Animaliek ere goza dezaten

Jaietan animaliek jasaten duten «zapalkuntza» amaitu nahi du Askekintzak. Hainbat herritako irudiak bildu, eta dokumentala egin du, hausnarketari ekiteko.
2016ko irailean Sarako festetan egin zuten ahate jokoa. Aurrez hildako ahateei lepoa mozten diete.
2016ko irailean Sarako festetan egin zuten ahate jokoa. Aurrez hildako ahateei lepoa mozten diete. AITOR GARMENDIA

Izaro Zinkunegi Barandiaran -

2018ko martxoak 24
Euskal Herriko ia herri guztietan, denetan ez bada, animaliak erabiltzen dira, gizakien gozamenerako». Hala azaldu du Maialen Sagues Askekintza talde antiespezistako kideak. Dokumentala egin dute, festetan animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunetako irudiekin. Jaietan animaliek jasaten duten zapalkuntzari buruzko hausnarketa hauspotu nahi dute; horretarako garai egokia da, euren iritziz.

Gurean dokumentala estreinatu zuen Askekintzak atzo, Donostiako Trueba zineman. Euskal Herriko festetan animaliak erabiltzen diren ekitaldietako irudiekin osatu dute dokumentala. 30 herritako kasuak erakusten ditu dokumentalak: Gasteizkoak, Sarakoak (Lapurdi), Elorriokoak (Bizkaia), Iruñekoak, Azpeitikoak (Gipuzkoa)... Espezie ugaritako animaliak «zapaltzen» dituzten hainbat ikuskizun agertzen dira; besteak beste, sokamuturra, ahari jokoak, arrantza txapelketak eta animalien lasterketak.

«Geure buruari begiratzeko eta gure kultura zertan oinarritzen den hausnartzeko garaia da», Saguesen iritziz. Askekintzaren jarduna ere ezagutarazi nahi dute ikus-entzunezkoarekin. «Askotan jendeak ez du ulertzen zer den antiespezistok eskatzen duguna, eta ekologistekin edo animalistekin nahasten gaituzte», azaldu du Askekintzako kideak. Animalia guztien parekotasuna aldarrikatzen du Askekintzak, «sentitzeko, sufritzeko eta gozatzeko gaitasun bera dugulako».

Aldaketa zantzuak

Dokumentalaren aniztasuna azpimarratu du Saguesek. Herri, animalia espezie eta ikuskizun ugari bildu dituzte. «Joera dago, mugimendu animalistatik-eta, enpatia gehien sortzen duten espezieak erakusteko, zezenak, zaldiak... Askotan indarkeria bortitzak salatzen dituzte», adierazi du. Askekintzak horri buelta bat eman nahi diola adierazi du: «Arazoa ez da bortizkeria bakarrik, erabilera bera ere injustua da; animalia baten bizitza gure mendean edukitzea bera zapaltzea da».

Animalien erabilera objektuekin ordezkatzeko joera hartu dute zenbait festatan, Mutrikun (Gipuzkoa), esaterako. Horri esker, animaliak erabiltzeari eta hiltzeari utzi arren, objektu gisa ikusten jarraitzen dela esan du Saguesek.

Zezenketei buruzko herri galdeketen gaia ere pil-pilen egon da azkenaldian. 2012an Zestoan (Gipuzkoa) egin zuten, eta zezenketen aldekoek irabazi zuten. Donostian ere eman du zeresana. Saguesek argi du: «Neurri espezista da; ezin zaie galdetu gizakiei zer egin nahi duten animaliekin, eurak ez baitira zapalduak, zapaltzaileak baizik».

Festak ospatu, animaliak askatu kanpaina hasi zuen Askekintzak 2014an. Dokumentazio lanaz gain, hainbat herritako festa batzorderekin lanean aritu da: «Ideia espezista kolektibo hori deseraikitzen joan behar dugu pixkanaka». Herri batzuetan aldaketak egiten hasi direla azaldu du Saguesek: «Errenterian idi demak kendu dituzte, eta Hernanin hilketak egiten dituzten ekintzak programatik kendu». Protesta ugari ere egin dituzte Askekintzako kideek azken urteotan, Donostian, Hernanin, Errenterian eta Lezon (Gipuzkoa), besteak beste.

Animaliak ikuskizunetan erabiltzearen aldekoek tradizioa erabili izan dute sarri argudio moduan. «Argumentu hutsala» da, Saguesen iritziz: «Tradizio asko izan dira zapaltzaileak, eta, zorionez, horietako askorekin bukatu dugu». Euskal kultura «defendatu eta gorde» behar dela uste du Saguesek, baina ekintza zapaltzaileak ezin dira tradizio hutsarekin justifikatu, haren iritziz.

Atzoko estreinaldiaren ostean, dokumentalaren emanaldi zikloa egingo du Askekintzak datozen bi hilabetetan. Hiriburuetan eta irudiak hartu dituzten herri batzuetan aurkeztuko dute, Gipuzkoakoetan, batez ere. Ekainean sarean jartzea aurreikusi dute: «Dokumentala ateratzeko momentua da, talkarik handiena orain ari da gertatzen; arazoa ikusarazten ari da», esan du Saguesek.

Duela lau urte ekin zion Askekintzak dokumentazio lanari. Asanbladako kideek egin dituzte grabazio lanak, baita beste zenbait kolaboratzailek ere. Ez da lan samurra izan, Saguesek azaldu duenez: «Jendearen pribilegioak kuestionatzen ari zara; zapaltzaile bezala seinalatzen duzunean deseroso sentitzen da jendea, eta defentsiban jarri. Kontu handiarekin ibili behar izan dugu».

«Euskal festetan animaliek jasaten duten zapalkuntzarekin amaitzeko kanpainari ekiten diogu». Hala adierazi du Askekintzak hausnarketa hasteko idatziriko manifestuan. 40 kolektibo politiko eta sozialen babesa jaso du jadanik. Saguesek azaldu duenez, orain arte animalien kontuan jarrerarik hartu ez duten kolektibo askok babestu dute manifestua. Haren ustez, animalien aldeko diskurtsoa sartzen hasi da festa alternatiboetan eta kolektibo iraultzaileetan.

Halaber, azken urteotan talde antiespezista ugari sortu dira. «Sekulako gorakada izan da guretzat, eta aurten ikusi da, protesta ugari egon dira herrietan», azaldu du Saguesek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna