Bat egiteko aukera

Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketa egingo dute Laudion asteburuan. Elkarrengandik ikasi, eta nazio osoko koordinakundea sortzeko aukerak aztertuko dituzte.

Aiaraldeko gazteek ongietorria eman zieten topaketetako parte hartzaileei. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Beharrezkoa da Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen koordinazioa? Galdera horri eta beste askori erantzungo diote dozenaka gaztek asteburuan Laudion (Araba) egingo dituzten Gazte Asanblada eta Gaztetxeen topaketetan. Ez da saialdi hori egingo den lehen aldia, aurretik existitu baitira gisa horretako proiektuak. «Gaztetxe eta gazte asanbladok dugun egitura erabat lokala da, eta hortik nazionalera salto egitea ez da lan erraza», azaldu du Aimar Gutierrez Laudioko Gaztetxeko kideak. Hala ere, lehen pausoa elkar ezagutzea da, eta horretarako gogoz joango dira gazteak.

Laudioko gaztetxeko kideek hartu dute euren gain topaketak antolatzeko ardura. Hala ere, eskualdeko gainerako gazte asanbladen laguntza izaten ari dira eginbeharretarako. Urrian hasi ziren topaketen inguruan hausnartzen, ezohiko proposamen baten harira: Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladei buruzko dokumentala egitea. Asturiasko hainbat kolektiborekin harremana dute Laudiokoek, eta ideia hori bota zieten asturiarrek. Hortik tiraka, topaketak egitea pentsatu zuten. Horrela bi helburu beteko dituztelakoan: batetik, gaztetxe eta gazte asanbladekin harremanak indartzea; eta bestetik, dokumentala grabatzea.

Hiru ekintza nagusi antolatu dituzte Aiaraldeko gazteek astebururako. Atzo hasi ziren ekitaldiak. Asturias, Madril eta Bartzelonako zenbait gaztetxetako kideen mahai inguruan parte hartu zuten. «Euskal Herritik kanpo badira gure antzekoak diren proiektuak. Horiek ezagutu eta gure jardunarekin kontrastatzeko balio izan digu», adierazi du Gutierrezek. Gaur goizean gaztetxeen eta gazte asanbladen funtzionamenduaz jardungo dute. Bihar, berriz, nazio osoko koordinakunde baten beharraz eta hori egiteko dauden aukeraz eztabaidatuko dute. Horrez gain, elkarren arteko harremanak lantzeko aisialdirako tartea ere izango dute, gauetan kontzertuak antolatu baitituzte.

Hamaika errealitate

Laudioko gaztetxeak hamahiru urte ditu. Eraikinaren zati bat okupatu zuten gazteek, eta udalarekin negoziatu ostean, lortu zuten egungo eraikina. Herriko hainbat talderen bilgunea da gaztetxea geroztik. Baina Gutierrezen aburuz, gazte asanbladaren lorpen handiena da herriak gaztetxea bere sentitzen duela. «Lehen gaztetxea ghetto politiko bat zen. Baina pixkanaka lortu dugu ospe hori kentzea eta herritarrengana hurbiltzea».

Barakaldoko gazte asanbladak (Bizkaia) ere parte hartuko du topaketetan. Hamar urte beteko ditu aurten. Ibilbide gatazkatsua izan dute. Hamar urtetan bost gaztetxe kudeatu eta batzarreko lau kide espetxeratu baitituzte. Zortzi bat lagun biltzen dira batzarrean. «Lan politiko eta sozial handia egin du betidanik gazte asanbladak. Hiru ildo lantzen ditugu bereziki: prekaritatea, euskara eta aisialdia», diote Barakaldoko Gazte Asanbadako kideek.

Irail bukaeran okupatu zuten bigarren aldiz Makala gaztetxea. 2010ean hustu zuen Ertzaintzak gaztetxe hura. Horren ostean, hainbat saialdiren ondoren, Kobazulo gaztetxea okupatu zuten iazko ekainean. Baina hiru hilabete baino ez zuen iraun. «Kobazulon poliziaren presentzia itogarria zen, gau eta egun gainean genituen». Gaztetxea hustu eta bi astera sartu ziren gazteak Makala izan zen lokalera. Han, prestakuntza eta aisialdia lantzen dute gehienbat. Era berean, beste kolektiboek erabil dezaketen espazioa ere bada.

Herriko gainontzeko gazte antolakundeekin batera Barakaldoko Gazte Mugimendua osatzen du gazte asanbladak. «Hamabostean behin biltzen da gazte mugimenduko talde motorra. Bertan koordinatzen gara, Iretargi talde feminista, Ernai, Ikasle Abertzaleak eta gu geu».

Iruñeko Alde Zaharreko gazte asanblada Euskal Jai gaztetxearen eraistearen ostean sortu zen. Egun hauetan, Laudion izango dira. «Iruñerriko gazte asanbladak kudeatzen zuen gaztetxea, eta lan gehiena Alde Zaharrean egiten zuen. Hustearekin batera, Alde Zaharreko batzar propioa sortzeko beharra ikusi zuten», dio Xabier Elizegik.

Duela bi urte ireki zuten Iruñeko Alde Zaharrean Kalekalde, gazte mugimenduaren topalekua. Hainbat kolektibok partekatzen dute espazioa, hala nolaKateak Astintzen, Iruñea Antifaxista, Gazte peña, Ernai eta gazte asanbladak. Lokal propioa izatea euren lana asko errazten duela dio Elizegik. «Kalekalden kontzertuak, eztabaidak eta nahi dugun guztia egin dezakegu. Lehen Auzoenean biltzen ginen, baina bertan ezin genuen gauza handirik egin». Kalekalde alokatutako lokala da, eta kolektiboen zein norbanakoen ekarpenekin egiten dute aurrera.

Gazteen arteko harremanak beste era batera landu eta aisialdi ereduak aldatu nahi ditu gazte asanbladak. Instituzio publikoek oztopoak baino ez dizkietela jartzen salatu dute. «Udalak hamaika traba jartzen dizkigu edozer antolatzeko orduan, eta udaltzainen jarrera ez da askoz hobea». Auzoko gazte guztiak bildu nahiko lituzke gazte asanbladak, horretarako, auzoko gainontzeko kolektiboekin batera,Alde Zaharreko gazte mugimendua indartzeko apustua egin zuten iaz. «Udako programazioa egiteko 40 bat lagun bildu ginen, eta oso ona izan zen esperientzia. Hala ere, neguan ezin izan dugu dinamikarekin jarraitu».

Urtarrilean izan zuten Laudioko topaketen berri. Lehenengo momentutik oso ondo baloratu zuten halako ekinbide bat sortzea. Horregatik, eskualdeko proposamena prestatu dute topaketa horietarako. «Iruñerrian ez dago gazte asanbladak batzen dituen egiturarik. Horregatik, topaketei begira zerbait sortzeko beharra ikusi genuen. Iruñerritik proposamen bat eraman ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.