Ondarearen erakusleiho

Euskal Herriko ondareari eginiko argazkirik onenak sarituko ditu 'Wiki Loves Monuments' argazki lehiaketak. Irailaren 30era arteko epea izango dute parte hartzaileek argazkiak aurkezteko.
Erriberriko Errege Jauregia (Nafarroa); argazkietan jaso daitekeen lekuetako bat.
Erriberriko Errege Jauregia (Nafarroa); argazkietan jaso daitekeen lekuetako bat. BERRIA

Julen Aperribai -

2017ko irailak 16
Urte gutxiren buruan, munduan egiten den argazki lehiaketarik handiena bihurtu da Wiki Loves Monuments. 2010ean antolatu zuten lehen aldiz Herbehereetan, herrialde horretako monumentuen eta ondarearen inguruko argazkiak biltzeko asmoz. Europako beste hainbat herrialde batu zitzaizkion hurrengo urtean, eta, pixkanaka, gainerako kontinenteetara ere hedatu zen.

Lehiakideek argazki artxibo handia osatu dute, lehen lehiaketa hartatik hona, eta 1.400.000 argazki inguru dituzte bilduak. Egun, 76 herrialdetan antolatzen da, eta aurten, lehenbizikoz, Euskal Herria ere izango da horien artean, Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ekimenez. Irailaren 30era bitarte izango dute lehiakideek haiek egindako argazkiak bidaltzeko aukera, eta jasotakoen artean aukeraketa egin, eta Euskal Herriko monumentuei eginiko argazki onenak sarituko dituzte.

«Aukera sortu zaigu Euskal Herri gisa aurkezteko eta lehiaketa antolatzeko. Entziklopedia batek ondareari buruzko artikuluak izan behar ditu, eta lehiaketa horrek ondarearen atlas moduko bat osatzeko aukera polita ematen du». Hala arrazoitu du egitasmoa Euskal Herrira ekarri izana Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko kide Galder Gonzalezek. Monumentuak jomugan jartzean, lehiaketa parte hartzen duten herrialdeetako ondarearen erakusleiho ere bihurtzen da. Lehiaketak zehaztuak ditu arau jakin batzuk, baina aniztuna da herrialde bakoitzak ematen dion adiera, eta arau zehaztu horiek moldagarriak dira herrialde bakoitzeko errealitatera. «Herrialde batzuetan oso eraikin konkretuak hartzen dira kontuan, gizateriaren ondare izendapena dutenak. Beste herrialde batzuetan, Alemanian, kasurako, ia etxe bakoitza ondare da», zehaztu du Gonzalezek. Herrialde bakoitzak erabakitzen du zeri deitzen dion ondare, eta zein irizpide erabili horretarako. Gehienbat, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren ondareen zerrendetan oinarritu direla onartu du Gonzalezek, baina, herrialde osoko eraikinak zerrendatu dituztenez, Espainiak kultura ondasun eta Frantziak eraikin historiko izendatutakoak ere kontuan hartu dituzte: «Adibidez, Espainiako zerrendan Bilboko auzo historikoa ondare bakar moduan hartzen da. Eusko Jaurlaritzakoan, berriz, auzoko etxeak zerrendatuta daude». Euskal Herriko mapa geografikoan, ehun baino gehiago dira zerrendatu dituzten eraikinak eta monumentuak. «Nahiz eta eraikinen zerrenda oso luzea ez izan, lehiaketak aukera polita ematen du horiek ezagutarazteko», Gonzalezek dioenez, «jende askok ez baitaki bere herrian zein diren ondare diren eraikinak eta lekuak».

Zerrendako monumentuetako bat aukeratu, argazkia egin, eta argazkiak Wikipedian jarri; hori da parte hartzeko modua. Parte hartzaile bakoitzak nahi adina argazki jartzeko aukera du, eta argazkiak mapan kokatzekoa ere bai. Wiki Loves Monuments lehiaketaren deskribapena Wikipedian bilatuz gero, interesa duenak hantxe aurkituko ditu parte hartzeko moduari buruzko argibide zehatzak.

Wikipediaren filosofiari jarraikiz, Creative Commons lizentziapekoak izan beharko dute lehiaketan aurkeztutako argazki guztiek, bai Euskal Herrikoan eta bai nazioartekoan. «Egile eskubidea izan badute, eta egiletza aitortzen zaio argazki bakoitza egin duenari. Oinarrian, baina, pilatutako jakintza hori guztia librea izatea da asmoa, eta hainbat proiektutan erabiltzea jasotako argazkiak», azaldu du Gonzalezek.

Lehiaketak hainbat atal izango ditu, Euskal Herriko kasuan. Argazki lehiaketa lau kategoriatan banatu dute. Elkarteak Azkue Fundazioarekin sinatu berri duen lankidetza hitzarmenari esker, Euskal Herriko, Bizkaiko eta Bilboko argazkirik onenek sari bana jasoko dute. Gailu elektronikoak eskuratuko dituzte irabazleek; telefonoarekin argazkiak eta bideoak egiteko produktu sorta jasoko du Euskal Herriko argazkirik onenaren egileak, eta tabletak, berriz, beste bi kategorietako irabazleek. Bestalde, Oarsopedia saria ere banatuko dute. Oarsoaldeko monumentuak izango dira, kasu horretan, argazkira eraman beharrekoak. Bailara horretan martxan dago Oarsopedia egitasmoa, Oarsoaldeko ondarearen inguruko informazioa biltzeko asmoz, eta egitasmo hori sustatzen lagundu nahi izan dute, ibar horretan egindako lehiaketa paraleloarekin.

Idatzizkoa ere, barne

Wikipedian Euskal Herriaz euskaraz ematen den informazioa osatzen lagungarri izan nahi du proiektuak, eta, norabide horretan, lehiaketaren bidez Wikipediaren euskarazko edukia osatzen lagundu nahi duenak, argazkiekin ez ezik, idatziz ere egin ahal izango du bere ekarpena. Izan ere, argazki lehiaketaz gain, edizio lehiaketa ere jarri du martxan elkarteak. Euskal Herriko ondarearen inguruko artikulu berriak sortu, edo jadanik sarean direnak osatu ahalko dira. Atal horretan, Donostiako Koldo Mitxelenak emandako hamar liburu banatuko dituzte sarituen artean. Lehiakideek lortutako puntuazioaren araberakoa izango da amaierako sailkapena, eta, ondorioz, sareko edukia gehien editatu dutenak izango dituzte puntu gehien.

Azkue fundazioarekin elkarlanerako bideak zehaztu ditu, berriki, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak. «Bi elkarteek egiten dugu lan sarean eta euskaraz hedatzen diren edukien inguruan, eta, horrenbestez, badira antzekotasunak eta elkarguneak bi proiektuen artean», Gonzalezen iritziz. Hitzarmenean jaso dutenez, Bizkaian hitzaldi ziklo bat egingo dute, eskualde bakoitzean hitzaldi bat emanez. Horrez gain, Herritegia egitasmoan ere lan egingo dute. Hainbat herritako informazioa hedatzeko, tokiko eragileekin egongo dira, herri horiei buruzko sareko informazioa hobetzeko asmoz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna