Otxaldetarrak iratzarri dira

Kabalkada-tobera ikusgarria plazaratu dute Bidarrain, eta bigarren emanaldia eskainiko dute bihar; herritarren harremana sendotzea erdietsi du proiektuak.

Mila ikusle baino gehiago bildu ziren Bidarraiko herriko plazan. Dantzariek, musikariek, antzezleek eta abarrek hartu zuten pilotaleku irekia. BOB EDME.
Bidarrai
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Loaldian zen, loaldi luze eta sakon batean. Duela urtebete, ordea, nagiak atera eta iratzartzen hasi zen. Iratzartzeaz gain, Bidarraiko Otxaldetarrak elkarteak herritarren parte handi bat mugiarazi, eta proiektu komun bati lotarazi ditu: kabalkada-toberari.

Aurrean, zaldiak, eta, haien atzetik, makilariak, dantzariak, banderariak, jendarmeak, epailea, abokatua, musikariak... guztira ehun herritar baino gehiago herriko plazara ailegatu ziren joan den igandean; bertan, mila ikus-entzule zain zituzten. Gogotsu zeuden ikuskizunak zer emango zuen jakiteko, zenbaitek kabalkada-tobera oso ongi zer zen jakin ez arren.

Kaskarot martxaren doinuaz lagunduta, hainbat itzuli egin zituzten pilotalekuan. Hala, denak aurkeztuta, hasteko prest zeuden. Emanaldiak lau agerraldi ditu, eta kabalkada-toberetan izan ohi den bezala, epaiketa da oinarria. Gai sozialak aipatzen dira, herritarren jarrera desegokiak salatzen dituztenak, herrikoak zein orokorrak, errealetik abiatuak zein erabat fikziozkoak. Bertsoek eta dantzek ere pisu handia dute ikusgarrian.

Pauso bat gehiago

Orain dela hamabost urte, kabalkada bat egin zuten herrian, 2002an, eta esperientzia hori bazuten; toberarik, baina, ez zuten egin. «Ez dugu pentsatu urrats bat gehiago zela [kabalkadatik kabalkada-toberara pasatzea], automatikoki egin dugu. Uste dut ez dugula dudarik ukan ikusgarria bere osotasunean egin behar genuela erabakitzerakoan», azaldu du Kattalin Salaberri Otxaldetarrak elkarteko kideak.

Egitasmoa aurrera ateratzeko, eta kontuan izanik Bidarrain ez dela antzerki talderik ezta dantza talderik ere, ikerketa eta trebakuntza lana egin behar izan dute antolatzaileek. Horretarako, ikusgarria egina zuten inguruko herritarrekin bildu ziren euren esperientzia jasotzeko: Irisarrikoekin (Nafarroa Beherea), Lekornekoekin eta Itsasukoekin (Lapurdi), hain zuzen ere.

Bilkura publikoa egin zuten gero, eta jende franko bildu zela nabarmendu du elkarteko kideak: «Aipatzen hasiak ginen gure artean zerbait egin nahi genuela, eta 70 bat lagun bildu ginen». Bilkura horretan, jadanik jendeak izena eman zuen, eta, gero ,gehiago atxiki ziren. Iazko martxoan izan zen hori. Gainera, Xabier Itzaina ikerlariaren ekarpena ere izan zuten; hark kabalkada-tobera bat zer zen azaldu zien.

Testua idatzi beharra zegoen, eta zer eta nola egin pentsatzen jarri ziren, Salaberrik azaldu duenez: «Gure elkartean egitea erabaki dugularik, testua behar zen. Ideala herrian berean idaztea zen. Peiok [Jorajuria] liburu bat idatzi du, baina ez gara idazleak hala ere, eta entseatuko genuela erabaki genuen. Ez bagenuen lortzen, beste norbaiti galdeginen genion».

Taula zuzendaria Jokin Irungarai izan dute. Dantzan, berriz, Bixente Ziaurriz izan dute gidari. Ziaurrizek, gainera, emakumeen fandango sorkuntza bat egin du emanaldi horretarako preseski.

Jantziek ere badute garrantzia. Gizonezkoenak herriko dendari edo jostunek egin dituzte; batzuk, maindire zaharretatik abiatuta. Astean bi aldiz elkartu dira, Bidarraiko etxe batean, josten zekitenak ez zekitenekin. Emakumezkoen jantziak, ordea, beste herri batzuetako dantza taldeetatik ekarri dituzte; hala nola Baigorritik, Irisarritik (Nafarroa Beherea), Baionatik, Zuraidetik, Lekornetik, Itsasutik eta Donibane Lohizunetik (Lapurdi).

Herri mailako beharra

«Gauzak ez dira heldu suertez, ez badakigu zuzen zergatik den ere; guk ezagutzen ez dugu behar batengatik heldu dira», esan du Salaberrik. Horrelako, egitasmo bat egin den beste herrietan horrek zer ekarri duen ikusidute: herritarren harremanasendotzea. «Beti bada beharra jendea elkartzeko, belaunaldiak trukatzeko; ideia horretatik abiatu gara», azaldu du Antton Seychal Otxaldetarrak elkarteko kideak.

Beste herrietan ere zerbait egiteko beharra badela uste du Salaberrik; izan ere, kabalkada egiteko asmoa «Uztaritzek aipatzen du, Aiherrak ere, Gamartek ... eta Hiriburun pastoral bat eginen dute. Harrigarria da».

Kabalkadak jendearen parte hartzea ahalbidetzen du Seychalen hitzetan: «Izan dantzari txar edo on, edozeinek badu aukera. Herrikoia da».

Salaberrik aipatu duenez, «Bidarrain gauza anitz badira, baina euskara eta euskal kultura bihotz-bihotzean duten jarduerak gutxi dira. Pilota, rafting-a... bada, baina kirola da dena, eta kulturaren inguruan ez da fitsik».

Badira zenbait urte Otxaldetarrak elkartea sortu zenetik, baina azken urte luzeetan gauza askorik ez zela egiten aitortu dute bi kideek. Egitasmo honekin herriko kulturari bultzada eman nahi diote, eta bertan bildutako indarrez eta sortutako harremanez baliatu. «Ikusgarri hau ez zen helburu bat, abiapuntu bat baizik; orain gauza jakin batzuk finkatu behar ditugu», esan du Salaberrik. Hark dantza talde bat eratu nahiko luke, helduena: «Helduek beren artean dinamika bat sortzen badute, automatikoki haurrek segituko dute. Berriz, haurrendako egiten badugu, gurasoak haurrei begira egonen dira».

Dantza talde bat edo bestelako dinamika bat sortzea izango da hemendik aurrerako erronka. Iratzarri den gogoaren bultzada hori loaldira itzuli ez dadin lan egingo dute otxaldetarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.