordezkariekin biltzar bat antolatuko dute Ekainberrik eta Gordailuak Donostian. Chauvet (Frantzia), Lascaux (Frantzia), Altamira (Espainia) eta Ekaingo errepliken arduradunek azalduko dituzte euren kudeaketa modua eta museo ekipamendua garatzeko modua.

Irailaren 11n Ekainberriren urtebetetze eguna izango da, eta egun horretan programazio berezi bat izango dute, eta azaroaren 16an, berriz, Gizateriaren Ondarearen Nazioarteko Egunaren inguruan ere ospakizun berezi bat egingo dute; izan ere, hamar urte beteko dira Ekain kategoria horretan sartu zutela.

1969ko ekainaren 8an aurkitu zituzten Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek Ekainen labar pinturak. Madeleine aldiko 70 animalia irudi daude bertan; 64 margotuak eta sei grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia. 2008an ireki zuen, berriz, haren erreplika Zestoako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatutako Ekain fundazioak. Ordudanik, 280.000 bisitari izan ditu azpiegiturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.